Juan Luis Zabala
ERRELEBOKA

Itzulia eta Lizardi

2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Dezepziorik gabe, espero zitekeenaren bidetik joan zen dena atzoko etapan: ihesaldi borondatetsua, etxeko txirrindulariak tartean zirela, eta mendiko lidergoa horietako batentzat; iazko irabazle Martinez eta aurtengo faborito nagusi Vingegaardeen arteko lehia Guardiako esprint bonifikatuan; eta esprint ederra Bastidan, Fraileren lan bikainarekin, haren taldekide Hayterren erremate finarekin, Aberasturi eta Aranbururen saiakerarekin.

Baina telebistan Euskal Herriko irudiei begiratu bitartean, bezperan Flandriatik iritsitako irudiak izango zituzten artean ere buruan zale askok, Pogacar, Van der Poel, Pedersen, Van Aert eta enparauek emandako ikuskizuna luzaz gogoratzeko modukoa izan baitzen. Eta igandean ez da makala espero Paris eta Roubaix artean.

Garai batean askoz ere oihartzun gutxiago zuten hemen Ardenetako harbideetako probek, eta orain hartu duten indarra bi ahoko ezpata izan daiteke Itzuliarentzat: batetik, apaletsi egiten du, bigarren mailako bihurtu; baina, bestetik, herenegungoa bezalako ikuskizunek ziklismoa ikusteko gogoa handitzen dute.

Aurtengo ibilbidean, erlojupekorik ez izatea da berrikuntza nagusia. Nik erabaki behar banu, erlojupekoa sartuko nuke Itzulian, baina, aukeran, ez azken urteetakoen modukoa, lehengo erakoa baizik: kronoeskalada labur baina gogor samarra mendi-auzoren batera, helmuga bertan jarrita, gero herrira jaitsi gabe. Kirol arloko motiboek baino gehiago, nostalgiak eta auzo horiekiko maitasunak bultzatzen naute hautu hori egitera, baina, kirolaren ikuspegitik begiratuta ere, gaur egun kronoeskalada gutxitxo egiten da, eta Itzuliak ekarpen polita egin lezake horretan.

Eta hala Lizardirekin estuago lotutako Itzulia izango genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.