Gas kutsagarriez hitz egitean burura etortzen diren lehen irudiak lantegietako tximiniak eta autoen ihes-hodiak dira. Leku guztietan? Ez. Bada, Europan herrialde bat gas kutsagarriak murrizteaz mintzatzen direnean beste ihes-hodi batzuei buruz ari direna: behien uzkiei buruz.
Itxura bukolikoa ematen dute Irlanda erdialdeko belardi amaigabeek, eta horietan lasai-lasai bazkatzen diren behiek. Baina horren atzean zerbait ezkutatzen da: lehen sektorea da Irlandako gas kutsagarrien isurle nagusia —%38, 2021ean—, eta iaz %1,2 jaitsi arren, isuriak %12 ugaritu dira azken hamar urteetan. Aldaketarik izan ezean, zaila izango du gobernuak 2030erako bere helburua betetzea, hau da, nekazaritzaren isuriak laurden bat gutxitzea. EBko kideen artean, Luxenburgok soilik isurtzen du gas gehiago per capita Irlandak baino.
Bi dira, Irlandan, orain arreta handia erakartzen ari diren gasak: behien puzkerrek isuritako metanoa, eta behien gorotzaren nitrogenoa. Azken horrek —eta belardietan erabiltzen diren beste ongarrienak— kutsatuak ditu uharteko ibai, laku, itsasadar eta lurrazpiko putzuen erdiak, eta neurriak hartzeko garaia iritsi dela esan dio Bruselak Dublini. Badu horretarako tresna bat, 1991ko nitratoen zuzentaraua. Haren arabera, hektareako 170 kilo nitrogeno isur daitezke belardietan. Irlandak, ordea, 250 kiloko muga du, haren abelburuak praktikoki belarrez soilik elikatzen direlako. Baina salbuespen horrek baldintza bat zuen: 2024 hasterako hobetu behar zuen uren kalitateak. Ez denez hobetu, Bruselak kito esan du: urtarriletik aurrera 220 kiloko muga izango du.
Eta nola gutxitu daitezke nitrogeno isuriak? Sistema bat da nitrogenoa hobeto xurgatzen duen belarra haztea eta isuriak gutxitzen dituzten aditiboak erabiltzea. Baina modurik bizkorrena behiak kentzea da, metano isuriak ere txikitzen dituelako. Kopuru bat ere jarri du gobernuak mahai gainean: hiru urtean 200.000 behi kendu nahi ditu.
Eremuz Euskal Herria halako lau den uharte batean, zazpi milioi gizaki eta beste hainbat behi bizi dira; Euskal Herrian, berriz, behi bat dago hamar biztanleko. Haragitako behien eta txekorren kopurua jaitsi egin da, ez direlako hain errentagarriak, baina 2015ean EBk esne kuotak kendu zituenetik, %38 ugaldu dira esnetarako behiak, eta %60 esne ekoizpena. Haiei begira ari dira orain, haien gorotzak eta mindak nitrogeno gehiago duelako haragitarako behienak baino.
Nekazarien eta abeltzainen elkarteak, noski, ez daude pozik. AEBetako multinazional handien Europako egoitzak bihurtu dira Irlandako ekonomiaren ikurra, baina nekazaritzak pisu handia du herrialdearen iruditerian, nekazariak izan direlako irlandar gehienak duela ez askora arte, eta hirietatik ateratzen denak behiak eta nekazarien traktoreak non nahi ikusiko dituelako. Baina balio sinbolikoa emateaz gain, nekazaritzak ekarpen esanguratsua egiten dio ekonomiari. 135.000 etxalde daude Irlandan, eta 170.000 langile aritzen dira lehen sektorean eta elikagaien eraldaketan. Nekazaritza produktuak dira esportazioen ia %10; esnearenak eta esnekienak 6.800 milioi euro ekarri zituen iaz. Esnegintzan 18.000 ekoizle ari dira, eta industriako langileak barne, 54.000 langile enplegatzen ditu sektoreak.
Zenbaki horiekin, eta, hauteskundeetarako urte eta erdi falta dela ikusita, Leo Varadkar lehen ministroa azken ahalegin bat egiten ari da Bruselarekin, abeltzainen esanetan, «errendizio lotsagarri bat» izango litzatekeena saihesteko.
GEURE KONTU
Irlanda berdea, simaurrez gainezka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu