LEGEAREN ARDATZAK

2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
EAEko polizia gehiegikeriarenlegearen ardatzak:

Izena. Araua «legez kontrako errepresio egoeretan» izandako eskubide urraketei begirakoa zen, eta izena aldatzeko PSEren eskaria onartu du EAJk. Motibazio Politikoko Indarkeria Egoeran Giza Eskubideen Urraketak Jasan Dituzten Biktimei Aitortza eta Ordaina Emateko Lege proiektua du orain izena.

Helburuak. Biktimak aitortzea «agindu etiko eta demokratikoa» dela jaso du legeak. «Agente publikoek beren lanean zuzenean edo zeharka eragindako urraketen biktimak» jaso behar ditu eskubideen urraketen memoriak. Aldiz, biktimak «parekatuko dituen diskurtsorik gabe» egitea eta «gatazka politiko batek eragindako bi bortizkeriaren arteko enfrentamendu gisa» aurkeztu gabe egitea agintzen du.

Egia. Asmoa «bizikidetza normalizatzen eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen laguntzea da».1978-1999ko gertaerak ezagutarazi, artxibo publikoetan zaindu eta aitortza sustatzeko «neurri aktiboak» hartu beharko ditu Jaurlaritzak.

Eragina. 1978-1999ko urraketetara mugatzen du eragina. Ondorengo kasuek preskribatu ez dutenez,ez ditu jaso, botere judizialarekin «interferentziarik ez sortzeko».

Atzerako eragina. Legeak atzerako eragina izango du 1960-1978ko botere gehiegikerien biktimentzat. Dekretuak onartu eta ordaina jaso zuten biktimek osasun laguntza eskuratu ahalko dute; babesik lortu ez zutenek aitortza jasoko dute legearen baldintzak betez gero.

Frogak. Eskubide urraketak egiaztatzeko, «administrazio ebazpenak edo ebazpen judizialak» baliatzeko aukera izango da. «Zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez» ere egiaztatu ahalko da urraketa. Urraketatzatjoko da «defentsa gabezia»: giza eskubideen urraketengatik salaketa aurkeztu baina ikertu ez direnkasuak.

Ordaina. Biktimek ordain ekonomikoa jasoko dute, kaltearen arabera. Handiena baliaezintasun larriagatik izango da: 390.000 euro. «Tratu txar larriak edo iraunkorrak ez diren lesioak jasan direla egiaztatzen bada, pertsona horri biktima izaera emango zaio, eta merezi duen errekonozimendua jasoko du, baina ez du konpentsazio ekonomikorik jasoko».

Kanpoan. Legeak berariaz kanpoan utziko ditu armak edo lehergailuak erabiltzean hil edo zaurituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.