Murgiltzean badakite erdaraz

Euskarazko irakaskuntzaren aurkako ildoa hartu du Parisek, esanez «arriskua» dagoela frantsesa ongi ez ikasteko. Azterketek ez diote hori: erdara ikasten dutela nabarmen gehiago dago bermatua.

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu zituzten Frantziako Gobernuko bi ministrok apirilean, murgiltze ereduaren sistema ezbaian jartzen saiatu zirenean. «Murgiltze ereduan atzerriko ala eskualdeko hizkuntza baizik ez da irakasten». Jacqueline Gourault Lurralde Kolektibitateekiko Harremanetako ministroak piztu zuen lehen sua. Atzetik batu zitzaion Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroa: «Asko dago eztabaidatzeko. Ezin da esan ona denik ikasleak bultzatzea frantses hizkuntza ez ezagutzera eramango lituzkeen egoera batera». Adierazpen horien bueltan, neurriak: Seaskako ikastoletan irakasle postu batzuk ez ditu pagatu nahi Parisek, eta eskola publikoetan geldiarazi egin du murgiltze ereduaren hedatzea. Ikerketen arabera, ordea, gobernuaren argudioek ez dute funtsik: murgiltze ereduko ikasleen artean bermatua dago erdara jakitea.

Murgiltze ereduko ikasleek zer hizkuntza gaitasun duten eta erabilera zenbatekoa duten, ikerketa bat baino gehiago egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zantzu argiak ageri dira ebaluazio diagnostikoari buruzko azken azterketan —2017koa da—. Bi aldeko txanpona erakusten dute datuek. Batetik, bistakoa da ikasleen euskalduntzean eragin nabarmena duela D ereduak: gainerako ereduetan, ikasle gehien-gehienek ez dute gutxieneko mailarik lortzen. Bestetik, ordea, eskolaren mugak agerian daude: familiako hizkuntza zein duten, alde nabarmena dago euskara gaitasunean.

Ia bostetik bik, mailarik ez

Ebaluazio diagnostikoaren arabera, D ereduan oso salbuespenekoa da euskaraz gutxieneko maila eduki arren gaztelaniaz ez edukitzea: ikasleen %3. Gehiago dira, hamarretik bat inguru, maila eskasa bi hizkuntzetan dutenak; gainerako ikasgaietan ere emaitza kaskarra izan ohi dute ikasle horiek. Multzo esanguratsuagoa da, hala ere, desoreka daukana: gaztelaniaz, bai, badute gutxieneko maila, baina ez euskaraz. D ereduko lau ikasletik bat dago egoera horretan. Hara: 14 urterekin, euskaraz ez dute gutxieneko mailarik murgiltze ereduko ikasleen %37k —gaztelaniaz, %11k—. Ezagutzari buruzkoa da datu hori, baina erraztasunaren faktorea ere aintzat hartzekoa da: zer hizkuntzatan aritzen diren aiseago —inkesta soziolinguistikoaren arabera, gehienak erdaraz erosoago—.

Horrek eragina du erabileran. Arrue ikerketak aztertu du gaztetxoek zenbat egiten duten euskaraz ikastetxean —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleak aztertu dituzte—. Joera argia da: zenbat eta helduago, gehiago egiten dute erdaraz; eta zenbat eta lagunartekoagoa izan harremana, gehiago egiten dute erdaraz. Hara: D ereduko hiru ikasletik bi erdaraz aritzen dira jolastokian, nahiz eta gehienek, bostetik lauk baino gehiagok euskaraz hitz egin irakasleekin. Adituek argi adierazi dute horren oinarria eskolatik kanpo dagoela: gazteek zer inguru duten ikastetxetik kanpo, zer ohitura eta harreman euskararekin. D eredua zabaltzen ari da —Ipar Euskal Herrian ere bai, nabarmen—, eta familia tipologia berriak sartzea dakar horrek. «Ikastoletan ere ikusten da: frantsesa gero eta gehiago entzuten da», ohartarazi zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak orain dela hiru aste BERRIAn. «Gizarteari lotua da, diglosiari. Familia erdaldunetako gero eta haur gehiago dugu [...]. Beraz, diglosiak sortzen dira gure eskoletan, eta kalitatea apaltzen da. Hori da logika. Ez da kopuruagatik, ingurumen frantsesdunagatik baizik».

Finean, ikerketek agerian jarri dute murgiltze eredua ezinbestekoa dela ikasleak euskalduntzeko —gainerako ereduetan, urrun gelditzen da helburu hori: ebaluazio diagnostikoaren arabera, A ereduan, %83k ez dute gutxieneko mailarik, eta B ereduan, %61ek—. Hala ere, euskarazko ereduak berak ez du kasu guztietan ziurtatzen euskara ikastea, eta, areago, geldialdi zantzuak ere nabari dira. Ebaluazio diagnostikoen egileek hala ohartartazi dute: «Hezkuntzaren ekarpenak, oso adierazgarria izan arren, bakarrik ezin du bermatu ikasleen elebitasuna».

Hiru sareak, euskarak batuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.