Hego Amerikan, zehazki Bolivian egiten diren mendi garaietako espedizioetan, herrialdeko emakume indigenen lana sukaldari edo zamaketari izatera mugatu izan da hamarkada luzez. Egoera hori ikusirik, cholita esaten dieten emakume eskalatzaile batzuek haiek ere mendietara igotzeko eskubidea eta indarra dutela aldarrikatu zuten duela zenbait urte. Boliviako emakume indigenak dira cholitak. 2015. urtean sortu zuten eskalatzaile taldea, eta, ordutik, hainbat menditara igoak dira. Halaber, joan den urtarrilean, Ameriketako mendirik garaienera, Aconcagua mendira (6.962 metro), igotzera ausartu ziren, eta taldekideetako bik gailurreraino igotzea lortu zuten. Espedizio hartan bizi izandakoarekin Cholitas dokumentala filmatu du Iruñeko Arena Comunicacion ekoiztetxeak. Dokumental hori aurkezteko etorri dira Euskal Herrira cholitak; Bilboko BBK Mendi Film Festivalean egon dira aste honetan.
Mendia, pasioa izanik, aske sentitzeko eremua dela diote cholita eskalatzaileek, eta, espedizio horren bidez, duela gutxi arte beraien herrialdean eta inguruetan emakumeek mendietara igotzeko zituzten hesiak apurtu dituztela sentitzen dute; hala aitortu dute.
Elena Quispe, Cecilia Llusco, Lidia Huayllas, Dora Magueño eta Ana Lia Gonzales dira cholita eskalatzaileen taldeko partaideak. Aimara komunitatekoak dira bostak, eta El Palo (Bolivia) hiria dute bizitoki. 4.000 metroko garaieran bizi dira. Haien senarrek, edo gazteenen kasuan aitek, turisten eta kanpotarren mendi espedizioetako gidari lanak egiten dituzte, eta, ondorioz, cholitekondo dakite zertan datzan mendi bat eskalatzea. Gizonek erakusten dizkiete mendiak eskalatzeko teknikak, eta, askotan, turistekin batera joaten dira, «beti atzean gelditzen gara», aitortu du Quispek. Mendiko oinarrizko zenbait ikastaro eta ingelesezkoak ere jaso dituzte. Urte hauetan familiek eman dieten babesa eskertu dute: «Amets bat geneukan, eta beraiek lagundu digute betetzen».
Lehen aldia
Itsasoaren mailatik 6.088 metrora dagoen Huayna Potosi (Bolivia) mendira igo ziren, aurrenekoz, cholita eskalatzaileek. Emozioz gogoratzen dute gailurrera iritsitako momentua: «indarrik gabe ginen, baina gure arteko babesak eta geneukan ilusioak bultzatu gintuen goraino iristera», azaldu du Magueñok. Taldeko zaharrena da, 54 urte ditu, eta mende laurden baino gehiago darama espedizioen parte izaten. Eskalatzen, baina, duela lauzpabost urte hasi zen. Beheko kanpalekuan, senarrentzat zein mendiko turistentzat kozinatzen zeuden bitartean,amesten hasten zirela kontatu du. «Kanpalekuan bakarrik gelditzean, zerura begiratu eta hain goian gertatzen zena bizi eta sentitu nahi nuen nik ere». Hainbat urtez, amesteaz konformatu behar izan bazuten ere, aitortu du sekula ez zuela galdu noizbait esperientzia hori bizi izateko itxaropena: «Turista batzuk triste, beste batzuk alai, asko nekatuta eta zenbait haserre ikusten nituen, jakin-mina nuen jakiteko sentimendu haiek zeren ondorio ziren». Turista haiek bezala, haiek ere aukera bat nahi zuten. Gaur egun, 35 urteko Ana Lia Gonzales alabarekin aritzen da Dora Magueño mendiak eskalatzen. Horren erakusgarri da cholitek zer eragin duten Boliviako gazteengan: «Eredu gara, Boliviako emakume gazteek eskalatu edo bestelako kirolak egin ditzaten», esan du Gonzalesek. Harro sentitzen dira. «Guk beti esaten dugu zein adin dugun, hala jende gaztea motiba dezagun», gehitu du Huayllasek.
Haiei aukera iritsi zitzaienean, eskalatzeko prozesuak eta teknikak ikastea ez zitzaiela batere xamurra egin aitortu dute cholitek. «Hasieran, ez genekien tresneria nola erabiltzen zen: kaskoa, kranpoiak nola jarri, edo nola lotu behar ginen», kontatu du Quispek. Alokatutako tresneriarekin aritzen dira cholitak gehienetan, erosteko baliabide ekonomikorik ez dutelako.
