Talaia Feminista sortu dute: estatu feministarantz eragiteko tresna

Talaia Feminista txosten bat izango da, Euskal Herriaren koiuntura eta trantsizio feminista aztertzeko. Talde bat sortu nahi dute, datorren urtean lehen txostena kaleratzeko

Talaia Feminista aurkezteko eta hari buruz hitz egiteko elkartu ziren 80 emakume inguru atzo, Iruñeko Zitadelan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Iruñea
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Euskal estatu feminista bat dute xede, eta, horretarako, trantsizio feministaren beharra nabari dute Euskal Herrian. Ideia horren bueltan batu ziren atzo 80 emakume subiranista, ezkertiar eta independentista, su baxuan egosten ari den trantsizio feministarako tresna ezagutarazi eta hartaz hitz egiteko: Talaia Feministaz.

Baina zer izango da zehazki? Oraindik erabakitzeke daukaten maiztasunarekin argitaratuko duten txosten bat, bi atalekoa: Euskal Herriaren koiunturaren azterketa bat begirada feministatik, eta Euskal Herriko trantsizio feministaren azterketa bat. Lan saioa egin zuten atzo, eta, haren aurretik, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusi ohiak aletu zuen proposamena: «Euskal Herria feminismotik edo feminismoetatik aztertzea, arakatzeaeta horrekin txosten bat egitea». Ordea, ez dute nahi txostena tiradera batean gordeta gera dadin; tresna bat izatea nahi dute, eragitea: «Interpelaziorako eta intzidentziarako tresna izan daiteke. Bide bat egiteko anbizioa du, eta eztabaida politiko eta sozialean eragitekoa».

Lan saioan ikusi denez, ziurtasun eta ideia adina zalantza eta galdera dituzte oraindik. Azken batean, horixe izan baita saioaren helburua: elkartzea, saretzea eta proiektuaren zumeak jartzea. Baina azaldu dute, gehiago edo gutxiago, zer izango den egitasmoa: « Euskal Herria estatu feminista egingo badugu, prozesu baten emaitza izango da. Prozesu horrek egiturak behar ditu, egituratua izan behar du. Prozesu horretan ari garenok tresnak behar ditugu, eta hau bat izango da». Esan dute zer ez den izango ere: «Ez goaz eragile berri bat sortzera, eragileak garelako lan politikoarekin, praktikarekin, akademikoarekin... Ari gara». Eta galderak galdera, argi dute zer ez dagoen dudan: «Ez dugu eztabaidatzen Euskal Herrian estatu feminista bat nahi dugun. Nahi dugu, eta horregatik batu gara. Ez dugu eztabaidatzen feministak garen. Feministak gara».

Tresnaren aurkezpen orokorra egitearekin batera, Euskal Herriko eredu patriarkala eta kapitalista aztertu dute, bost dimentsio edo ardatzen bueltan. Lehenik, horien inguruko analisia egin dute bost adituk, eta, gainera, Jule Goikoetxea EHUko irakasleak gogorarazi du loturak daudela dimentsio batzuen eta besteen artean. Adituen hitzaldiak entzun ostean, parte hartzaileek taldeetan eztabaidatzeko aukera izan dute, eta ardatz bakoitzari lotuta txostenari zer eskatu erabaki dute. Ondorio nagusien berri emanda eta aurrera begirako lan ildoak zehaztuta amaitu dute saioa: talde bat sortu asmo dute, datorren urtean lehenengo txostena kaleratzeko.

ESTATU EGITURAK

Laura Gomezek egin du ardatzaren irakurketa. Haren esanetan, trantsizioan erabaki beharra dago zer egiteko izango duten instituzioek, eta uste du ezin zaiola muzin egin erakundeak okupatzeko borrokari. Taldeak, berriz, zenbait ondorio atera ditu: «Zergatik den inportantea estatu egituretan lan egitea? Nahiko ados egon gara estatu egiturek zuzeneko lotura daukatela guztion eguneroko bizimoduarekin, eta politika publikoek gaitasuna daukatela gizartea eraldatzeko, aldaketak iraunarazteko, boterea edo aberastasuna banatzeko, eta, alde horretatik, emakumeen bizitzak hobetzeko». Txostenerako, proposatu dute orain arte izandako esperientziak aztertzea: «Aztertzea non gauden, zer instituziotan egon garen, zer-nolako jarduera alternatiboak jarri diren martxan...».

EKOSISTEMA EDO LURRALDEA

Mirene Begiristainek eman ditu nozioak ekosistemaren gaian. «Muga-mugan gaude», ohartarazi du. Eta eskatu du gogoan izateko baliabideak ez direla mugagabeak. Nabarmendu du: «Natur sistemak eta komunitateak —gu— ez gaude banatuta. Askotan, inguruneari begiratzen diogu agertoki, testuinguru edo paisaia batbalitz bezala, ikuspegi oso kosifikatua dugu, eta hori da sistema kapitalista, patriarkal, kolonialista, arrazista eta hirizentrikoak zeharkatzen gaituena». Lantaldeak garrantzitsutzat jo du dimentsioa kontuan hartzea; besteak beste, «ekofaxismoa» datorrela ikusten dutelako. Autokritikarako tartea ere hartu dute: «Ekofeminismoaren inguruko kontzientzia falta zaigu».

INDARKERIA MATXISTA

Zaloa Basabek izan du hizpide indarkeria matxista. Argi du trantsizioan indarkeria matxistari erreparatu behar zaiola, desberdintasunean oinarritutako sistema orok indarkeria behar baitu irauteko. Alegia: «Ez dago trantsizio feministarik indarkeriari aurrez aurre begiratu gabe». Ildo bertsutik jo dute eztabaidako kideek ere: «Dena baldintzatzen duen ardatza da; munduari forma ematen dio, baita Euskal Herriari ere». Gai horretan, «zuriketa» nabari dute: «Indarkeria matxista aitortu, aitortzen da, baina ez da itzultzen prebentzio neurrietan». Txostenera begira, adierazi dute zailtasunak eragin ditzakeela Euskal Herriaren zatiketa administratiboak; esaterako, Ipar Euskal Herriko datuak lortzeko.

LANAK

Jone Etxeberria izan da lanaren arloan irakurketa egin duena. Hark esan du lanek baldintzatzen dutela emakume langileen bizitza. Azaldu duenez, sistemak lan ordainduak hartzen ditu ekonomiatzat, eta ordainduak ez diren lanak ikusezin bihurtzen ditu. Eta zaintza sartzen da hor: «Zaintzari eskaintzen diodan denbora ezin diot lan ordainduari eskaini». Iradoki du: «Aztertu behar genuke nork ez dituen zaintza lanak egiten». Parte hartzaileek, bestalde eskatu dute gauza «estruktural» gisa tratatzeko lana, sistema sostengatzen duen zerbait bezala. Euren buruari galdera batzuk ere egin dizkiote: «Zer pribilegiori egingo diogu uko Euskal Herriko emakume bezala? Zer emakumeri aitortuko dizkiogu eskubideak?».

IDEOLOGIA

Oihana Etxebarrietarena izan da gaia aztertzeko ardura. Botereaz gogoetatu du, besteak beste. Eta galdetu: «Nabarmena da botere gunetzat identifikatu diren instituzioetan kopuruetan gora egin duela emakumeen parte hartzeak. Baina boterean irabazi dugu? Boterea gure egin dugu?». Emakumeek espazioak irabazi izanak sortu dituen erreakzioak nabarmendu dituzte parte hartzaileek: «Espazio ideologiko-publikoa gureganatuz goazen heinean, urratsak eginez goazen heinean, erreakzioa ere itzela da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.