Autobusak, galtokian

Irailarekin batera, autobus konpainien ohiko jarduna hasi da, baina kinka larrian daude asko. Sei hilabete egin dituzte ia diru sarrerarik gabe, eta aurki behintzat ez da espero aisiarekin loturiko lanik. Gastu finkoak oso handiak dira, eta laguntza eskatu dute.

Protesta. Autobus konpainiek ekainean antolatu zuten manifestazioetako batean parte hartu zuen ibilgailuetako bat. JON URBE /FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Martxoaz geroztik ez du jo telefonoak». Idoia Cuadrak esaldi bakarra nahikoa izan du Euskal Herriko autobus konpainia askok bizi duten egoera irudikatzeko. Hark ondo ezagutzen du sektorea, urteak baitaramatza bere abizena daraman autobus konpainiak Gasteizen duen bulegoan. «Enpresa askok sei hilabete daramatzate faktura bakar bat egin gabe. Txikiak batez ere, linea erregularrik ez dutenak, gorriak ikusten ari dira. Laguntzarik ezean, eta hurrengo udaberria berdina bada, askok itxi egingo dute, ezingo dute jasan». Esan du, dena den, bere etxean eutsiko diotela. 200 autobus eta 270 langileko enpresa handia da harena, merkatua dibertsifikatu duena: linea irregular batzuk, bidaia luzeak… Eta hori oinarri sendoa da.

Irailarekin batera hasten da autobusen sasoia. Eskoletako eta ikaslekuetako joan-etorria da jardunaren bizkarrezurra. Normaltasunera itzultzeko garaia beharko luke, baina ezta hori ere. «Eskolekin bakarrik hasi gara. Martxa eskasa da, zerbitzu asko murriztu direlako: familietan eta enpresetan diru gutxiago dago, eta garraio zerbitzua kendu dute. Lantaldearen bi herenak ditugu lanean», azaldu du Ana Isabel Aizpuruak, Aizpurua konpainiako arduradunak. 30 autobus eta 27 langile ditu enpresak, Usurbilen (Gipuzkoa) ditu bulegoak. Haren hitzak Izaskun Soduperenak izan zitezkeen; hark Olabarria autobusetan (Elorrio, Bizkaia) egiten du lan, zortzi ibilgailu eta hamar pertsonako konpainian. «Zerbitzu diskrezionalak falta dira, aisiarekin zerikusia dutenak, eta horiek beharrezkoak dira galerak saihesteko: kirol irteerak, txangoak, sagardotegiak… Asteburuak ez dira existitzen».

Drama itxialdiarekin hasi zen, eskolak itxi eta kontratuak bertan behera gelditu zirenean. Pertsonen garraioa kolpetik eten zen. Udan burua pixka bat altxatzea espero zuten, baina ez da hala izan. Azalpena Aizpuruarena da: «Gure lana jende multzoak mugitzea da, eta, gobernuek COVID-19arengatik ezarritako neurriekin, lan egitea ezinezkoa izan da: konfinamendua, atzerritarren sarreren murrizketa, kirol jarduerak debekatuta, jatetxe eta lagun taldeen mugimendua arautua… Dena zapuztu dute. Derrigor geldiarazi gaituzte». Ipar Euskal Herrian turismo datuak Hegoaldean baino dezente hobeak izan dira, baina Rene Etxemendik ere hilabete lasaiak izan ditu. «Uda ez da gure garairik onena, baina ez dugu biziki lanik ukan. Gure arazoa udaberria izan zen, garai onena behar zuena. Konfinamenduaren ondoren, kirol irteerak bertan behera gelditu ziren, eta erretiroa harturikoek ez dute irten nahi. Beldur dira».

Donibane Garazin du bulegoa Etxegarai autobus konpainiak, Hemezortzi ibilgailu eta hamabost langile ditu. Bere ahalaren %80an hasi du sasoia, eskolez gain Ipar Euskal herrian kirol jarduerak normal hasi direlako. Urteko kontuetan, baina, kolpea handiagoa izango da: «Ez dugu biziki galerarik izango linea irregular bat gehiago lortu dugulako, eta harekin estaliko ditugu. Oro har iaz baino %25 gutxiago fakturatuko dugu aurten». Urteko kontuei begiratzea beldur ematen die gehienei. «Galera galanta» laburbildu du Aizpuruak. Sodupek xehetasun gehiago eman ditu: «Udaberrian, gure sasoirik onenean, geldirik egon ginen, ezinbestean, eta abuztuan ia ez dugu lanik egin. Beraz, pentsa».

