Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Putinen hutsunea ez da bakarra

2023ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Vladimir Putinen hutsuneak beteko ditu lerroburuak datorren hilaren 22an, BRICS taldeko buruek goi bilera hasten dutenean, Durbanen (Hegoafrika). Cyril Ramaphosa Hegoafrikako presidentearen eskuineko eskuak Putin gonbidatu zuen, baina ezkerrekoak ohartarazi zion Durbanen lurra hartuz gero atxilotu beharko zuela. Nazioarteko Justizia Auzitegiko kide da Hegoafrika, eta, hortaz, behartuta dago auzitegi horrek gerra krimenaz akusatzen duen edonor atxilotzeko. Ondorioz, Putin modu telematikoan baizik ez da bilduko Ramaphosarekin, Xi Jinpingekin (Txina), Luiz Inacio da Silva Lula-rekin (Brasil), eta Narendra Modirekin (India).

Mahai gainean, BRICS taldea zabaltzeko proposamena izango dute bost agintariek, lehenengoa 2010ean BRIC originalek Hegoafrika kide izatera gonbidatu zutenetik. 22 herrialdek jo dute taldearen atea ofizialki, eta beste hogeik esan dute kide izan nahi dutela. Onartzen badituzte, izen berria asmatu beharko diote taldeari, zopa letra ahoskaezin bat osatu nahi ez badute.

Denetatik dago haien artean, ezaugarri bakarra baitute: ez dira Mendebalde izena jasotzen duen AEBen eta haien aliatu estuenen multzokoak, eta, ulertzekoa denez, zeresan handiagoa nahi dute nazioarteko arau ekonomiko eta politikoak finkatzean. Hortik aurrera, elkarren lehiakide diren herrialdeak daude (Iran eta Saudi Arabia), AEBen aliatuak eta etsaiak (Egipto eta Kuba), herrialde oso handiak eta oso txikiak (Kazakhstan eta Bahrain, Argentina eta Nikaragua..).

Baina, funtsean, hori da BRICS taldearen ezaugarria ere: Mendebaldeko talde esklusibo horretako kide ez izatea, eta tartean behin erretorika hanpatuarekin salatzea haren nagusikeriak eta hipokrisiak, merezitakoak neurri handi batean. Hortik aurrera, ezer gutxi eman du BRICS taldeak. Garapen Berrirako Banku bat sortu zuten 2015ean, baina hark emandako maileguak ez dira 30.000 milioira iristen. Txinak bakarrik bilioi bat euroren kredituak eman ditu azken urteetan, eta Munduko Bankuak ia 100.000 2022an soilik. Taldearen beste xedeetako bat, diru propio bat sortzea haien merkataritza harremanetarako, hastapenetan dago, eta ez dago argi inoiz jaioko ote den.

Txinaren eta Indiaren arteko lehia

Barne desadostasunek eta bilakaera desberdinek trabatzen dute BRICSen jarduna. Taldea sortu zenetik haien pisua asko handitu da; gaur egun munduko biztanleen %42 biltzen dute, barne produktu gordinaren %23 eta merkataritzaren %18. Baina hazkunde hori oso desberdina izan da batetik bestera. Hegoafrikak zailtasun ekonomiko handiak ditu, eta Errusiaren eta Brasilen ekonomiek lehengaien prezioen menpe jarraitzen dute: gora batzuetan eta behera besteetan.

India eta, batez ere, Txina dira beren izaera aldatzen ari direnak. Txina potentzia ekonomiko bat da, bere burua abiada bizian industrializatu du, ehunka milioi biztanle pobreziatik atera ditu, eta, gero eta gehiago, teknologia kontuetan ere parez pare begiratzen dio Mendebaldeari. India ere eraldaketa batean ari da, baina nekez esan dezakete hori Errusiak, Brasilek, eta Hegoafrikak.

Baina zer gertatzen da? Politikoki oso urruti daudela New Delhi eta Pekin. Ez dute konpontzen Himalaia aldeko mugari buruz dituzten desadostasunak, eta tartean eskuetara ere ailegatzen dira.

Baina horren gainetik, lehia geopolitiko bat dago. India munduko herrialderik jendetsuena bilakatu da aurten, eta uste du horrek puntuak ematen dizkiola potentzia independente bat izateko. Ez du, hortaz, Txinaren orbitan ibiltzeko inolako interesik. Are gutxiago, ikusita Txina militarki indarra hartzen ari dela, AEBekin, Australiarekin eta Japoniarekin aliantza militar bat egin du. Hain da handia bien arteko arrakala, abuztu hasierara arte ez baitzen baieztatu Modi Durbanen izango zela.

Kide berrien sarrerak BRICSen barneko oreka zail hori hankaz gora jar dezake, eta, horretan, indartsuenak du irabazteko, Txinak; batez ere, sartzen diren herrialde berriak hari zorraren zamaren bitartez lotuta badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.