Ezker abertzalearen estrategia aldaketak eta gazte antolakundeen kontrako jazarpenak baldintzatu zuten Ernairen hastapena. Bada, baina, hamar urteko ibilbidea baldintzatu duen beste elementu bat: egoera sozioekonomikoak gazteengan izandako eragina.
Ezker abertzalean aldaketa urteak izan ziren 2000ko hamarkadaren amaiera eta 2010ekoaren hasierakoak. Tartean, Segi gazte antolakundeak ere amaitutzat eman zuen bere ibilbidea, 2012ko ekainean. Irati Sienrak, Ernairen lehen eledunetako bat izan zenak, azaldu du ziklo politikoak markatu zuela Segiren amaiera, baina, batez ere, «errepresioak eta kriminalizazioak» haren jarduna baldintzatu izanak. Egoera horren aurrean, ulertu zuten beste tresna bat behar zela: «Gazte antolakunde bat erreminta bat da; ez dago eusteko, eraikitzeko eta proposamenak egiteko baizik».
Hala, amaiera hartatik abiatu zen gazte antolakunde berri baten sorrera. «Ernai da gazteria», aldarrikatu zuten 2013ko martxoaren 2an, Lizarran. «Espektatibak eta exijentzia maila oso handiak ziren. Berritzeko beharra zegoen, baina ordura artekoarekin apurtzeko beldur eta konplexu handiak ere bai», gogoratu du Sienrak.
Ikusi gehiago:Ernaik gonbidatuta, euskararen auziaz aritu dira Idurre Eskisabel eta Maialen Arteaga
Lizarrarakoa ez zen bat-batean iritsi. Zukgua prozesuaren emaitza izan zen. Hego Euskal Herriko 180 herri eta hiritan egin zituzten bilkurak, eta 2.500 gazte inguruk parte hartu zuten. Sienraren esanetan, indar handia egin zuten prozesua dinamizatzeko eta garatuko zituzten edukiak zehazteko, eta hiru bloke nagusitan egituratu zuten prozesua: egoeraren azterketa; ezker abertzalearen gaineko analisia eta gazte antolakundearen izaera; eta nolakoa izango zen antolakundea bera.
«Oso garai konplexua izan zen ordura artekoa, eta gazte antolakundeak aurrerantzean izan behar zuenaren inguruko eztabaida izan zen», azaldu du Sienrak. «Ziklo politiko berriak eskatzen zuen antolakunde bat» zuten helburu: «Berrasmatze hori izan zen erronka handienetako bat».
Lehen urratsekin batera iritsi ziren lehen erantzunak ere. Sienrak azaldu du hasieratik «oso handia» izan zela polizien jazarpena. Gazte Danbadaren osteko inputazioak, webgunearen itxiera, isunak, lehen egoitzan topatutako mikroak eta kamerak... ditu gogoan. «Epaitegietan eta polizia erakundeetan interes handia zegoen Ernai Segirekin lotu eta ahalik eta azkarrena jokoz kanpo uzteko», adierazi du.
Krisiz krisi
«Ez dut gogoratzen nire militantzian krisi ekonomikoak baldintzatuta egon ez den garai bat», esan du Sienrak. Hala, uste du antolakundeak «oso modu naturalean» jorratu dituela afera sozioekonomikoak nazio eraikuntzarako ildoen barruan, eta bide horretan jorratutako lan ildoek «pisu handia» hartu dutela: «Euskal gazteriaren errealitateari eta kezkei erantzungo zien gazte antolakunde bat nahi genuen».
Hala, azaldu du «bi arima» —sozioekonomikoa eta nazio gatazka— uztartzea izan dela Ernairen erronka nagusietako bat, «Euskal Herritik eta Euskal Herrirako» erantzunak topatzeko.
Bat egin du Ernaiko bozeramaile Ane Alabak. Haren esanetan, «krisian hazi eta hezi den antolakundea da» eurena, baina sorreran ezarritako «misioari» eusten diona: «Askapen mugimendua hedatzea, gazteria zapalduaren alde lan egitea, eta antolaketa eta ahalduntzetik belaunaldi krisi honi aurre egitea».
Bidean, jarduteko moduak ere moldatu dituzte. «Batzuetan ahots propioz ari gara lanean; beste batzuetan bestelako eragile batzuekin elkarlanean», azaldu du Alabak. Izan ere, azken hamarkadan bestelako proiektu politikoak ere eratu dira, eta eledunak uste du haietatik ere «elikatu» dela gazte antolakundea: «Bai borroka transmaribibollotik, bai borroka ekologistatik. Horiek borroka molde berriak ekarri dituzte, eta jarduteko eta testuingurua irakurtzeko modu berriak barneratzea tokatu zaigu».
Borroka feministaren garrantzia nabarmendu du, berriz, Sienrak: «Bere garaian bazirudien azaleko zerbait zela independentzia, sozialismoa, feminismoa lelo hirukoitza, baina prozesu feministaren bidez garapen handia izan zuen». Uste du egungo militantzia ereduan nabari dela hori, «zehar-lerro» bilakatu baita: «Aitortza nagusia mugimendu feministari sor zaio, baina Ernaik ere pisua izan du».
Testuinguru berria
Azken urteetan, zenbait aldaketa ere egin ditu Ernaik. Batetik, COVID-19ak eragindako «arrakalei» aurre egin behar izan die. Bestetik, estrategia berritu zuen iaz, antolakundearen hirugarren kongresuan Ehotzen txostena onartuta. «Gazte olatu bat osatu nahi dugu», adierazi du Alabak.
Eledunak azaldu du azken urteetan bizi espektatiben beherakada bat eman dela, eta, horren aurrean, «borrokarako espazio bat» eskaintzea dutela helburu. Klima larrialdia, krisi ekonomikoa, osasun krisia zein «bizi eredu kapitalista eta patriarkala» lotuta daudela gehitu du. «Bidea luzea dugu egiteko».
Ernairen 10. urteurrena
Krisian haziak eta heziak
Hamar urte bete ditu Ernai gazte antolakundeak. Segi erakundea desegin eta gutxira, haren lekua hartu zuen, egoera berrira egokitzeko asmoz. Nazio gatazkarekin batera, haren jardunean eragin nabarmena izan du unean uneko egoera sozioekonomikoak eta hark gazteengan izan duen eraginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu