Petronorrek langileen herenak jarri ditu aldi baterako erregulazioan

Muskizko findegiari eragingo dio, eta, hasiera batean, urte amaierara arteko neurria izango da

Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Petronorrek aldi baterako erregulazioan sartuko du Muskizeko (Bizkaia) findegiko hiru langiletik bat. Pandemiaren eraginez, erregaien ekoizpena jaitsi behar izan du, eta horri erantzunez hartuko du neurria. Muskizen 900 langile inguru daude, eta orain hasi behar dute langile batzordearekin negoziatzen nola aplikatu neurri hori. Hasiera batean, abenduaren 31ra arte iragarri dute, baina merkatuaren gorabeheren mende egongo da iraupena.

Azken hilabeteetan zurrumurru zena atzo baieztatu zuen Petronorrek. Pandemiaren eraginez, hidrokarburoen kontsumoa asko murriztu da Europan, eta merkatuaren inertziak eragina izan du findegiko lantaldean. Petronorrek ohar bidez azaldu duenez, azken 271 egunetan bere ekoizpen ahalmenaren %60 aritu da lanean pandemiaren ondorioz. Enpresak tarte horretan lantalde osoaren jardunari eutsi dio, formakuntza ikastaro eta antzekoak antolatuz, baina, zuzendaritzaren aburuz, egoera hori ez da «jasangarria epe luzerako».

Enpresaren datuak badu azalpena: konfinamendua hasi zenetik, bigarren findegia geldirik dauka. Maiatzean gelditu zuen, eta sei hilabetez findegi bakarrarekin jardun zuen. Bigarren findegiak erregaiaren %40 sortzen du, 88.000 tona inguru. Azaroan baikortasun zantzu txikiak ikusi zituen zuzendaritzak, eta berriz ere martxan jarri zuen biltegi txikia. Ustea, baina, ustela izan zen, hilabeteko kontua izan zelako. Epe laburreko aurreikuspen baikorrak ez ziren bete, eta berriz gelditu zuten. Zuzendaritzak orduan emaniko azalpena argigarria izan zen: «Ez du merezi erregaia ekoizten jarraitzea, gordetzeko bakarrik baldin bada».

Gauzak hala, findegiko 350 langileri eragingo die aldi baterako erregulazioak. Horiei azpikontrataturiko zerbitzu eta antzekoetako langileak gehitu behar zaizkie —mantentze arloko langile asko azpikontratuak dira—. Enpresak berak emandako datuen arabera, beste 6.200 lanpostu sortzen ditu zeharka. Langile batzordeko kideak aurki hasiko dira enpresarekin negoziatzen. Hainbat gako izango dituzte mahai gainean, eta kasu hauetan ohikoa denez, iraupena izango da lehen aldagaia. Petronorrek urte bukaerako data jarriko du mahai gainean, baina hura ere gutxi gorabeherakoa da: «Egungo egoeran ezin da aurreikusi findegia noiz itzuliko den ohiko ekoizpen kopuruetara». Zentzu horretan, txertoen hedapenak izan dezakeen eraginean du itxaropena.

Erregai kontsumoak, izan ere, asko egin du behera pandemiaren eraginez. Findegiak bi erreferentziazko merkatu ditu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batetik, eta Espainia bestetik, eta bietan antzekoa izan da jaitsiera. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ibilgailuentzako erregai kontsumoa %18,8 jaitsi zen iaz. Espainian, aldiz, %18ko beherakada izan zuen. Aurtengo lehen datuak ere ez dira onak sektorearentzat. Iazko datuekin alderatuta, pandemia hasi aurretik, aurtengo urtarrilean %19 jaitsi da salmenta Espainian. Petronorrek hegazkinentzako erregaia ere ekoizten du, eta haren kontsumoa %65 murriztu zen iaz mundu mailan.

Langile batzordeak negoziatu beharreko beste aldagai bat da erregularizazioaren aplikazioa. Tarte osoan langile berdinei aplikatzen zaien edo ziklikoki aldatuz doazen erabaki beharko dute bi aldeek, edota jardunaldi osokoa izan beharrean langile guztien lanaldiaren tarte bati eragiten dion. Enpresak ez du halako zehaztasunik eman bere oharrean, baina, egoera ikusita «erantzukizunez» jokatu duela zehaztu du, sindikatuei mezu bat bidaliz.

Hidrogenoa salbu

Petronorren ustez erregai kontsumoaren beherakada «behin- behinekoa da», baina uste baino gehiago luzatzen ari da, eta egoera horri «trantsizio energetikoak eragindako ziurgabetasuna» gehitu behar zaio. Trantsizio horren barruan «inbertsio handiak» egin beharko dituela iragarri du, baina Petronorrek lanean jarraituko du «karbonorik gabeko energia industria baten etorkizunerako bidean». Alegia, findegiaren inguruko neurri ekonomikoek ez dutela eraginik izango hidrogenoarekin harremana duten egitasmoengan. Egun, elektrolizagailuen ekoizpenean eta hidrogenoaren euskal korridorearen sorreran murgilduta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.