Autobusa: 300.000 euro

Cuadrak ere xehetasunak eman ditu: «Gure autobusek, lineen arabera, 100.000 kilometro egiten dituzte urtero, eta aurten 60.000tan ibiliko dira. Autobusa geldirik dagoenean dirua galtzen duzu, eta irabazi tarteak txikiak dira. Logroñora dugun linean 100.000 bidaiaritik 40.000ra pasatu gara; jauzi handia da». Linea erregularrak babesa dira, erakunde publikoek galerak babesten dituztelako, baina konpainiak kexu dira linea horietako askoren lehiaketa publikorik ez delako egin aspaldian. «Urte gogorra izango da; finantzaketa gutxi duten enpresek sufrituko dute».

Finantzaketa aipatu du Cuadrak, gako handietako bat delako. Izan ere, aldi baterako erregulazioak eta antzeko neurriak hartuta ere, konpainiek gastu finko oso altuak dituzte, eta oinarrien autobusen prezioa dago: 300.000 euro gehi BEZa. Gastuen zerrenda egin du: «Inbertsio handiak egiten ditugu. Autobus gehienak finantzatu egiten dira; 3.000-4.000 euroko letrak dira, eta etengabeko inbertsioa behar da flota berritzeko. Autobusa bost-sei urtean amortizatu behar duzu, eta hamasei urtetik aurrera ezin dute eskola lanik egin. Gero, aseguruak daude, mantenua... Geldirik egonda ere, aurre egin behar diezu, eta, hori gutxi balitz, ibilgailuaren balioa jaitsi egiten da denbora pasatzen delako».

Hego Euskal Herrian 205 autobus konpainia daude, eta 3.000 pertsonari ematen diote lan, baina jardunaren gizarte inpaktua harago doa. Sektorea historikoki,«oso egonkorra» izan dela diote guztiek, eta, krisiak ezagutu arren, halakorik ez dela egon, lan egiteko segmentu guztiak ukitu dituelako. Konpainia asko argi gorria pizteko zorian daude, eta eskaera argiak dituzte, eremu pribatuan zein publikoan: «Autobus bat erostean, gu gara bermea», azaldu du Sodupek, «gure lana, gure etxea… Hori dago jokoan. Sektorean egon ziren laguntzak, kredituak-eta, baina horiek ere ordaindu egin behar dira. Sei hilabeteko moratoria dago, baina gero iritsi egiten da; hor behar dugu laguntza».

Eremu publikoari eskatu beharreko laguntzak garbi dituzte. Aizpurua: «Gobernuek alarma egoera deklaratzean eragindako kaltea kalkulatu eta ordaindu beharko lukete. Guretzat dena da obligazioa: Gizarte Segurantza, zirkulazio zerga… eta tamaina handiko ezbehar bat gertatu denean; haiek, zipitzik ez. Bankuak baldintzak malgutzera behartu beharko lituzkete, eta aseguru etxeak polizak geldiaraztera. Denak normal jarraitzen du, ezer pasatu izan ez balitz bezala».

Cuadra, bestalde, zehatza izan da berriz: «Legeak dio kontratu publiko bat bertan behar geldituz gero, enpresei kalte-ordaina eman behar zaiela. Eskola garraioa horrelakoa da, eta bertan behera gelditu zenetik ez dugu ezer jaso oraindik. Eztabaidan gabiltza horrekin. Diru hori bizkor jasotzearen truke, likidezia izateko, gutxiago jasotzeko prest agertu ginen, eta ezta horrela ere! Jaurlaritza ez da sentikorra izan. Abenduan kobratzea agian beranduegi izango da batzuentzat».

Bidaiatzea segurua da

Aurrera begira jarrita, ez diote eperik jarri nahi normaltasunaren itzulerari. Alde horretatik, Etxemendi da baikorrena: «hurrengo urteko martxoan lehen bezala edo antzera lan egitea espero dut. Oraingoz, eskolak-eta beldur dira egonaldiak egiteko. Hala ez bada, kostatuko zaigu aurrekontua betetzea». Hegoaldekoak zuhurragoak dira, «betiere beste itxialdirik ez badago», diote.

Hori bai, lauek aldarri bat egiten dute: «Autobusera igotzea segurua da». Hidrogelak, eguneroko desinfekzioak, maska beharrezkoa izatea baita Ipar Euskal Herrian ere—... Eta, Cuadraren hitzetan, teknologia: «Aireztatze sistema hegazkinen bera da, aldaketa bakarrarekin: guk ez dugu airea berotu behar. Etengabe berritu eta garbitzen da. Ez dago leihorik; zergatik? Beharrezkoak ez direlako». Sodupek jarri dio azken puntua azalpenari: «Jendea taberna batzuetan edo kalean nola dabilen ikusita, neurriak errespetatuz gero, autobusak toki oso seguruak direla garbi dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.