EHUko Konputazio Zientzieneta Adimen Artifizialaren saileko irakaslea
Aurreko astean jakin genuen aurtengo Turing saria Geoff Hinton, Yann Lecun eta Yoshua Bengio ikerlariei eman dietela, neurona sare sakonen iraultzaren aitzindariak izateagatik. Turing sariak informatikarion Nobel sarien parekoak dira. Hinton gaur Googlen dago, Lecun Facebookeko adimen artifizialeko zuzendaria da, eta Bengio Montrealgo unibertsitate batean dago, talde indartsu baten buru. Baina ez genuke utzi behar oraingo arrakastak beraien lehenaldia ezkuta dezan. Hiru ikerlari handi hauen historia irakasgai bikaina baita denontzat.
Neurona sare artifizialen ideia ez da berria. Jada 1956. urtean proposatu zuen Frank Rosenblatt psikologoak. Ordutik gorabehera asko izan ditu. 1980ko hamarkadan orain saritutako hiru ikerlariok aurrerapen garrantzitsuak egin zituzten neurona sareen munduan. Sare horientzat ikasketa algoritmo berriak sortu zituzten, eta, 1990ean, Lecunek gaur hain erabiliak diren sare konboluzionalak plazaratu zituen. Garai hartan ez zuten, ordea, arreta handirik jaso. Komunitate zientifikoaren arabera, sare haiek arazo sinpleetarako bakarrik erabil zitezkeen. Ondorioz, ideia itzalpean geratu zen urte luzez.
Askotan zientziak badu modaren antza. Nahiz eta objektibotasunak izan beharko lukeen gidari, zientzia zientzialariek egiten dute, eta horiek, gizakiak dira, beraien bertute eta hutsegiteekin. 1990eko hamarkadan, eta 2000. urteko lehen hamarkadan, neurona sareak ez zeuden modan. Hainbat ikerlarik, neurona sare esamoldea ez erabiltzeko, trikimailuak asmatzen zituzten, hitz debekatu hura idatziz gero, beraien lanak ez baitzituzten aintzakotzat hartzen konferentzia eta aldizkari onenetan. Egoera hura jada jasanezina bilakatu zen 2012. urtean. Ikerlari batek eskutitz anonimo bat idatzi zuen, bere lan batekin egin zutena salatzeko. Nahiz eta ordura arte lortu ez ziren emaitzak lortu ikusmen artifizialeko ataza batean, beraien lana ez zuten onartu konferentzia garrantzitsu batean, neurona sareak erabiltzen baitzituzten. Ikerlari anonimo hark argudiatu zuen emaitzak objektiboak zirela, eta ezin zela onartu artikulua baloratu zutenek hartutako erabakia, lan hartan erabiltzen zen teknikarekiko zuten mesfidantzarengatik. Urte batzuk geroago, Lecunek onartu zuen eskutitz hura berak idatzi zuela.
Historiak badu, ordea, halako umore zentzua. 2012. urtean, eskutitz haren ondoren, hain zuzen ere, neurona sare sakonen iraultza hasi zen. Protagonista Hinton izan zen. Ikusmen artifizialaren inguruan urtero egiten den lehiaketa handiena irabazi zuten Hintonek eta haren taldekideek. Lehiaketa irabazteko, neurona sare konboluzionalak erabili zituzten, 22 urte lehenago Lecunek asmatutako neurona sare arkitektura! Noski, hainbat hobekuntza egin zituzten, baina batez ere bi aldaketa nabarmen zeuden: alde batetik, 1990. urtean eskura ez zitezkeen irudi datu-base erraldoiak. Eta, beste alde batetik, ordenagailu askoz ahaltsuagoak. Oinarri sendo horiekin, 1990eko sare haiek beste edozein teknikak baino hobeto funtzionatzen zuten. Zazpi urte geroago, adimen artifizialaren esparruan neurona sareak dira gure eguneroko ogia.
Gaurko gure hiru protagonistek ongi merezita jaso dute Turing saria. Urte luzez ideia dotore bat izan dute gidari. Komunitate zientifikoaren mespretxupean eta diru laguntza gutxirekin, aurrera jarraitu dute arrakasta ezagutu arte. Hintonek berak esan berri du adimen artifizialaren hurrengo iraultza beraien lana zalantzapean jartzen duen ikasle baten eskutik etorriko dela. Jakin-mina eta sormena dira zientziaren benetako motoreak. Eta historia honek erakusten digu, beste gauza askoren artean, motore horrek erregairik gabe oso motel egiten duela lan. Badugu zer ikasirik...
Zientzia. ARGI ALDIAN
Arrakastak ezkutatzen duen istorioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu