Etxean erditzean, bidelagun

Gero eta emakume gehiagok erabakitzen dute etxean erditzea. Era berean, gero eta gutxiago badira ere, emagin batzuek lagundu egiten dute haurdunaldiaren prozesuan eta erditzean. Beste herrialde batzuetan ez bezala, etxean erditzea aukera pribatua da Euskal Herriko emakumeentzat.

Ugalketa osasunaz arduratzen dira emaginak. BERRIA.
unai etxenausia
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Ziurrenik, etxean jaioak izango dira egunkaria irakurtzen ari diren adineko asko. Baliteke, halaber, etxean erditu den amaren bat lerro hauek irakurtzen egotea. Kontrara, askoz gutxiago izango dira duela bi edo hiru hamarkada inguru etxean erditu diren ama gazteak; beraz, ospitalean jaioak izango dira irakurle gazte gehienak. Baina, ziurrenik, gehiago izango dira etxean jaiotako haurrak. Badute akaso zerbait komun irakurle guztiek: neurri handiagoan edo txikiagoan, emagin baten laguntza jaso dutela.

Ezjakintasun handia dago emaginek egiten duten lanaren inguruan. Historian, haurdunaldiari buruz gehien jakin dutenak izan dira. Are gehiago, haurdunaldiaren prozesuan laguntzeaz gain, emakumearen bizitza osoko sexu eta ugalketa osasunaz arduratzen dira emaginak; hori ez da aldatu. Egun, ordea, osasun profesional askok laguntzen diete emakumeei haurdunaldian, erditzean eta erditu ostean. Paradoxikoa dirudien arren, gero eta emagin gutxiago dago.

«Emakumeentzat erreferente bat da, ez baitago beste inor lan hori egiten duenik». Magale Etxea taldearen sortzaileetako bat da Clara Rosas emagin eta osteopata. 2014tik asko handitu da taldea; izan ere, emaginez gain, fisioterapeuta obstetrikoek, psikologo perinatalek, nutrizionistek, osteopatek eta sexologoek osatzen dute. Osasungintzan aurkitu ezin dituzten aukerak eskaintzen dizkiete emakumeei. Batik bat, erditzearen aurreko «bidelagun» izatea, etxean erditzeko aukera ematea, eta hilekoaren zikloaren jarraipena egitea.

Emaginaren iritziz, etxean erditzea arriskutsuagoa dela dioten «mito faltsuak» daude: «Ebidentzia zientifikoaren arabera, etxeko erditzeak, arrisku baxukoak direnean, ospitalekoak bezain seguruak dira». Izan ere, gaur egun, «erditzea prozesu patologiko bat balitz bezala ikusita dago», baina hori baino gehiago dela uste du: «Prozesu fisiologiko bat da. Batzuetan, beharrezkoa da ospitale batera joatea erditzera, baina gehienetan, ez. Ez da gaixotasun bat, osasun prozesu bat baizik».

Irati Mujikak ospitalean izan zuen lehen umea. Esperientzia «bortitz» baten moduan oroitzen du prozesua, ez baitzen «errespetatua sentitu». Esperientzia horrek ondorio fisiko eta mentalak utzi zizkiola kontatu du: «Indarkeria mota asko nahasten dira. Adibidez, episiotomia baten ondorioak oso gogorrak dira, ospitaleetan egiten dituztenak behintzat. Gero jakin nuen zauriak, bai burukoak eta bai fisikoak, senda daitezkeela. Hori bai: neure kabuz bilatu behar izan nuen guztia».

Informazioaren balioa

Bigarren aldiz haurdun geratu zenean, argi zeukan ez zuela esperientzia hura berriro bizi nahi; beste modu batean bizi nahi zuen ama izateko prozesua. «Zorionez», lagun bati esker jakin zuen Magale Etxea bazela. Mujikaren eta Rosasen bideak elkartu ziren orduan.

Haurdunaldiaren erdialdean jarri ohi dira harremanetan ama eta Magale Etxeko kideak. Rosasek zehaztu duenez, garrantzitsua da hasieratik «guztiaz ondo informatzea», erabaki bat hartu baino lehen. Ondoren, amak haurdunaldiaren prozesua haiekin kudeatzea erabakiko balu, hiru astean behin bilduko lirateke. Haurdunaldiarekin zerikusia daukaten gaiak jorratzen dituzte. «Prozesuaren alde onez hitz egiten dugu, baina baita alde txarrez ere. Garrantzitsua da informazioa ematea, lasai egon daitezen».

Hain justu, informazioa jasotzea izan zen Mujikak hasieratik gehien eskertu zuena: «Emaginekin, aurretik elkar ezagutzeko hitzordu bat egin genuen; garrantzitsuena elkar ezagutzea zen, ezer erabaki aurretik. Balorazio bat egin ondoren, bi aldeek garbi ikusten genuen aurrera jarraitu nahi genuela. Egia da beti ez dela posible prozesua horrela egitea, baina, nire kasuan, bai: adierazle guztiak positiboak ziren».

