Korrika gosea asetzeko

Herrika egitasmoa egingo dute bihar Zuberoan eta Nafarroa Beherean: euskararen alde lasterka arituko dira, eta bildutako dirua AEKri emanen diote. Gazte euskaltzale batzuek antolatu dute.

Gazte bat lekukoarekin, 21. Korrikan, Bokalen. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Aste hasieran hasi zen mezua zabaltzen: «Aurten Korrikarik ez? Ez kexa, ekainaren 13an Herrika heldu da. Ozazetik Ortzaizera zuk ere euskara sostengatu». Euskararen alde lasterka arituko dira bihar Ozaze (Zuberoa) eta Ortzaize (Nafarroa Behera) artean eginen duten Herrika egitasmoan. Bi lurraldeetako gazte euskaltzale batzuek antolatu dute, Korrika bertan behera gelditu izanak utzitako hutsuneari erantzuteko. AEK-k bi urterik behin egin ohi duen lasterketaren elementu guziak izanen ditu: herriz herri korrika arituko dira elkarri lekukoa emanez, eta, bukaeran, ekitaldi kulturala eginen dute, Ortzaizen. Bertan, lekukoan eramandako mezua irakurriko dute zenbait pertsona ezagunek. Egitasmoaren bidez lortutako irabazi guziak AEKri emanen dizkiote.

Aurtengo udaberrian egitekoa zuten 22. Korrika, baina, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoeraren ondorioz, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Horren ordez, Euskal Herriko plazetan ekitaldiak egin zituen AEK-k martxoaren 28an.

Baina horrek ez du ase Ipar Euskal Herriko zenbait gazte euskaltzaleren gosea. «Pentsatu genuen zerbait egin behar zela AEK laguntzeko eta euskara sustatzeko. Besta bat, txapelketa bat... Azkenean, Korrika atxikitzea erabaki dugu. Krisi sanitarioaren gainetik, egin behar zela uste dugu», esplikatu du Iñaki Oillarburuk. Irisarriko (Nafarroa Behera) gaztearekin batera, Baigorri, Ortzaize, Suhuskune (Nafarroa Behera) Altzürükü, Ozaze eta Idauze Mendiko (Zuberoa) gazte batzuk elkartu dira, besteak beste. «Ikastoletako ikasleak gara gehienak; denak ez gara euskaldunak, baina denek badugu euskararekiko atxikimendu hori, eta txikitatik ohitura hori badugu Korrikan parte hartzekoa. Sinbolikoki biziki polita da herriz herri euskararen alde lasterka aritzea», azaldu du.

Horrela sortu zen Herrika egiteko ideia. Korrika iragan beharra zen egun beretan egiteko asmoa zuten hasieran, baina aste bat lehenago osasun neurriak gogortu zituen Frantziako Gobernuak, eta hamar kilometroko perimetrotik harago mugitzea debekatu zuen; beraz, egitasmoa gibelatzea erabaki zuten. Orduan Lapurdin ere egitekoa zuten, Hendaiatik Hazparnera, baina, azkenean, lapurtarrak ez dira animatu asteburu honetan lasterkaldia egitera.

Oillarburuk zehaztu du ez dutela baimen ofizialik eskatu, eta, horregatik, osasun neurriak arintzea itxaron dutela Herrika egin ahal izateko. AEK-k antolatzen duen Korrikaren elementu gehienak izanen ditu, baina, kilometroak saltzea «konplikatuegia» zenez, tixertak salduko dituzte, Korrikako bizkarrekoak bezala. Aurresalmenta bat antolatu dute zenbait ikastolatan, eta, bihar bertan, auto batean ibiliko dira lasterkarien aitzinetik, lekukoaren zain direnei tixertak proposatzeko. «Bazen Korrika egitearen erronka, baina helburua ere bazen diru pixka bat lortzea. Euskal Herrian egin ditugu tixertak; Lasan (Nafarroa Behera) inprimatuak izan dira. Irabazi guziak AEKrentzat izanen dira».

Azken hilabeteak egitasmoa antolatzen pasatu dituzte, asteburuetan bilkurak eginez: leloa atzeman, ibilbidea erabaki, segurtasuna, logistika... Lekuko bat ere izanen dute, beraiek egina. «Korrika antolatzen aritu izan direnengana jo genuen laguntza eske. Segurtasuna zen arazorik handiena». Autoak, motoak, bizikletak eta laguntzaileak lortu dituzte antolaketarako; errepide txikietatik pasatuko dira, autoen zirkulazioa ez trabatzeko.

Bihar, 07:00etan abiatuko dute lasterketa, Ozazeko herriko plazatik, eta 16:00etan iritsiko dira Ortzaizeko plazara. Bertan, ekitaldi kultural bat eginen dute Herrikari bukaera emateko. Zuberoako eta Nafarroa Behereko dantzak, bertsolariak eta mota guzietako animazioak izanen direla iragarri dute. Euskaltzaleei deia egin diete herri bat hautatu eta lasterkaldian parte hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.