Nortasunez, aldapan gora
Deigarriena ez da bost emakumeak munduko mendi garaienetaraigotzen direla. Haiek igotzeko soinean jantzita eramaten dituzten pollera deituriko gonak dira jendearen arreta erakartzen dutenak. Gona zabal koloretsuak dira pollera-k, eta bizkar zaku eta kranpoiekin zein sokekin uztartzen dituzte eskalatzaileek jantzi horiek. «Gure identitateak eta tradizioak ez galtzeko erabiltzen ditugu pollera-k, indarra eta adorea ematen digute», azaldu du Lluscok. Are gehiago, jantzi horiekin, beraien sustraiak oroitzen eta irudikatzen dituztela dio. Borrokaren sinbolotzat ere badituzte jantziak. «Honaino iristeko borrokatu behar izan dugunaren erakusgarri dira».
Wiphala bandera mendian gora doazela eramaten duten beste sinbolo bat da, hots, Andeetako herrialde indigenak ordezkatzen dituen bandera: «Banderarekin, landa eremua jatorri dugun indigenak garela erakusten dugu, eta, gainera, harro diogu», nabarmendu du Lluscok. Boliviarrak jende iraultzailea direla azaldu dute: «Eskubideen alde borrokatzeko grina dutenak, eta hori gure espedizioetan ageri da». Aldiz, jantzi eta bandera sinbolo gisa erabiliz, espedizioek nazioartean oihartzun zabala lortu duela azpimarratu dute. Halaber, kanpotik jaso duten babesa ikaragarria izan dela diote.
Diskriminazioa
Bolivian edozein menditara igo nahi dutenean, tradizioak hala eskatuta, aurrez eskalatzeko baimena eskatu behar izaten diote ama lurrari. Erritu bat betetzen dute. Horretarako, koka hosto batzuk eta alkohola lurperatzen dituzte. «Gure amonek hori erakutsi ziguten», azaldu du Huayllasek. Hala, mendian dauden espirituei baimena eskatzen diete hara igo ahal izateko, eta eguraldi ona eta zortea izateko.
2015. urtean sortu zuten emakume eskalatzaileen taldea, eta,hasiera hartan, 11 emakume izan ziren. Debekuen aurka aritu ziren: besteak beste, gaizki ikusiak zeuden haien herrialdean; batik bat, gizonezkoen aldetik. «Egiten ari garen bidea ez da batere erraza. Mendi gidari eta eskalatzaile batzuek diskriminatu egin gaituztela sentitu dugu», esan du Huayllasek. Gaineratu dute lana kentzen ari zaizkiela ere leporatu dietela. «Gu umiliatzen saiatu dira. Esaten ziguten ez ginela gai izango mendi horietara igotzeko eta bidean hilko ginela». Emakume eskalatzaileek aitortu dute kritikei entzungor eginda indartsuago egin direla. «Erakutsi diegu indarrarekin eta adorearekin edozer lortzeko gai garela. Ekintzekin erakutsi nahi genuen gure balentria, hitzekin baino gehiago». Berretsi dute xede nagusia dela andetar nortasuna aldarrikatzea eta emakumeek pairatzen duten diskriminazioa salatzea.
6.000 metrotik gorako mendietara igotzen badira ere, haien egunerokoa berbera dela nabarmendu dute: «Ederra da lortutako guztiaren ondoren familiarengana itzultzea», esan du Huayllasek. Gaineratu du lehenago diskriminatuak eta mendekoak zirela, baina orain badutela esperantza zer egin nahi duten erabakitzeko. «Norbaitek amets on bat badu, amesteak ez du kosturik, eta gauzatzeak ere ez. Hortaz, ametsak jarraitu eta lortu behar ditugu». Gonzalesek adierazi du ahaldunduago eta kontzienteago direla egun.
Amesten segitu nahi dute cholitek eta etorkizuneko erronketan jarria dute arreta. Ameriketatik kanpoko mendiak probatu nahi dituzte: Everest mendia da haien jomuga nagusia. Baina adierazi dute Txileko Nevado Ojos del Salado ere eskalatunahi dutela ere. Espedizio horietarako, baina, finantzaketa behar dute.
Ametsik garaienak eskalatzera
Aimaren komunitateko 'pollera' jantzi tradizionala soinean, mendiak eskalatzen dituzte Boliviako 'cholitek'. Emakume indigenen askatasuna eta ahalduntzea aldarrikatzea dute helburu. Bilboko BBK Mendi Film Festivalen izan dira aste honetan, beren espedizioari buruzko dokumentala aurkezten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu