Bihar hasita, 79 emanaldi eskainiko ditu 84. Musika Hamabostaldiak

Irailearen 1era bitartean, Donostiako eta handik kanpoko zenbait agertokitara zabalduko da jaialdia. Operarik ez da izango aurten, baina izen handiak espero dira, hala bakarka nola talde handian

Per Poc konpainiak Oedipus Rex opera oholtzaratuko du Kursaalean. DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Nagore Garmendia Artano
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

Donostia musikaz betetzen da 30 egunez, Musika Hamabostaldiari esker. Bihar hasi eta irailaren 1era bitartean egingo dute aurtengoa, jaialdiaren 84. aldia izango dena. Musika eta dantza uztartuko ditu beste urte batez, eta hainbat agertokitara zabaldu da eskaintza, bai Donostian eta bai Donostiatik kanpo ere. Bihar, inaugurazio egunean, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoa helduko da Kursaalera, eta bihar izango dira, halaber, Anacronia Ensemble, Nacho Castellanos & Gato Murr eta Vocaliaren kontzertuak. Horietaz gain, Donostiako Kresala dantza taldea ere ariko da bihar, Zerumugan ikuskizunarekin.

 

Ikusi gehiago:Hiru kontzertuk eta dantza emanaldi batek irekiko dute bihar jaialdia

Hamabostaldi Solidarioa ere egingo da jaialdiaren barruan, eta, irekiera egunean, Julia Blasco eta Suzana Nadejde sopranoen eta Luke Munguira tenorraren kontzertuak egongo dira, Zorroaga eta Aldakonea egoitzetan.

KURSAALEKO AUDITORIUMA

Kursaalak hartu ohi ditu jaialdiko ikuskizun handiak. Aurtengo aldian, Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak inauguratuko du oholtza, bihar bertan, eta Donostiako Orfeoiarekin batera arituko da hurrengo egunean, abuztuaren 4an.

Ballet Preljocaten Beltxargen aintzira ere ikusi ahalko da Kursaalean aurten, eta beste zenbait kontzertu ere emango dituzte: Chamber Orchestra of Europe, Grigory Sokolov eta Sinfonia n8 de los Mil emanaldia, besteak beste. Azken horrek Euskadiko Orkestra, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza elkartuko ditu kontzertu handi batean, zenbait bakarlariren laguntzarekin. Mitsuko Uchida eta Jonathan Biss pianoak ere arituko dira, eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Easo abesbatzak elkarrekin egingo duten Igor Stravinskiren Oedipus Rex emanaldia ere emango dute. Baita Anne-Sophie Mutteren eta Deutsche Kammerphilarmonie Bremenen kontzertua ere; bakarka, zein Andra Mari abesbatzarekin batera.

MUSIKA GARAIKIDEAREN ZIKLOA

Joera berritzaileenetan murgilduta dauden konpositore eta interpretatzaileei eskaintzen zaien espazioa da ziklo hau, eta Kursaalean izango dira emanaldiak, erabilera anitzeko aretoetan. Plural Ensemble, Noelia Rodiles, Elena Rey eta Jorge Monte, Silboberri eta Xelo Giner izango dira protagonistak.

ORGANO ZIKLOA

Nazioarteko hamabost organista handi arituko dira aurten ziklo honetan; bederatzi, lehen aldiz. Ana Belen Garcia izango da protagonista handienetako bat, eta Kalakan taldeko abeslari ohi Thierry Biskariren ahotsa eta perkusioa izango ditu lagun. Ataungo (Gipuzkoa) abesbatza ere arituko da, besteak beste, Jesus Gonzalo abeslariari laguntzen. Monica Melcovak ere ikuskizun berezia izango du; izan ere, Alaia Martin eta Andoni Egaña bertsolariekin batera arituko da oholtzan. Beste zenbait emanaldi ere emango dituzte; Thomas Trotter, Esteban Landart, Felix Hell eta Daniel Roth ere arituko dira bertan, beste batzuen artean, eta Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroko ikasleek osatuko dute zikloa.

