Pastor
DARWIN ETA GU

Islandiarren zortea

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Twitterren 75.000 jarraitzaile lortu izana ospatu zuen ostegunean Joel Joan aktore katalanak. Ez, follower kopuru hori ez da kirolari edo artista ospetsuenek izaten dutenera hurbiltzen, ezta gutxiago ere, baina badu meriturik. Izan ere, hark bere hizkuntzaz baino ez du txiokatzen. Katalanez.

Herenegungo mezuan hauxe idatzi zuen Joel Joanek: «75.000 jarraitzaile baino gehiago, eta katalanez txiokatzen. Ez da deusik, hizkuntzak baino gehiago amorrarazten dituenik. Erabil ezazue». Eta espainiar unionista ugarik katalanari dioten gorrotoa nabarmendu zuen.

Joel Joan duela zortzi urte hasi zen Twitterren. Geroztik denetik esan diote katalan hutsez idatzi eta ez itzultzeagatik. Independentista izateagatik eta pentsamolde hori modu zirikatzailean azaltzeagatik. Duela bi urte mezu hau zabaldu zuen: «Gaur Espainian demokrata izateko modu bakarra independentista katalana izatea da, izan Mollerussakoa, izan Cuencakoa edo Bilbokoa». Orduan ere biziki asaldatu zitzaizkion. Eta galantak bota.

Euskal Herrian badira Twitterren euskara hutsez ari direnak, baina zenbat? Gainera, euskararen hiztun kopurua hizkuntza katalanarena baino askoz txikiagoa da. Hainbat lagunek batera erabiltzen dituzte euskara eta erdara. Esango nuke euskal politikari, pertsonaia publiko eta celebrity gehienek hala egiten dutela. Batzuetan garrantzi handiagoa du mezuen eduki motak erabileraren portzentajeak baino. Ondo dago Euskararen Nazioarteko Egunean edo Euskaraldian euskara erabiltzea. Hollywooden kontratu bat sinatu duzula edo Premier League-ko talde batek fitxatu zaituela euskara hutsez jakinaraziko zenuke? Zure informazio garrantzitsua euskara hutsez zabaltzeak balio, plus bat ematen dio euskarari.

Koronabirusaren garaian antzera gertatzen ari da. Desberdina da supermerkatuko atean Mesedez, soilik bi lagun barruan / Por favor, solo dos clientes dentro kartela jartzea, ordena horretan, edo alderantziz ipintzea. Edo soilik euskaraz. Lehengoan, aurrezki-kutxako ilaran: bertako langilea etorri eta zer nahi dugun galdetzen hasi da, banan-banan. Euskaraz. Andre bat aurreratu zaio: «¿Me puedes hablar en castellano, que no entiendo?». Emakume horrek bere eskubidea aldarrikatu zuen. Zer gertatuko zatekeen langile horren lehen hitzak espainieraz izan balira? Zenbat lagunek erantzungo geniokeen: «Euskaraz egingo duzu nirekin, erdaraz dakidan arren?».

Hizkuntza txikien patua dela argudiatuko dute. Euskarak baino hiztun gutxiago dituzten hizkuntzak badira munduan. Batzuk egoera hobean daude. Kasu gehienetan estatu bat dute atzean. Islandiera da horietako bat. Hiztun gutxi dituzten mintzairez hitz egiten dutenek errazago erakusten dute begirunea antzeko egoeran dauden hizkuntzekin. Audur Ava Olafsdottir idazle islandiarraren nobela bateko protagonista gaztea atzerriko herri batera joan eta bertako hizkuntza ikasten hasi da. Aitak azaldu dio ez dela beti praktikoa hain hiztun gutxi dituen hizkuntza bat ikastea, batez ere zureaz mintzo direnak ere gutxi direnean. Hala ere, datu hau eman dio gero: nonbait irakurri du astero hizkuntza bat desagertzen dela munduan.

Hizkuntzen estatusa, prestigioa. Erdaldun batzuen ustez, denbora galtzea da euskaraz sortzea. «Zergatik idazten duzu euskaraz?». Eta geure burua justifikatzen hasi behar dugu. Islandierak 320.000 hiztun baino ez ditu, baina islandiar bati ez liokete halakorik galdetuko. Hori zortea! Jaume Cabre idazleak erantzun borobila eman zion kazetari espainiar bati, hark zergatik idazten duen katalanez galdetu eta gero: «Zer hizkuntzatan idatzi beharko nuke, bada?».

Bai, zenbaitek ez dute ulertu nahi. Iraintzen hasten dira. Duela dozena bat urte, Whatsapp hedatua ez zen sasoian, SMS bat bidali nahi izan nion lagun bati. Euskaraz. Okerreko telefonora igorri nuen mezua, antza. Handik gutxira ailegatu zitzaidan erantzuna, penintsulako leku ezezagun batetik: «Tu puta madre, por si acaso». Ez dut hemen idatziko zer erantzun nion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.