Eusko Ikaskuntzak Donostian aurkeztu zuen mendeurreneko kongresuaren egitaraua, Tabakaleran, eta erakunde nazionala leku berera itzuli da, biltzar haren ostean garatuko dituen lan lerroak aurkezteko. Iñaki Dorronsorok (Ataun, Gipuzkoa, 1947) han bertan erantzun die BERRIAren galderei, nahiz eta elkarrizketaaldiro-aldiro eten behar duen:zorion mezuak ematera datozkio erakundeko bazkide eta eragileetako ordezkari ugari.
2018ko azaroan amaitu zenuten mendeurreneko biltzarra. Nolakoa izan da azkeneko urte eta erdiko bidea?
Kongresua eta mendeurrena antolatzeko, izugarrizko lana egin genuen. Ez zen izan soilik kongresua bera prestatzea; hiru urtean prozedura bat eta prozesu bat asmatu genituen, proiektuak antolatzeko, lantaldeak sortzeko... Adituen, arituen eta abarren artean, mila pertsona inguruk hartu dute parte gogoeta horretan. Eusko Ikaskuntzaren lan molde bat asmatzeko prozesu bat izan da.
Hortik abiatuta garatu dituzuehainbat lan lerro eta proiektuzehatz. Zer moduzkoa izan da ordenatze lan hori?
Kongresua oso ona izan zen, eta emaitza bat utzi du, izugarrizko agendarekin: zortzi lan lerro, 133 proposamen... 30 urterako lana dago hemen. Ondoren, ezingenuen hori dena batera martxan jarri; hautatu egin beharra zegoen. Hautaketa horretan denbora bat pasatu dugu.
Emaitzarekin pozik?
Oso pozik nago jendearen erantzunarekin, eta hori da azken lau urteetako emaitzarik inportanteenetako bat; kongresuaren ondoren, lantalde horiek ez dira erori,jarraitu egin dute. Badago gizartearen sektore bat prest dagoena Eusko Ikaskuntzak planteatzen dituen gaietan lan egiteko. Hor asmatu egin dugu. 2013an oso aldaketa sakona egin zuen Eusko Ikaskuntzak, eta baieztatzen ari gara Euskal Herriaren sektore batentzat oso planteamendu egokia egin dugula. Baina horrek denbora behar du.
Mailakatu egin dituzue proiektuak; «abiatze, sakontze eta eragite» fasean daude. Zeren arabera? Ildo guztiak ez ziren berdin zailak izango...
Ez da zailtasun kontu bat izan. Liburu zuria-ren aurretik, Liburu berdea egin genuen; aurreneko diagnostiko tankerako zerbait izan zen; puzzle bat. Eta, puzzle horretan, gune batzuk nahikoa ondo beteta daude, baina beste batzuetan hutsuneak daude. Beraz, gai batzuk atera egin ditugu Liburu zuritik. Horrez gain, sakontze fasean daude Liburu zuria-n jasota daudenak baina definizio puntu batean daudenak. Gure helburuen artean proposamen oso zehatzak egitea dago, ondo landutakoak. Hirugarren fasea eragitearena da; landuta dauzkagun proiektu batzuk gizarteratzea eta erakundeetan erabakiguneetan eragitea. Esaterako, Euskal Herrirako behategi bat sortzea.
Eusko Ikaskuntzak mendeurrenerako zeregin gisa hartu zuen gaur egungo eta etorkizuneko erronkei buruzko gogoeta egitea. XVIII. kongresua igarota, zein izango da orain erakundearen egitekoa?
Kongresutik sortutako ildo horiek guztiak kudeatzea izango da, ikasi dugun metodologia horrekin; hori hobetuz. Izan ere, gure akatsak egin ditugu, baina, agenda horren barruan, aktibatu egin ditugu lanean ari diren pertsonak. Gurpil horri ematen jarraituko dugu.
Iñaki Dorronsoro. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
«30 urterako lana dago hemen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu