Joan da uda, sartuak gara eguneroko gurpilean eta hor gaude egutegian kokatzen asmatzen ez dudan goiz batean, praka luzeak janzteko adinik gabe artean, bere tresabian batbedera, dendariaren semea eta obreroarena, albaitariarena eta kamioizalearena, fundizioko gerentearena, guardia zibilarena eta baserritarrarena. Alabarik gabeko gela bat. Mundura pizten ari gara eta «bizitzarako armak hartzeko» gaituzte eskolan.
Mehetzen doa kalendarioa horman, nekezago epeltzen du eguzkiak. Abestu diogu Aberriari, egin diogu otoitz Jainkoaren Amari akorduan ez daukadan bateren baten alde, eta hor hasi zaizkigu deitzen, izen eta bi abizen, denon aurrean agertzeko. Higiene errebisioa. Oinetakoak, tximak, ukondo xaretuak. Musua, azkazalak. Arakatzaileak ez du errukirik. Beste izen bat ebaki du nirearen ondoren, hor atera da deitua. Kendu betaurrekoak! Belarrizuloak, belaunburuak, eskuak. Ukabilean bilduta ditu lagunak. Erakusteko hagindu dio. Hegoak zabaldu ezinik dabilen txolarrea dirudite haren eskuek. Zer da hori, ez dituzu garbitu! Bai, baina ez da joaten! Ilunak ditu hatz muturrak lagunak. Txerri halakoa! Narras hori! Eta zumeka altzatu du mutilaren gainean. Hanka-zainetan jo du, ipurmasailetan, iztarrak babesteko jartzen dituen eskuetan, ez zartaz garbitzeko baina zikina. Ez da joaten! dio orroka, sokolina da! dio behin eta berriz herio batean, «¡esto es sokolin!».
Harrezkero dakidala uste dut nola deitzen den gurean intxaurra estaltzen duen oskol berdea eta honek biltzailearen azalean uzten duen orbana, lejiaz gogoz marruskatuagatik denborak baino garbitzen ez duena. Bistan da, ez zen izan sokaranarena goiz hartan ikasi genuen gauza bakarra. Horretarako da eskola. Susmoa dut, orduan ere, batzuek bakarrik ikasi genuela zerbait «bizitzarako armatze» hartan. Besteak irakasteko baino ez zeuden. Eta halaxe egiten zuten, baita nahi ez zutenean ere.
LARREPETIT
Bizitzarako armatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu