Eta pantailak, zertarako?

Geroz eta gehiago erabiltzen dira pantailak; bai helduek, eta baita haurrek ere. Gainera, adituen ustez, haurrei ez die onik egiten oso txikitatik pantailak erabiltzeak. Gurasoak arduratuta daudela dirudi, baina ez dakite norantz jo edo zer neurri hartu gailu horien erabileraren inguruan.

Hiru haur tableta batekin jolasean. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Aspertuta nago!». Sakelakoa. «Ez dut futbolean jokatu nahi!». Sakelakoa. «Marrazki bizidunak ikusi nahi ditut». Tableta. «Ez zaitez haserretu; hartu nire sakelakoa». Esaldi guztiek osagai berak dituzte: pantaila bat eta haur bat. Geroz eta haur gehiago ikusten dira pantaila baten aurrean, haren koloreek eta mugimenduek sorgindu egingo balituzte bezala. Adin batetik aurrera pantailen erabilera egoki bat egitea ez da arazo bat, baina zer gertatzen da haurrak geroz eta lehenago hasten badira horiek erabiltzen?

Anna Ramis kataluniarra irakaslea eta pedagogoa da. Guraso taldeengandik jasotako kezken harira, pantailek haurrengan zer-nolako eragina izan zezaketen ikertzen hasi zen. De 0 a 3 nada de pantallas kanpaina sortu zuen gerora, jasotako informazio eta jakituria guztia zabaltzeko. Geroztik, bai bere sare sozialetan eta baita guraso taldeekin izaten dituen tailer eta hitzaldietan ere arrisku horien berri ematen du.

Pedagogoaren ustetan, pantailen erabilera goiztiar batek haurrei nahi dutena momentuan lortzeko aukera ematen die: marrazki bizidun hauek ez zaizkiela gustatzen? Aldatu egingo ditu. Aspertu egin da joko honetaz? Beste batean jolastuko da. Edo beste haur batzuekin erlazionatzeko aukera murrizten die, baita euren gurasoekin egoteko denbora ere. «Haur txikiek jolastu, deskubritu, korrika egin, hitz egin... denetik egin behar dute, pantaila baten aurrean geldirik egon beharrean», esan du Ramisek.

«Ez dut esan nahi teknologia berriak alde batera utzi behar direnik, baina kontuan izan behar da haurrei pantailek askoz gehiago kentzen dietela, ematen dietena baino», azaldu du Ramisek. Horregatik, tinko mantentzen da haurrek 3 urtera arte pantailarik erabili beharko ez luketela defendatzen. Haurra handitzen joan ahala, 6 urteak igarotzean, pantailekin egon beharreko denbora pixkanaka luzatuz joan daitekeela esan du Ramisek, baina «denbora hori ez litzateke izan behar bere denbora librearen heren bat baino gehiago», aipatu du.

Hori praktikara eramatea, ordea, ez da lan erraza, eta horretarako irakasleak esan du gizartea kontzientziatu beharra dagoela pantailen erabileraren eragin negatiboez, erretzearekin egiten den bezala. Bestalde, 3 urtetik gorako haurretan edukien kalitatea ere kontuan izan beharra dagoela aipatu du: «Elikaduraren kasuan, gurasoek kalitate oneko elikagaiak eman nahi izaten dizkiote haurrari. Teknologiari dagokionez ere kalitate oneko elikagai teknologikoak eman behar zaizkie».

Gurasoek eredu izan behar dute euren seme-alaben pantailen erabilerari dagokionez, Ramisen ustez: «Haurren pantailen kontrola helduen pantailen autokontroletik dator», gehitu du. Pedagogo eta irakaslearen ustez, helduek haurrei azaldu behar diete zer egiten ari diren gailu elektronikoarekin, gailu bakar batekin lan egin edo aisialdirako denbora igaro baitaiteke.

Kezka

Gurasoengandik kezka jasotzen du azkenaldian Ramisek, eta gaiari buruz gehiago jakin nahi duen jendearen kopurua igo egin dela kontatu du. Horrek poztu egiten du, pixkanaka bada ere, jendea kontzientzia hartzen ari delako. «Hala ere, erakunde publikoak presionatu behar direla uste dut, honen inguruan erabakiak har ditzaten», salatu nahi izan du.

Amaia Arroyok ere nabaritu du gurasoen kezka hori. Hezkuntza bereziko irakaslea da, eta Mondragon Unibertsitateko Kolaborategian dabil ikerketa lanetan, konpetentzia digitalak eta hezkuntza batzen, besteak beste. «Haurrak nola kontrolatu izaten da gehien galdetzen dutena, baina hezkuntzaz ari garenean, ez dugu kontrolatu behar: prebenitu egin behar dugu», argitu du.

Pantailak baliabide gisa ikusten ditu gaur egun Arroyok, kontraesanak alde batera utzi gabe: «Pantailak erabili nahi ditugu, baina, era berean, kezkatzen gara gehiegizko erabilera bat bultzatzen ari garelako». Eta hortxe dago aukera irakaslearentzat: erabilera hobe bat egiteko aukera ematen baitu egoera horrek.

Arroyok gehitu du helduek sarritan erabakiak euren adikzioetatik hartzen dituztela, hau da, eurek sakelarekiko mendekotasuna badute, haurrei segituan emango diete sakelakoa lasaitzeko edo entretenitzeko, benetan behar duten jakin gabe. «Kasu horietan gurasoek egin beharko luketen galdera hau izan beharko litzateke:zertarako?. Galdera horren erantzuna garbia ez bada, orduan hobe pantailarik ez ematea», aipatu du. Sakelakoa txupete batekin alderatzen du irakasle eta ikertzaileak.

Pantaila bat dagoen momentuan, helduak gidari eta eredu direla kontatu du ikertzaileak, eta gidaritza horretan, haurrei pantailekin ahalik eta harreman osasuntsuena izaten lagundu behar zaiela. «Hala ere, ez dago formula magikorik, familia bakoitzaren eredua eta baliabideak kontuan izan behar direlako beti», kontatu du.

Frantziako Pediatria Elkarteak kaleratutako ikerketa baten inguruan ere hitz egin du Arroyok: 0-3 urteen artean ahalik eta gutxien erabili behar dira pantailak; 3-6 tartean haurrek euren gailurik ez izatea gomendatzen da, eta gailuak erabiltzean beti lagunduta egon behar dute; 6 eta 9 urte bitartean, Internet esploratzen hasi daitezke; 9tik 12 urtera gune komunetan erabili beharko dituzte; eta 12 urtetik aurrera, gidaritza on bat egin bada, bakarrik utzi daitezke gailuarekin.

«Txikiak direnean momentu zehatz batzuetan pantailak erabili daitezkeela? Bai, noski. Ez da 'pantailarik ez!' esateko momentua, baizik eta zertarako jakitekoa», argitu du Arroyok. Haren kasuan, alaba txikiagoa zenean, eguraldia begiratzeko erabiltzen zuten sakelakoa. Egingo zuen eguraldiaren arabera, haurrari zein arropa jantzi behar zuen erabakitzeko aukera ematen zion, arrazoimena landuz joateko.

Kontzientzia sortu

Arroyok Ramisen iritzi bera du: kontzientzia sortu behar da, bai familietan, eta baita ikastetxeetan ere. «Helduok, adibidez, ez dakigu marra gorririk jartzen orokorrean, eta horrek haurrekin ere marra gorririk ez jartzea eragiten du», aipatu du.

Bestalde, gurasoen eta irakasleen arteko elkarrizketa bultzatzea gomendatzen du: «Askotan gurasoek konpentsazio bat nahi dugu: ikastetxeetan pantailarik ez, baina euren etxeetan pantailarekin daude denbora guztian. Hori ez da posible, eta horretarako behar da elkarrizketa», esan du irakasle eta ikertzaileak.

Azken urteetan miopia kasuak modu esanguratsuan igo dira mundu osoan, eta Laura Kortazarrek uste du geroz eta «gertuko lan» gehiago egiten delako dela igoera hori. Kortazar Donostia Ospitaleko Oftalmologia Pediatrikoko burua da, eta, haren esanetan, Gipuzkoan oftalmologia pediatrikoari dagokionez, «erreferentziazko zentroa» da haiena.

Oftalmologoak azaldu du betidanik egon direla miopia dutenak gizartean, baina azken urteetan gorantz egin duela kopuruak. Batez ere, Asia ekialdean igo da gehien kopuru hori: nerabeen %80-90 inguruk dute miopia. «Kontuan izan beharra dagoezaugarriek eta genetikak pisu handia dutela; hori da hain kopuru handia izatearen arrazoietako bat», kontatu du Kortazarrek.

Azkenaldian gizarte osoaren bizimodua aldatu egin dela nabaritu dute medikuek: «Azken hamar edo hamabost urteetan euren aisiaren zati oso handi bat pantailekin izaten da», gehitu du Kortazarrek. Gertuko lanaren ondorioz sortzen da miopia, eta azkenaldian gertuko lan hori pantailekin egiten denez, «hein batean» kasuak horren ondorioz sortzen direla esan du.

«Lehen, eskolan bakarrik egiten zuten haurrek gertuko lana. Orain, aisialdian ere gertuko lana egiten dute; gertutik fokuratzen igarotzen duten denbora handiagoa da», ohartarazi du Kortazarrek. Donostia Ospitaleko medikuak kontatu du normalean 7 eta 12 urteen artean agertzen dira miopia kasu gehienak, eta ingurukoek segituan nabaritzen dutela, «eskolan arbela ikusten ez duelako edo etxean telebistara gehiegi gerturatzen delako». Haur txikiagoetan ez da hain erraza izaten, eta pediatrarekin 4 eta 6 urterekin egindako azterketetan hautematen dira kasu gehienak.

Kortazarrek argi ditu miopiaren agerpena ahal den moduanfaktore genetikoak eta beste gaixotasun batzuk alde batera utzita atzeratzeko gomendioak: haurrek kalean denbora pasatzea, «argi naturalak miopia ez izaten laguntzen baitu»; pantailetatik distantzia on batera mantentzea, «ez oso gertu, ezta oso urruti ere»; pantaila bat aurrean denean argiztapen egoki bat izatea, «ez da gomendagarria ilunpean pantaila baten aurrean egotea»; eta, azkenik, pantailen tamaina kontuan izan behar da, geroz eta handiagoa izan, hobe.

Azken bi urteetan miopia kasuak apur bat apaldu diren arren, Kortazarrek aipatu du beharrezkoa dela gizartearen bizimodua aldatzea, kasu gehiago agertu ez daitezen. Gainera, ikerketari esker, gaur egun badira miopia baretzen edo atzeratzen duten hainbat elementu: apropina daramaten begietarako tanta batzuei esker, miopia baretzen dela dirudi, eta leiar berezi batzuk ere sortu dituzte. Hala ere, jendea arduratuta nabaritzen duten arren, uste dute neurriak hartzeko orduan jendeak ez duela neurririk hartzen edo motz geratzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.