Koronabirusa. Hezkuntza

EHUren fakultate batzuek atzeratu egin dute hasiera, guztia prest ez zeukatelako

Ikasturtea martxan jarri dute unibertsitate publikoan, eta gorabeherak izaten ari dira fakultate batzuk; komunitatearen ezinegona nabaria da

Gasteizko Letren Fakultateko artxiboko irudia. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun

Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateak atzeratu egin du hezkuntzako graduen ikasturte hasiera —kirol arlokoa, ez—. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleek atzo eta gaur dituzte aurkezpenak —lehen bi mailetan, aurrez aurre, eta beste bietan, Internetez—, baina ez dute eskolarik izango aste honetan. Igor Camino Ortiz de Barron dekanoak BERRIAri adierazi dio erabaki hori hartu dutela lehen astea «patxadaz» hartzeko, eta hartara «hasiera egokia» bermatzeko.

Hezkuntza ikasketetako irakasleek eta ikasleek atzo goizean jaso zuten mezua. Dekanoaren arabera, egoera aztertzen aritu dira azken egunetan, eta eskolak atzeratzeko erabakia hartu dute. Haren esanetan, azpiegiturak prest daude, baina «azken ukituak» falta dira, batez ere ekipamendu teknologikoei dagokienez.

Ez dira bakarrak izango. «Horrelako egokitzapenak datozen asteetan ere egin beharko dira seguru aski, egoeraren bilakaeraren arabera», azaldu du Iban Igartua Arabako errektoreordeak.

Izan ere, ikasturte honek aldaketa nabarmenak ekarriko ditu EHUra. Besteak beste, mugatu egin dute geletako gehienezko ikasle kopurua, eta aukera emango dute eskolak Internet bidez jarraitzeko. Gel hidroalkoholikoa ere jarri dute sarreretan, eta unibertsitateko kideei aholkatu diete ez ditzatela «musu eta besarkadak» eman. Sintomak dituztenei eskolara ez joateko eskatu diete.

Hezkuntza eta Kirol Fakultatean soilik ez, aldaketak izango dira Gasteizko Letren fakultatean eta Ingeniaritza Eskolan; lehen asteko eskolak ez baitituzte aurrez aurre emango, Internetez baizik.

«Irakasleok haserre gaude»

Azken orduko aldaketek ezinegona eragin dute unibertsitateko komunitatean. Ainhoa Ezeiza Hezkuntza Fakultateko irakaslea, adibidez, Gasteizerako bidean harrapatu zuen atzo eskolak atzeratzeko erabakiak. «Ari dira ea gauzak hobera doazen, baina ez da kasua. Erabakiak ez hartzeagatik atzeratzen da dena». Ohartarazi du ikasturte hasiera «kaosa» izaten ari dela, eta «ezer jakin gabe» ari direla.

Eskolak aurrez aurre emateko erabakiarekin kritiko da Ezeiza —irakasleei online prestakuntza ematen ari da urte luzez—: haren ustez, izan ere, oraingo egoeran ez dago modurik aurrez aurre aritzeko. Ohartarazi du ikasle batzuk izango direla gelan, baina erdiak etxetik arituko direla, eta eskolan bertan daudenei ez hitz egiteko gomendatu dietela. «Klase magistralak emateko, zertarako behar dute etorri?». Badituzte bestelako eragozpenak ere: jantokietan mugak dituzte, gelan ezin dira mugitu, garraiobideak ez dituzte ugaritu...

Egoera ikusita, Ezeizak dio «eztanda» egingo duela egoerak unibertsitatean. Ezinegona nabari du. «Beharbada, ikasleek planto egin dezaten zain gaude irakasleok». Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan grebara deitua dute sindikatuek datorren asterako, eta ikasleen artean ere ari dira grebarako deia zabaltzen —Ikasle Abertzaleek eta Unibertsitateko Indar Batasunak, esate baterako—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.