Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Berdinketa, eta azken minutuan

2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Pozarren azaldu zen kazetarien aurrean Pedro Sanchez Espainiako presidentea ostiral iluntzean, Europako Batasunaren Bruselako egoitzan; haren ondoan, Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa. Besapean zuten Europako Batasuneko beste agintarien baimena Iberiar penintsulako merkatu bakarrean eta han soilik argindarraren prezioa jaisteko neurriak hartzeko. Salbuespenaren argudioa? Iberiar penintsulako argindarraren eta gasaren merkatuek ia ez dutela konexiorik EBko gainontzekoekin, eta energia berriztagarrien ekarpen handia dutela.

Garaipena saldu nahi izan zuen Sanchezek, baina agian zuzenago izango litzateke esatea berdinketa bat lortu zuela; eta azken minutuan, gainera, bederatzi orduko goi bilera baten ondoren, beste gobernuburuek ikusi zutenean Sanchezi zerbait eman beharko ziotela. Asteak baitzeramatzan Espainiako gobernuburuak presio egiten, EB osoan argindarraren prezioa kalkulatzeko erabiltzen den sistemaren erreforma bat eskatzen. Argindarra neurri handi batean gas garestiaren ondorioz garestitu denez, gasa prezioa kalkulatzeko sistematik ateratzeko ari zen borrokan Sanchez, baina ez du halakorik lortu: Alemaniak, Herbehereek eta beste herrialde batzuek uste dute orain arte sistemak bere lana egin duela; hau da, argindarra prezio onargarrian eskaini duela eta aldi berean pizgarria izan dela argindar konpainiek iturri berriztagarrietan inbertsioak egiteko. Gas garestiak hankaz gora jarri du argudio hori, baina EB oso motela da merkatuaren nagusitasuna auzitan jartzen duten neurriak hartzen; hartzen dituenean, noski.

Eztabaidak jarraitu egingo du hurrengo asteotan, Europako Batzordeak tentu handiz —gogo txarrez?— mahai gainean jarritako aukeren inguruan. Aldaketei uko egin dietenen esperantza izango zen gasa behingoz merkatuko zela eta gauzak zeuden bezala utzi ahal izango zirela, baina nekez gertatuko da hori Ukrainan misilek eztanda egiten duten bitartean, eta EB bera jada hasi den honetan Errusiako gasarekiko eta petrolioarekiko menpekotasuna arindu nahian. Izatekotan, gasa garestitu egingo da: Errusiako gasbideetatik aise heldu beharrean, lehenik likido egin, gero itsasontziz garraiatu eta azkenik berriro gas bihurtu beharko da, eta, gas hori eskuratzeko, Asiarekin lehiatu beharko du EBk.

Letra txikiaren faltan

Txaplata bat lortu dute Espainiak eta Portugalek: ezer ez baino hobea da, baina ez da luzerako konponbidea. Gehienezko prezio bat jarriko diote argindarra sortzeko erabiliko den gasari, orain duena baino merkeagoa —ehunen bat euroren inguruan, azken astean—, eta, horrela, argindar konpainiek eskaintza merkeagoak egin beharko dituzte. Baina letra txikia falta da: ez dute esan zenbatekoa izango den gehienezko prezio hori, eta ez dute argitu nola egingo duten gasa darabilten zentralen galera estaltzeko. Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak atzo zehaztu zuenez, hiruzpalau aste barru hasiko da sistema berria, aurretikEuropako Batzordeari bidali behar diotelako proposamena eta hark baiezkoa eman behar duelako. Hori bai, ministroak aldarrikatu du konpentsazioa ez dela aterako kutxa publikoetatik, baizik eta «argindar merkatutik bertatik». Nola?

Txaplata baten beharrean, energiaren munduak bi eman ditu: Espainiako Gobernuak garraiolariei emandakoa. Bi asteko lanuztea eten nahian, Madrilek gasolio litroa hogei zentimo merkatuko die hiru hilabetez, eta laguntza zuzenak emango dizkio ibilgailu bakoitzari. Gustura patronalak, baina ez, ordea, autonomoak, ez dielako arazo nagusia konpontzen: enpresa handiek kostu azpiko prezioetan azpikontratatzen dituztela. Arazo hori konpontzeko, prezioak eguneratzeko sistema automatiko bat eskatu dute garraiolariek, baina denbora beharko diela erantzun die Madrilek. Grebaren deitzaileak ez ditu asebete, eta Euskal Herrian ikusteko dago zer gertatuko den: grebarekin jarraitzea erabaki zuten atzo Tradisnan bildutako Nafarroako garraiolariek, eta gaur izango dute hitza Hirukoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.