Gero eta ozenago entzuten zen joaldunen tulun-tuluna Iturenen (Nafarroa), udaberriaren etorrera iragarriz. Beste urteetan ez bezala, euriak ez zuen Malerreka bisitatu, eta eguzkien izpiek joaldunen bidaia gidatu zuten. Zubietarren eta aurtiztarren joareak elkartu ziren Iturenen, herria joare soinuz betetzeko gogoz. Ostegunean hasi zituzten inauteriak, baina atzoko eta gaurko egunak jendetsuenak dira.
Iturengo Aurtitz auzoan bildu ziren herritarrak zubietarren bisitaren zain, baina ez ziren batere aspertu: giro handia sumatzen zen kaleetan barna. Elkarteko ateak ireki eta kanpoko hotzetik babesteko gotorlekuan sartu ziren gehienak, trikiti eta akordeoi doinuez lagunduta. Adin guztietako jendea zegoen elkartean, arrautzaz eta txistorrez betetako platerez inguratuta. Hala ere, elkarteko protagonistak joaldun gazteenak ziren, eta gurasoen laguntzarekin jantzi ziren denen aurrean. Batzuek, lotsatienek, kameretatik ezkutatzeko ahaleginak egin zituzten, baina alferrik. Inixi Alberdi zen hasiberri horietako bat, baina kalean gora eta behera ibili zen naturaltasun osoz helduekin batera: «Niretzat, joalduna izatea tradizioan parte hartzea da. Herri honetako tradizioa segitzea». Eguberrietan praktikatu zuen azkenekoz gazteak, baina, iturendarra izanik, inauteriak paregabeak dira beretako: «Izugarriak dira. Gainera, joalduna izatean, jendeak begiratzen zaitu, eta mozorroak zure inguruan dituzu».
Elkartean bapo gosaldu ondotik, Aurtizko gazteek, sestak hartu, eta auzoko ateetan jo zuten, puskak biltzeko asmoz. Baina oztopo batekin egin zuten topo: ura botatzen zuten haurrekin. Bustita itzuli ziren, arrautzekin eta ogiarekin, baina hotza barnean sarturik. «Hau urtero gertatzen da», zioen emakume batek, algara eginez.
Zubietarren zain
Aurten beranduago izan zen zubietarren bisita. Urrunean joaldunen tulun-tuluna entzutean, Aurtitz auzoan isiltasuna nagusitu zen. Gertu zeuden, eta gero eta ozenago entzuten zen haien doinua. Txikienak gurasoen sorbaldetara igo ziren, entzuten zuten musika nondik zetorren jakiteko asmoz. Azkenean, 14:00etan elkartu ziren Aurtizko eta Zubietako joaldunak, udaberriari hasiera emanez. Urratsa aldatu zuten joaldunek, urtero egiten duten bezala, beste talde batekin elkartzean. Zubietarrek haien erritmora egiten dute bidea Aurtitzeraino, eta han erritmoa moldatzen dute aurtiztarrek egiten dutenari egokitzeko. Erritmo aldaketaren inguruko azalpenak arretaz entzun zituen Kristina Palaziok, Altsasutik joan baitzen joaldunak ikustera. Txikia zenean, Zubietan egon zen ikastolarekin, eta inauteriak beldurgarriak iruditu zitzaizkion. Hamar urte geroago, Malerrekara itzultzea erabaki zuen, bere oroitzapenak moldatzeko asmoz: «Hau oso polita da. Oso hunkigarria da ezagutzen duzunean inauterien zergatia». Elkartutako 53 joaldunak Iturenera abiatu ziren, eguzkiarekin batera ibilbidearen azken txanpari hasiera emanez.
Ikusi gehiago:«Orain datorren belaunaldia bikaina da, neskez eta mutilez josia»
Iturenen udaberriaren zain zeuden, aurten beranduago iritsi baita. Bien bitartean, mozorrotutako herritarrek plaza bete zuten, Aurtizko errepidea noizbehinka begiratuz. Jendez gainezka zegoen plaza, eta musikaz gain ume batzuen oihuak entzuten ziren, maskara beldurgarri batekin topo egiten zutenean. Berriro ere joaldunen etorrera tulun-tulunei esker antzeman zuten herritarrek, eta, urduri, begi guztiak errepidera bideratu zituzten.
Iturenera iritsi bezain laster eromena nagusitu zen. Gorputz erdi biluziak, aurpegi osoa ezkutatzen zuten maskarak, motozerrak eta Donald Trump herriko plazan barneratu ziren, txaloz eta irriz inguratuta. Nahiz eta euririk ez egin, bisitariek zerutik beste sorpresa bat jaso zuten: irina eta ura. Aurpegi zuriek gainezkatu zuten herriko plaza, umeak maskara beldurgarriengandik aldentzen saiatzen ziren bitartean. Zoramenaren erditik ibili ziren joaldunak lasaitasun osoz, Hartzarekin batera, mozorroen eta karrozen artean. Aterpetuta, eta irinetik urrun Mirentxu Lazkano zegoen, mozorroetatik ezkutatzen. Lapurditik urtero joaten da inauterietara, dantzaldian musikari gisa aritzen delako. Hala ere, desfilean atera eta gero, herriko plazan geratzen da beti, mozorroei begira eta giroaz disfrutatuz: «Gehien gustatzen zaidana da hemengoekin daukadan harremana, eta egiten diguten harrera. Gaurko eguna beti alaia da».