Hannah Arendt-en aburuz—hala kontatzen du Fina Birulés-ek— hizkuntzan «pentsamendu izoztua» dago eta jatorrizko esanahiak egiaztatzeko pentsatuz desizoztu behar dugu. Zeren hitzak ongi erabiltzea ez da soilik gramatikaren afera, perspektiba historikoa izan behar da hitzekin aritzeko. Ulertzeko, pentsatzeko, kontzeptuak isolatu behar dira, trazak segi, markoak hautatu. Teorizatzeak esan nahi du «lurrundu denaren zentzua destilatzea eta berreskuratzea». Arendtek proposatzen du kontzeptu politikoen aztarnak jarraitzea kontzeptuok sortu zituzten esperientzia zehatzak ulertu arte. Zeren, «pentsamendua bera bizitzako esperientzietako gertakizunetatik jaiotzen da eta esperientzia horiei lotuta geratu behar da orientatu ahal izateko».
Lotuta geratu Beñat Irasuegi burkidea bezala, asteon zendu zaion izebarekin. 2016ko Gipuzkoan, errepideetako langileek zazpi hilabeteko greba egin duten horretan, bandera gorri erraldoi bat izan zuen aldamenean Laura Irasuegiren gorpu hilberriak. Sobietar hileta bat etorkizuneko emakume bati: Leningradeko setioan egon zelako entzun zuten Xostakovitxen Zazpigarrena, Olga Bergoltzen olerki bat irakurri zuten eta—nola ez— SESBeko ereserkia jarri —«Irribarrea eta gauzak egiteko gogoa pizten duen kanta bat» Beñat eta Ruten alabaren hitzetan—. Ez zen kasualitatez estreinatu ereserki hura 1944ko Langileen nazioarteko egunean: lan egiten hasi, baina aurrena naziak etxetik kanporatu.
Eta hala, Laurak eman digu aukera intelektualak alboan utzi ezin duen gatazka —politiko— nahitaezkoan murgiltzeko. Erlijioaren eta filosofiaren arteko gatazkan. Hiletan eta Laura izan zenaren memoria ariketetan. Birak emateari uzten ez dion ziba hori bezala, Laura Pasaiako portuan, Habana itsasontzian, unibertsitatean, Espainiako epaitegietan sinatzen, CIAkoen galdeketetan. Eta orain, desizozten, Laura ezagutzeko aukera izan ez genuenon memorian ere bai. Gure eguneroko miserien gainetik, transzendentzia baten heroia.
LARREPETIT
Mila esker, Laura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu