Sayas eta Adanero kanporatzea babestu du Kontseilu Politikoak

Nafarroa Arenan UPNk egindako bilkuran, kideen %80,6k zuzendaritzaren proposamena babestu dute. Sayasek alderdia «hautsi» nahi izatea leporatu dio Esparza presidenteari

Javier Esparza, atzo, Nafarroa Arenatik irteten, zuzendaritzakoYolanda Ibañez eta Enrique Maiarekin batera. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Barne gatazka amaitutzat eman nahi izan du Javier Esparza UPNko presidenteak, baina egiazki hasi besterik ez da egin. Atzo alderdiko Kontseilu Politikoa batzartu zen Nafarroa Arena kiroldegian. Ostiral arratsean onartutako adierazpenaren alde bozkatu zuten bertaratutakoen %80,6k; beste %15ek, berriz, kontra egin zuten, eta modu horretan babesa adierazi zieten Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuei —beste %3,75ek zuri bozkatu zuten, eta botoen %0,6 baliogabetu ziren—. Sayasek eta Adanerok diputatu akta uzteko borondaterik adierazi ez dutenez, emaitza horrekin biak alderditik kanporatzeko prozedurari ekin dio UPNk. Zuzendaritzak ahalik eta azkarren konpondu nahi du auzia. «Zenbait egun» iraungo du.

Auzia bat-batean lehertu denez, Kontseilu Politikoa biltzeko tokia korrika eta presaka egokitu behar izan zuen alderdiak, ohiko Iruña Park hotelean Geroa Sozialberdeak alderdiak ekitaldia zuelako. Hala, haurren saskibaloi partidekin partekatu behar izan zuten bilkura garrantzitsua, Sadar zelaiaren albo-alboan.

Protagonista bakoitzak bere babesa irudikatu nahi izan zuen. 10:30ean, lehena iritsi zen Javier Esparza, alderdiko kide esanguratsuez inguraturik Yolanda Ibañez idazkari nagusia, Enrique Maia presidenteordea eta Angel Ansa, Cristina Ibarrola eta Miguel Bujanda parlamentariak. Ordu laurden geroago heldu zen Sayas, ondoan talde bat zuelatartean, Carmen Segura Alesbeseko alkatea eta Isabel Garcia Malo parlamentaria. 11:00ak pasatuta ailegatu zen Carlos Garcia Adanero. Bakarrik.

Bilkurak bi ordu eta erdi inguru iraun zuen. Irteten lehena Adanero bera izan zen. Haren esanetan, zuzendaritzak alderditik kanporatzea bilatu du. Dena den, partida nagusia ez da kontseiluan jokatuko: behin espedientea irekita, alderdiko berme eta diziplina batzordeak ebatzi beharko du. Adanerok espero du batzorde horrek bere azalpenak entzungo dituela. Horretarako, Jesus Aizpun UPNko sortzaile izan zenaren abokatu bulegoa aukeratu du.

Juridikoki, auzia ez da irudi lukeen bezain sinplea. UPNren estatutuen arabera, militante bat kanporatzeko, hutsegiteak oso larria izan behar du. Diputatuen arabera, Sayasek eta Adanerok egindakoa gutxienez arau hauste arina edo gehienez larria izan daiteke, baina horrek ez luke justifikatuko kanporatzea. Oso larria izateko, aurrez pentsatutako erabakia izan dela frogatu beharko da.

Hain justu, UPNko zuzendaritzak tesi hori defendituko du. Azaldutakoaren arabera, astelehenean izandako lehen bilkura batean hitzartu zen Adanerorekin eta Sayasekin lan erreformaren inguruko botoaren zentzua zuzendaritzak ezarriko zuela. Asteazken arratsean finkatu zen botoa, sozialistekin akordioa erdietsita. 23 ordu geratzen ziren bozketa erabakigarrirako. Esparzak atzo aipatu zuenez, hala Sayasek nola Adanerok komunikabideei baieztatu zieten, zuzendaritzarekin ados egon ez arren, alde bozkatuko zutela. «Ez zuten egin. Guztioi iruzur egin digute».

Bozkatzeko unean jakin zuen buruzagitzak gertatutakoa. Alta, eskuineko beste alderdietako kideak jakinaren gainean zeudela zabaldu da. Atzo, Pablo Casado PPko presidentearekin horri buruz hitz egin zuela baieztatu zuen Esparzak. «Esan dit PPk ez zuela jokaldi horretan parte hartu. Ez dut zertan zalantzan jarri». Haren lidergoa kolokan jarri da, baina, Esparzaren ustez, diputatuek UPN ahuldu dute: «Hitzeko alderdia gara. Asmatu dezakegu edo erratu gaitezke, eta, akordiora iristen bagara, bete egiten da. Hori jarri dute ezbaian».

Sayasen mezu politikoa

Atzoko kontseilu politikoan egindakoa defenditu zuen Sayasek alderdiko kideen aurrean. «Askatasunez eta duintasunez» egin zutela arrazoitu zuen. «UPN ezin da bihurtu Sanchezen oinpeko alfonbra. UPN ezin du zapaldu lan erreforma Espainiaren hobe beharrez zela dioen eta jarraian Espainia suntsitu nahi dutenei eskua luzatzen dien batek».

Sozialistek bi diputatuei aurpegiratu diete Voxek edo PPk euren botoa erosi dutela. Argudioa irauli zuen Sayasek: «Inork ez ninduen erosi. PSN ordaintzeko prest zegoen salneurria Enrique Maia ez gaitzestea bazen, ez zen nahikoa. Maiz kritikatu izan dugun azokan sartzea da hori». Haren irudiko, «prezio bakarra» izan beharko luke Sanchezek: alderdi abertzaleekin haustea.

Esparzari hordagoa bota zion. «Hain ziur badago militanteek lan erreformaren aldeko botoa nahi zutela, batzarra egin dezala». Haren hitzetan, diputatuek ez zuten akordioa hautsi: «Gu kanporatuta, ez da alderdia eraiki nahi, alderdia hautsi baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.