Emagina bai, baina beste emagin baten laguntzaz erditu zen etxean Rosas ere. Bi aldeak ondo ezagutzen ditu, beraz: «Nik neuk ere izan nuen etxean erditzeko aukera, eta esperientzia izugarria izan zela oroitzen naiz. Arrasto izugarria utzi zidan. Emakume bezala aldatu ninduen». Erditzea etxean edo ospitalean izan, haurdunaldiaren prozesu guztia eta erditzea «modu osasuntsuan» bizitzea da garrantzitsuena harentzat.

Haurdunaldia eta erditzea modu osasuntsuan bizitzetik urrun egon zen Mujika. Osasun publikoan, «badirudi gaixo daudela haurdun dauden emakumeak»; sentipen hori izan zuen Mujikak. Hein handi batean, «medikalizatzeko joera» dagoelako da, haren ustez. Haurdunaldiaren prozesua etxean egiten den kasuetan, berriz, «modu naturalago batean» egiten dela uste du.

Egiturazko arazoak

Mujikak bezala, gero eta emakume gehiagok nahi du etxean erditu, baina, eskariak gora egitearekin batera, emagin kopurua asko jaitsi da azken urteetan. Ospitaleetan ere nabari da arazo hori. Esaterako, guztira bederatzi emagin bakarrik daude Gasteizko Txagorritxu ospitalean: bost egunez eta lau gauez. Rosas bereziki kezkatuta dago emagin kopuruaren beheranzko joerarekin: «Desagertzen ari gara. Hurrengo bost urteetan emaginen %80 desagertu egingo gara: oso datu larria da hori. Ebidentzia zientifikoak erakusten baitu emakumeari haurdunaldian eta erditzean laguntzeko osasun profesional prestatuenak garela». Bide batez, Euskadiko Emaginen Elkarteak urteak daramatza belaunaldi berrien prestakuntzarako presentzia eta plaza gehiago aldarrikatzen eta eskatzen.

Badago emagin eskasia egoteko beste arrazoi bat: emagina izateko erizaina izan behar izatea. «Lehen, bi ogibide ezberdin ziren», kexatu da Rosas. Beste herrialde batzuetan, gainera, bi ikasketa prozesu independente dira oraindik ere. «Ematen du ez dagoela interesik gauzak aldatzeko eta emakumeek prozesua ahalik eta era naturalenean eta indartsuenean bizitzeko. Gero eta emagin gehiago egon, orduan eta aukera gehiago egongo dira».

Gobernuaren aldetik interesa egon ala ez, herrialde askotan aukera publikoa eta doakoa da etxean erditzea. Euskal Herrian ere «oinarrizko eskubidea» izan beharko litzatekeela defendatu du emaginak. Mujikak, berriz, etxean erditzea haren bizitzako «erabakirik onena» izateaz gain, «inbertsio» ekonomiko bat dela salatu du: «Kostu ekonomiko handia du gurean, beste herrialde batzuetan gastuak gizarte segurantzak estaltzen dituen bitartean. Publikoa ez denez, jende askok ezin du erabaki etxean ala ospitalean erditu. Horrek ere jendea desinformatuago egotea eragiten du».

Etxeko «goxotasuna»

Biek azpimarratu nahi izan dute merkeagoa dela etxean erditzea. Rosasek esplikatu du haurdunaldia zein erditzea ondo joaten bada ez dagoela aparteko gasturik: «Ospitaleetako teknologia eta tresnak beharrezkoak dira, baina kasu askotan ez dira denak behar». Beraz, oraingoz behintzat, Magale Etxeak Euskal Herrian osasun sistema publikoak estaltzen ez duena estaltzen du, Mujikaren arabera.

Erditzeko intimitatearen bila, indarkeria obstetrikotik ihesi... Ama bakoitzak bere arrazoiak ditu haurdunaldiarekin zerikusia duen prozesu guztia etxetik bizitzea erabakitzen duenean. Izan ere, ospitaleetan gauza asko «protokolo orokortuen bitartez egiten direnez, biolentzia egoerak pairatzen dituzten emakume gehiago daude», arrazoitu du Mujikak.

Jendeari emaginen funtzioaren eta etxean erditzearen inguruko informazioa falta zaiola uste du Rosasek. Hori da haien lanaren alderdirik zailena. «Jendeari informazioa helaraztea da zailena: etxean erditzea aukera bat izateaz gain, segurua ere badela ulertaraztea».

Funtsean, berdin du non, garrantzitsuena da haurdunaldiaren prozesuan eta erditzerako garaian emakumea eroso sentitzea, amaitu du Rosasek: «Ez dugu uste etxean erditzea ospitalean erditzea baino hobea denik. Ama bakoitzak erabaki behar du non eta nola egin nahi dituen gauzak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.