Klima larrialdia. Lurraren berotzeari aurre egiteko gakoak

Bide orri bat klima larrialdirako

Drawdown proiektuak klima larrialdiari aurre egiteko proposamen bat ondu du, irudikatzeko nola ezarri beharko liratekeen aurreko urteetan bildu dituen ehun irtenbide «egingarri» eta «eraginkorrak». Egitasmoak nabarmendu du orain har daitezkeen neurriek dutela ahalik handiena.

Bide orri bat klima larrialdirako.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Asko hitz egiten da klima larrialdia eragiten hasia den kalteei buruz, baina ez hainbeste irtenbideez. Bada, azken horretan du jarria arreta Drawdown proiektuak. «Irtenbide klimatikoetarako munduko bitarteko garrantzitsuena» da, egitasmoak bere webgunean dioenez. TheNew York Times-ek argitaratu zuen Drawdown liburuan du abiapuntua (Murrizketa; 2017, Penguin Books). Egitasmoak Lurraren berotzea mugatzeko ehun neurri baino gehiago bildu ditu Irtenbideen Liburutegian. Konponbideen bilduma hori eta bide orria bera gobernuen, enpresen eta gizarte eragileen esku uztea du helburu, plangintzak diseinatzeko erabil ditzaten.

Sukaldean plater goxo bat prestatzeko, ez da nahikoa osagaiak biltze hutsa, eta berdin gertatzen da klima larrialdiari aurre egitean ere: ez da aski irtenbideak zerrendatzea. Drawdowneko zuzendari Jonathan Foleyren esanetan, ezinbestekoa da jakitea neurri bakoitza non, noiz eta nola ezarri behar den. Hori da proiektuak apirilean argitaratu zuen bide orriaren helburua. «Arrakasta lortzeko bidea marraztu dezakegu zientziaren laguntzarekin», dio Foleyk bide orria aurkezteko Drawdownek argitaratu duen bideo sortan.



Proiektuak nabarmentzen du proposatzen dituen irtenbide guztiak eskuragarriak direla gaur egungo teknologiarekin, zientziak frogatu duela eraginkorrak direla, eskala handian ezar daitezkeela, eta finantzaketaren ikuspegitik jasangarriak direla. Horietako batzuk oso ezagunak dira: eguzki energia sustatzea, esaterako; inoiz garatu den argindar ekoizpenik merkeena baita. Baina badira hainbeste nabarmentzen ez diren beste batzuk ere. Adibidez, zaborretara botatzen den janaria murriztearen garrantzia. Gaur-gaurkoz, atmosferara isurtzen diren berotegi gasen laurden bat elikagai ekoizpenarekin lotuta dago zuzenean, eta jaki horien heren bat zaborretara doa. Beraz, ekoizpena kontsumora egokitzea lortuko balitz, gas isuriak nabarmen murriztuko lirateke.

Inbertsio ekonomiko handirik eskatuko ez lukeen beste neurri bat izango litzateke deforestazioa geldiaraztea. Aintzat hartu behar da isurien hamarren baten erantzule dela basogabetzea. Deforestazioa geldituko balitz, kolpetik ezabatuko litzateke berotegi gasen iturri hori. Eta ez da edonolakoa, Lurraren berotzean duen pisua Europako Batasuneko 27 estatuek, Erresuma Batuak eta Japoniak isurtzen duten karbonoa bestekoa da eta.

Klima larrialdiaren aurka ahalik eta eraginkorren jarduteko, Drawdownek ardatz hauen bueltan antolatu du bere bide orria.

Denbora, erabakigarri

Klima aldaketari erantzuteko neurriak orain hartzen hasteak berebiziko garrantzia duela ohartarazi du Drawdownek. Orain ezar daitezkeen irtenbideek dute klima aldaketa geldiarazteko gaitasunik handiena, aurrerago ezarriko diren politiken aldean eragin luzeagoa izan baitezakete. 2020ko hamarkadan gasen isuriak murrizteko egiten diren urratsek ekarpena egiten jarraituko dute 2030eko hamarkadan, eta 2040koan, mende erdian karbono neutraltasuna lortzeko helburuari begira. Teknologia berriek etorkizunean eskain ditzaketen aurrerapenak baliagarri izango dira, noski, baina 2040ko hamarkadan hartzen diren neurriek tarte txikiagoa izango dute eragiteko. Askoz ere garrantzi handiagoa dute gaur eskura ditugun teknologiek etor daitezkeenen aldean. Denbora garrantzitsuagoa da larrialdi honetan, teknologia baino. Beraz, orain ekin behar zaio, eta ahalik eta gehien.

Klima larrialdia geldiarazteko lanaren hiru laurden 2020ko hamarkadan eta 2030ekoaren hasieran egin behar dela jasotzen du Drawdownen bide orriak, eta lan hori berotegi gasen isuriak mugatzea da, nagusiki.

Erauztea, hondarrerako

Lurraren berotzea eragiten duten gasak gutxitzeko, bi bide daude: atmosferara gas gutxiago isurtzea bata, eta gas horiek atmosferatik erauztea bestea. Bigarren aukera horri dagokionez, karbono dioxidoa (CO2) biltegiratzeko zenbait egitasmo jarri dira martxan azken urteetan, baina emaitza hutsaren hurrengoa da atmosferara isurtzen diren kopuruekin alderatuta, eta gaur egungo teknikek ez dute modurik ematen eskala handian emaitza nabarmenak lortzeko. Ezinezkoa da jakitea teknologia hori nola garatuko den, zenbat CO2 erauzi ahal izango duen, eta, ondorioz, ez litzateke zuhurra izango gizadiaren etorkizuna lorpen horien esku uztea.

Ekosistema batzuek badute CO2-a xurgatzeko berezko gaitasuna. Basoak eta ozeanoak dira karbono xurgatzailerik garrantzitsuenak. Gaur-gaurkoz, atmosferara isurtzen den CO2-aren erdia biltzen dute. Beraz, basoak hedatzea edo ozeanoetan alga haztegiak ugaritzea modu bat izan daiteke karbono gehiago erauzteko, baina neurri horiek hamarkadak beharko lituzkete atmosferan eragin esanguratsua izateko. Eta badituzte kontuan hartu beharreko beste muga batzuk ere. Esaterako, biltegi horien iraunkortasuna. Suteek berehala askatzen dute erretzen dituzten zuhaitzetan bildu den karbono guztia.

Horrenbestez, kima larrialdiari aurre egiteko estrategian, karbono isuriak murrizteak izan behar du lehentasuna, karbonoa erauzteko aukeren aurretik. Drawdownen arabera, egin beharreko ahaleginaren %94 bideratu beharko litzateke murrizte politiketara, eta %6 soilik erauztera; nagusiki, larrialdi honi azkar erantzuteak duen garrantziagatik.

Sektore funtsezkoak

Eraginkorrak izateko, ezinbestekoa da sektore ekonomiko bakoitzak klima aldaketan duen eraginaren argazki zehatz bat izatea ere, indarrak nora bideratu jakiteko. Erronka argindar ekoizpenean dago, neurri handi batean. Drawdownek bildutako datuen arabera, argindarra sortzeko erretzen diren erregai fosilek %25eko eragina dute Lurraren berotzean. Beste horrenbesteko pisua dute elikagaien produkzioak eta nekazaritzarekin lotutako lurraren beste erabilera batzuek, nahiz eta sektore horiei buruz argindar ekoizpenaz baino dezente gutxiago hitz egiten den. Zementu, altzairu eta plastiko ekoizpena eta industria hondakinak arazoaren %21 dira, eta berotzea eragiten duten faktoreetan %14ko eragina dute garraio sistemek. Etxeetako argindarraren kontsumoarena da, berriz, eragin osoaren %14. Gainerako %10a petrolioaren prozesatzeari eta gas naturalaren ihesei dagokie, neurri handi batean; biak ere energia industriari daude lotuta, gehienbat.

Berotegi gasak

Karbono dioxidoa da Lurraren berotzean pisurik handiena duen gasa. Atmosferara isurtzen diren berotegi gasen %62 dira erregai fosilen errekuntzatik askatzen den CO2-a. Baina bada aintzat hartu beharreko beste ia %40 bat. Deforestazioaren ondorioz isuritako CO2-ari dagokio kantitate osoaren %11. Zementua eta bestelako gai kimiko batzuk ekoizteko isurtzen den karbonoa isurien %3ren erantzule da. Beste %16 metanoari dagokio. Abeltzaintza intentsiboa da haren iturri nagusia. Abereek askatzen dute gehien (%5), eta arroz laboreek ere badute eragina (%1). Beste zati batek gas naturalean du jatorria(%10); batez ere, azpiegituretako gas ihesetan eta erregai fosilen ustiaketan gas naturala desegiteko erabiltzen den errekuntzan. Kantitate apalagoetan daude oxido nitrosoa (%6), neurri handi batean nekazaritzako ongarriek askatutakoa, eta gas fluoratuak (%3); besteak beste, hozkailuetarako erabiltzen direnak.

