Irune Lasa.
GEURE KONTU

'Brexit'-a eta betiko argudio sakratua

2020ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Ba al da estatu baten lurralde osotasuna eta burujabetza baino ezer sakratuagorik? Behintzat edozein eztabaida edo negoziazio irabazteko-hausteko-birrintzeko karta erabakigarria izaten da. Eta, dirudienez, balio du brexit-erako ere.

«Esan behar dut ez genuela sekula pentsatu EB gai izango izango zenik fede onez negoziatutako itun bat erabiltzeko Erresuma Batuko zati bat blokeatzeko edo egiaz gure lurraldearen eta ekonomiaren osotasuna suntsitzea mehatxatzeko». Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere erabili du, beste behin, argudio sakratua.

Abendu bukaeran amaituko da brexit-erako trantsizio epea, eta ez dago argi hortik aurrera zein izango den Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko harremana: merkataritza akordio berri baten araberakoa izango den, edo ez.

Erlojuaren kontra negoziatzen jarraitzen dute aldeek, baina aste honetan asko gaiztotu dira elkarrizketak. Funtsezko eztabaida estatu laguntzena da. Londresek lagundutako enpresen ondasun eta zerbitzuen esportazioek merkatu bakarrean ekar dezaketen lehia desleialarekin zinezko kezka daukate Batasunean. Bruselak uste du britainiarren estatu laguntzek «bidezkoak» izan behar dutela Batasuneko estatu laguntzei buruzko arauekin.

Johnsonek, ordea, ez du halakorik entzun nahi. «Zertarako merkataritza librerako akordio bat, horrekin lehiarako, subsidioetarako, babes sozialerako, ingurumenerako EBren arauak bete behar badira, eta haiek gureak ez?», galdetu zuen otsailean.

Baina, Johnsonentzat Erresuma Batuaren batasuna eta burujabetza sakratua bada, merkatu bakarra ez da gutxiago Bruselakoentzat —are gehiago, Batasunaren lorpen handi bakanetakoa izanda—. Horregatik saiatu zen Brusela gaia oso lotuta uzten Irteera Akordioko Ipar Irlandarako protokoloan, zeinak Ipar Irlandaren eta Irlandaren arteko muga zurruna eragoztea zuen xede, Ostiral Santuko Bake Akordioari eutsiz.

Erresuma Batuak, 2019an akordio hori sinatzerakoan, onartu zuen Ipar Irlanda EBren arauen pean egotea estatu laguntzen eta ondasunen merkataritzari dagozkien gai guztietan. Hots, Ipar Irlandako konpainia bat, edo han jarduten den konpainia britainiar bat laguntzerakoan —adibidez, zergak jaitsita—, Erresuma Batua behartuta dago aintzat EBko arauak hartzera. Horren bidez, Bruselak merkatu bakarrean zulo bat zabaltzeko arriskua saihetsi nahi zuen. Obligazio horiek dira, hain zuzen, gainetik kendu nahi dituenak Johnsonek bere jokaldi berriarekin, barne merkatua arautzeko abian jarri duen lege proiektuarekin. Londresen esanetan, legearen puntu horiek soilik ezarriko lirateke ez balitz merkataritza akordio bat egongo Erresuma Batuaren eta EBren artean, behin trantsizio epea amaituta. Alegia, brexit gogor baten kasuan.

Indarrean ala ez, legeak onartzen den momentuan bertan urratuko du Irteera Akordioa, eta, beraz, nazioarteko zuzenbidea hautsi. Erresuma Batuak berak ere aitortu du hori: hautsiko dugu, baina gutxi esaterakoan. Eta bere burua justifikatzeko, Johnsonek argudio gorena erabili du, Erresuma Batuko ekonomiaren eta lurraldearen osotasuna.

Batek pentsatuko luke, baina Johnsonek ez al zekien hori bere gobernuak Irteera Akordioa eta Ipar Irlandarako Protokoloa onartu zuenean? Erantzuna da baietz, bazekiela. «Behartuta» onartu zuela dio. Eta ezin zaiola herrialdea zatitzeko boterea aitortu inongo erakunderi. Argudio sakratua.

Europako Batasuna, nola ez, haserretu egin da, gogor eman dio Johnsoni, eta ultimatuma jarri du mahai gainean; lege berria erretiratu behar du iraila amaitu baino lehen. Johnsonek, oraingoz, ezetz esan du. Aditu batzuen arabera, lehen ministroa ohiko jokamoldeari eusten ari zaio: harroxko agertu, gero erdi ezkutuan amore eman, eta hala ere irabazle agertu.

Egia da, harreman berrirako Erresuma Batua-EB negoziazioak ez direla hautsi. Akordio bat da brexit gogorra eragozteko modu bakarra, baina Londresek dio, dena den, akordiorik gabe ere aurrera egingo duela herrialdeak. Hori bai, britainiarrentzat (ere) oso kaltegarria izan daitekeen brexit gogor bete-batean, zer egingo luke Eskoziak? Lurralde osotasunaren karta sakratuak orduan ere balioko lioke Johnsoni?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.