ANTZINAKO MUSIKA ZIKLOA

Jorge Jimenezen El violin de Farinelli, Brezzaren El arte de preludiar eta Raquel Andueza sopranoaren Saguace d'amore izango dira Antzinako Musika Zikloaren barruan ikusi ahalko diren emanaldiak. Carlos Mena eta Daniel Zapicoren La Nouvelle Musique eta Vivid Consorten Sundrie ere emango dituzte.

GANBERA MUSIKAREN ZIKLOA

Cuarteto Trifolium, Francisco Fernandez-Rueda, Cuarteto Breton, Judith Jauregi, Soyoung Yoon eta Nadege Rochat, Josu de Solaun eta Adolfo Gutierrez Arenasen kontzertuak emango dituzte Ganbera Musikako Zikloan. Gainera, Andoni Mercero eta Susana Garcia de Salazar Trio Nacedorekin batera arituko dira From far, from evening and morning ikuskizunean.

INTERPRETE GAZTEEN ZIKLOA

Balio berriei eskaintzen zaien atala da Interprete Gazteen Zikloa, eta Musikeneko eta Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko gazteen emanaldiak emango dituzte: June Agirre, Cadenza Quartet, Ismael Gil, Kirudat Duo eta Claudia Besne arituko dira aurten.

VIKTORIA EUGENIA

Bi emanaldi izango dira Viktoria Eugenia antzokikoak: jaialdian askotan parte hartu duen Euskal Barrok Ensembleren kontzertua, eta Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso abesbatzako Kontari taldeak prestatutako Nora? haurrentzako opera. Azken hori Haurren Hamabostaldiaren barruan emango dute, beste ekitaldi batzuekin batera.

HAURREN HAMABOSTALDIA

Haurrek ere bai baitute beren tartea jaialdian. Euren artean oso ezberdinak diren emanaldi batzuk izango dira Haurren Hamabostaldian: Nora? -z gain, Hiru ganbera ipuinen kontaketa egingo dute Ander Edo narratzaileak eta Nerea Azkona harpa jotzaileak. Nerea Quinococes perkusionista ere arituko da bertan.

TABAKALERA DANTZAN

Tabakalera izango da, Kursaalarekin batera, aurtengo Musika Hamabostaldiaren dantza eskaintzaren erreferentziazko egoitza, eta lau emanaldi ikusi ahalko dira han: Vera Tussingen Palm of Your Hand, Poliana Limaren Las cosas en la distancia, Dani Hernandezen Cordoba Drone eta Blanca Arrietaren Eso.

MUSIKA AITZAKIA

Jaialdiko ziklo «ibiltariena» izan ohi da Musika Aitzakia, eta halaxe jaialdia hiritik ateratzeko zeregina beteko du aurten ere. Denera, hamasei kontzertu bilduko ditu aurten, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Lapurdin. Lehena ostiral honetan izango da, Ekoran (Araba), Nacho Castellanos & Gato Murr-en eskutik; larunbatean, Easoko Emakumeen Abesbatza Senpereko (Lapurdi) Saint Pierre elizan ariko da; eta igandean, Donosti Ensemble, Zumaiako (Gipuzkoa) San Pedro elizan. Donostiatik kanpo arituko direnen artean daude artista hauek ere: Duo Cassado & Ivan Vargas, Iruñeko Ganbera Abesbatza, Naroa Intxausti & Arkaitz Mendoza, Vivid Consort, eta beste.

Jaialdiaren urteroko txangoa ere itzuliko da aurten Santiago Bidera, Bidean aurrera, Irundik Gurutzera izen pean. Emanaldietarako sarrerak, bestalde, salgai daude dagoeneko: www.musikahamabostaldia.eus atarian eta Kursaaleko zein Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.