Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Baina adiskideak izan gaitezke

2020ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Hiru urte eta erdi amaigaberen ondoren, datorren astean dator azkenean brexit-a. Urtarrilaren 31n, Erresuma Batua ofizialki aterako da Europako Batasunetik. 46 urteko ezkontzaren ondoren, dibortzioa iritsiko da.

Irakurle askok esperientzia propioagatik jakingo dutenez, dibortzio gehienek gutxi dute errazetik. Are gehiago, oso mingarriak izan daitezke, maitale izandakoak etsai bihurtzeraino. Horrelakoa izango al da Londresen eta Bruselaren artekoa? Dibortziatuak ongi konponduko dira, ala elkarri hitzik egiten ez dieten horietakoak izango dira?

Erresuma Batuak Ipar Korea izateko bokaziorik ez duenez, ezinezkoa da harremanak guztiz haustea. «Baina adiskideak izan gaitezke» esamoldea tipikoa bezain hutsala izan daiteke, azken asteetan Londresko gobernuko kideek esandakoek entzunda. Izan ere, badirudi Boris Johnsonek jada hautatu duela zer-nolako harremana nahi duten etorkizunean EBrekin. Eta ez da izango tartean behin garagardo bat hartzeko geratzen diren dibortziatuen artekoa, baizik eta igogailuan kortesiazko hitzak trukatzen dituztenena.

Hori uler daiteke Sajid Javid Erresuma Batuko Ekonomia ministroak Financial Times egunkariari emandako elkarrizketa irakurrita. «Ez ditugu gure egingo EBren arauak; ez gara merkatu bakarrean izango, ezta aduana batasunean ere».

Planteamendu horrek hotzikarak eragin ditu Erresuma Batuko industrian. Enpresaburu askok ez ezik, sindikatuek ere ohartarazi dute hondamendia izan litekeela Erresuma Batuari geratzen zaizkion industria indartsu apurrentzat —autogintza, aeronautika, elikagai industria...—. Izan ere, merkatu bakarra eta aduana batasuna baztertuta, derrigorrezkoa izango da muga fisikoa jartzea EBren eta Erresuma Batuaren artean —ikusteko dago zer gertatuko den Irlanda iparraldearekin—. Baina muga horiek pisutsuagoak izango dira ekoizpen arauetan desberdintasun handiak badira, aduanetako langileek egiaztatu beharko dutelako produktu guztiek exijitutako baldintzak betetzen dituztela. Akabo, beraz, ekoizpen kate amankomunak.

Gainera, kontua ez da bakarrik izango Erresuma Batuko produktu batek zer arau bete beharko dituen EBn saltzeko, baizik eta hura sortzeko kostuak ere kontuan hartu beharko direla. Horien artean daude ingurumen arauak, langileen baldintzei buruzkoak, zergak eta laguntza publikoak. Gauza bat oso garbi baitauka Michel Barnier EBko negoziatzaileak: Londres EBren arauak betetzetik gero eta urrutiago badago, gero eta sarbide txikiagoa izango du merkatu bakarrera. Zergatik? Abantailak eman diezazkiokeelako enpresa britainiarrei, esaterako, higiene eta segurtasun baldintza arinagoak bete behar izateak edo langileen babeserako neurri txikiagoak jartzeak. Hortaz, Johnsonen gobernuan norbaitek merkatu libre eta arautu gabeen paradisu bat jarri nahi badu —Singapore on Thames—, Bruselak ez dizkio gauzak erraz jarriko.

Hamaika hilabete tratu baterako

Bada beste faktore bat harremana arina izan daitekeela pentsarazteko: denbora. Johnsonek ez du aukerarik galdu esateko otsailaren 1ean irekiko den trantsiziozko epea abenduaren 31n bukatuko dela bai ala bai. Azken urteetan estatukide guztien izenean merkataritza itunak negoziatu izanak ematen dion esperientziak Bruselari sinetsarazi diote 11 hilabetean merkataritza itun sinple bat baizik ezin dela sinatu.

Badira, gainera, erabaki behar diren beste gai arantzatsu batzuk: segurtasun kontuak, abiazioa, diru zuriketa, finantza zerbitzuak, eta, guztien gainetik, arrantza. Azken horren garrantzi ekonomikoa kostaldeko eremu batzuetara mugatzen da —tartean Euskal Herrira—, baina gaia oso emozionala da bi aldeetan; brexit-aren zale sutsuenentzat, uren gaineko kontrola beren esku izatea berreskuratutako independentziaren ikur bat da, nahiz eta han arrantzatutako gehienak EBren merkatura doazen; EBrentzat, berriz, funtsezkoa da bere arrantzaleek britainiarren uretan arrantzatzea, inguruko emankorrenak direlako. Arrantzaren gaia negoziazioen hasieran konpondu nahi du Bruselak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.