Kontua da gas guztiek ez dutela portaera bera atmosferan, eta Lurraren berotzean duten eragina asko aldatzen dela denboraren arabera. Esaterako, metanoa eragin handiko berotegi gasa da, baina CO2-a baino askoz ere azkarrago desagertzen da atmosferatik. Hala, epe motzera zeresan handia izango du Lurraren berotzean, tenperatura igoeran izango duen eragina %30 eta %50 artekoa izango baita hurrengo bi hamarkadetan. Hogei urteren buruan desegiten da, ordea, CO2-a ez bezala, horrek ehunka urte irauten baitu atmosferan.

Beraz, klima larrialdiari aurre egiteko orduan, garrantzi handikoa da metano isuriak murrizteko berehalako neurriak hartzea, eta karbonoari begirako epe luzeko egitasmoak martxan jartzea aldi berean.

Nondik hasi

Klima larrialdian denbora denez faktorerik garrantzitsuena, Drawdownek haren arabera sailkatu ditu «ekintza olatuak» deitu dituenak. Neurri sortak dira, eta sorta bakoitzak garapen desberdina izango luke, proposamenaren arabera. Lehenik eta behin, garrantzitsuena da «larrialdi galga» sakatzea: hau da, isuriak berehala eta modu drastikoan gutxitzen lagunduko duten neurriak indarrean jartzea. Epe motzean gauzagarriak diren irtenbideak daude multzo horretan, eta atmosferan erantzun azkar bat izango dutenak. Esaterako, deforestazioa geldiaraztea, metano isuriak amaitzea, jaki gutxiago alferrik galtzea, eta argindarra modu eraginkorragoan kontsumitzeko neurriak hartzea.

«Larrialdi galga» horren hasierako kolpeari gehituko litzaioke azpiegitura berrien eragina. Epe luzeragorako neurriak dira, baina gaurtik landu beharrekoak. Horien artean leudeke argindar ekoizpena, eraikinen jasangarritasuna, garraio sistema elektrifikatzea eta lehen sektorea iraultzeko neurriak. Diru inbertsio handia eskatuko dute, baita denbora ere, eta horregatik jotzen du Drawdownek garrantzitsutzat urratsak ahalik eta lasterren egiten hastea. Bide orriak nabarmendu duenez, eraberritze horretarako inbertsioa oso errentagarria da, pausorik eman ezean ondorioek askoz ere kostu handiagoa izango dute eta.

Aldi berean, gizarte politikak behar direla azaldu du Drawdownek, zaurgarriak diren taldeak laguntzearekin batera klima aldaketa geldiarazteko. Adibide gisa aipatzen ditu, batetik, komunitate indigenak babesteko neurriak. Indigenei beren lurrak zaintzen uzten bazaie deforestazioa eragotziko dutelako eremu horietan, eta biodibertsitatea mantendu. Bestetik, emakumeei hezkuntza eskubidea bermatzeak eragin zuzena du hazkunde demografikoaren moteltzean. Neurri horiek onuragarriak dira, mundu justuago bat lortzeko ez ezik, baita klimaren ikuspegitik ere.

Berotegi gas guzti-guztiak murrizteak ia ezinezkoa dirudi, eta murrizketaren arloan ahal diren urrats guztiak egin ondoren ere isuriak baldin badaude, hondar hori ezabatzeko eginkizuna bete dezake CO2-aren erauzketak. Hori litzateke ekintza olatuetan azkena. Baliagarria izango da naturak basoen eta ozeanoen bidez karbono gehiago xurgatzea, baina jakinik eragina mugatua izango dela, eta hamarkadak beharko direla horretarako. Aurreikusteko zailagoa da teknologiak zer ekarpen egingo dion erauzketari etorkizunean. Ikerketak bidea zabaltzen badie teknologia berri eta eraginkorrei, irtenbide egokiak izango dira isurien hondar hori ezabatzeko.

Desorekak

Drawdownen bide orritik harago, ezin aintzat hartu gabe utzi estatuen arteko desoreka ekonomikoek eragin zuzena dutela herrialde bakoitzak klima larrialdiari aurre egiteko duen arduran. Herrialde aberatsenak dira kutsatzaileenak, eta isuriak murrizteko eta kontsumo eredua aldatzeko erantzukizun handiena dutenak. Adostasun zabaleko ideia bat da estatu aberatsenei dagokiela baliabidea bideratzea herrialde zaurgarrienetara, azken horiei laguntze aldera trantsizio berdea egiten eta klima aldaketaren kalteei aurre egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.