Dolomitetako istripua

Gutxienez zazpi pertsona hil dira Dolomitetako glaziarra jausi denean

Marmoladako glaziarraren zati bat erori da herenegun. Hamahiru lagun daude desagertuta. Draghik esan du ezbeharra ezin dela «berriro ere» gertatu

Gutxienez zazpi pertsona hil dira Dolomitetako glaziarra jausi denean.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Herenegun gertatu zen ezbeharra Dolomitetan, Italia iparraldean. Marmoladako glaziarraren zati bat jausi zen, Punta Rocca tontorretik gertu. La Repubblica Italiako egunkariaren arabera, gutxienez zazpi pertsona hil dira —atzo aurkitu zuten zazpigarrena—, eta hamar zauritu. Horiez gain, lerro hauek idazterako, beste hamahiru lagun daude lokalizatu gabe. Maurizio Fugatti Italiako Trento probintziako presidenteak atzo jakinarazi zuen zazpi hildakoetatik hiru identifikatuta daudela, eta zortzi zaurituetatik bi egoera larrian daudela. Larrialdietako zerbitzuak bilaketa lanetan ari dira horiek aurkitzeko. Fabio Bristot salbamendu taldeetako bozeramaileak herenegun aitortu zuen «zaila» izango dela norbait bizirik aurkitzea. Baliteke hondamendiagatik kaltetutako pertsonen kopurua handitzea, 30 lagun ingururaino.

Gertatutakoaz, ikerlariek susmoa dute 300 metro zabaleko serac bat —glaziar batean dagoen izotz bloke handi bat— jausi zela, eta horrek bidean zuen guztia aurretik eraman zuela; 300 kilometro orduko abiadura hartu zuen elausoak. RAI Italiako telebista kateak atzo jakinarazi zuenez, izotz jausiak zauri larriak eragin zizkien aurkitutako pertsonei. Aldi berean, Castiglioni Marmolada aterpetxeko kudeatzaileetako batek zera adierazi zuen hondamendiaz entzun eta ikusi zuenaz: «Hots handia entzun dugu, eraisketa baten modukoa. Gero elur eta izotz jausi bat ikusi dugu ziztu bizian, eta hor konturatu naiz zerbait larria zela».

Ikusi gehiago:Eñaut Izagirre, glaziologoa: «Izotz urtzearen eta prezipitazio uren presioak eragin du hondamendia»

Azken egunotan Italia iparraldeko tenperatura altuek eragina izan dute glaziarraren lurmentzean eta elurraren, arrokaren eta izotzaren jausian. Hori berretsi zuen Michela Canova Veneto eskualdeko Socorro Alpinoko bozeramaileak: «Elur, arroka eta izotz olde batek hainbat mendizale harrapatu zituen tontorrera igotzeko erabiltzen den ohiko bidean; eta horietako zenbait arrastaka eraman zituen elausoak». Herenegun, Alpeetan inoizko tenperaturarik beroena erregistratu zuten: 10 gradu.

Jazotakoa aztertzeko, Trentoko Fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen atzo, argitzeko glaziar zati baten berezko jausia izan zen edo, aitzitik, ezbeharra saihets zitekeen.

«Hausnarketaren» beharra

Mario Draghi Italiako lehen ministroa Canazei herrian, Trento probintzian, bildu zen beste hainbat politikarirekin hondamendiaz mintzatzeko. Besteak beste, Fugattirekin eta Luca Zaia Veneto eskualdeko presidentearekin. Bilera horren ostean, agerraldi publiko bat egin zuen lehen ministroak, eta adierazi zuen gobernuak «hausnarketa bat» egin behar duela jazotakoaz, berriro gerta ez dadin. «Hemen nago gertatu denaz jabetzeko. Garrantzitsua da niretzat hona etorri izana», gehitu zuen Draghik.

Gertatutakoa «drama bat» izan zela aitortu zuen lehen ministroak, eta gehitu zuen klima aldaketaren eta ingurumenaren narriadura izan zela hondamendiaren beste eragileetako bat. Biktimen familiekin egoteko tartea izan zuen Draghik, eta esan zuen Italia «osoak» sentitzen duela biktimen «atsekabea».

Marmoladakoa Dolomitak mendilerroko glaziarrik handiena da. Italiako Ikerketako Batzar Nazionalak ohartarazi zuenez, 25 edo 30 urtetan desagertu egingo da glaziarra, tenperaturek igotzen jarraitzen badute. Oro har, azken hogei urteetan Italiako Alpeetako glaziarrek izotzaren %17 galdu dute berotze globalaren eraginez. Raul Martin Moreno Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak azaldu du tenperatura altuek eragiten dutela mendia ezegonkorragoa izatea eta sendotasuna galtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.