Lindano kutsadura Bizkaian. Lemoizko kasua

«Goizez, zaborra botatzen zuten, eta, gauez, lindanoa»

Larrezabalen inerteen zabortegi bat jartzeko proiektuari oniritzia eman zion Jaurlaritzak, baina egitasmoak ez du aurrera egin, traba administratiboengatik. Orubeko errentariak uste du Jaurlaritzak interesak izan ditzakeela bertan, Lemoizko zentraleko hondakinak isurtzeko.

Patxi Calvete, Larrezabaleko eremu kutsatuan. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Amagoia Mujika Tolaretxipi, Iñaki Petxarroman
Lemoiz
2019ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Autora sartu orduko metano usainaz ohartu dira bidaiariak, Lemoizko Jatako zabortegira (Bizkaia) gerturatzen ari direla. Jata mendiaren magalean dago, duela bi urtetik itxita, lur eta geosintatikoek estalia. Patxi Calvete atarian dago zain, Juan Quel bere abokatuarekin batera, BERRIAk jarritako hitzordura ordu-orduan iritsita. Jatako mendiaren mendebaleko hegalera begira jarri da, Larrazabale eremura, hara joateko prest. Han jarri nahi zuen inerteen hondakindegi bat Calvetek, 1980eko hamarkadara arte zabortegia izan zen leku berean, eta, Eusko Jaurlaritzak proiektua onartu zion arren, geldirik dago tramite administratiboak ezin gaindituta.

Calvetek 40 langilez osatutako hondeamakina enpresa bat zuen 1980ko eta1990eko hamarkadetan. Hondakindegiak etenik gabeko jarduera zuen sasoian, han zebilen lanean, lurrak batera eta bestera mugitzen. «Ondotxo» daki zein mugimendu zeuden Jata mendiko zabortegietan. «Goizez zaborra botatzen zuten, eta gauez, lindanoa. Enpresa kimikoek lindanoa jaurtitzeko kontratatzen zituzten kamioiek iraulketa egin, eta hor joaten zen dena. Orduan, inork ez zekien zein arriskutsua zen. Orain, bai». Dena den, urteetan botatakoak han segitzen du, ziurtatu duenez.

«Hor ere badago, eta han ere bai, baita eukalipto gazte horiek landatuta dauden eremuan ere», dio hatzez seinalatzen dituelarik sasiz eta eukaliptoz beterik dauden eremuak. Jatako zabortegira begira ere burua goitik behera mugitzen du, han ere lindanoa ote dagoen galdetzean.

Larrazabaleko orubea alokatuta dauka. Lokarri gorri baten bidez hesiturik dauzka lurrak; hura zabaldu, eta autoan, hartxintxarreko errepidean behera doala, landaren jabea balitz bezala dihardu. «Neu naiz hemengo arduraduna, alokairua daukadan bitartean, eta ahal dudana egingo dut proiektua gauzatzeko».


Lindano isurketak egin zituzten lekutik kilometro eskas batera dago Lemoizko zentral nuklearra. Luis Jauregialtzo / FOKU

Metro batzuetara geratu du autoa. Plastikozko zinta horitu batek lotzen ditu bidexka baten ertzetan dauden zuhaixkak. Ertzaintzak duela bi urte handik ez igarotzeko ezarritakoaren arrastoa da zinta gastatua. 2017ko ekainean aurkitu zuten lindanotik babesteko hartutako neurri bakarra, baina hantxe jarraitzen du galipot itxurako harea zuriak, makila batez mugi daitekeen klera likinak, jaurti zuteneko zaku puskatuetan. Ustel usaina dario, «eta hau ez da ezer», egin du ohar Calvetek. «Udako egun beroagoetan sekulako kiratsa egoten da».

Zabortegi proiektua

Hain justu, inguru hori garbitu eta inerteen zabortegia eraikitzeko Ingurumena Hobetzeko Proiektua aurkeztu zuen Patxi Calvetek, eta onartu egin zion Jaurlaritzak 2009an. 2011n proiektu hori bera berrituta aurkeztu zuen, non lur horietan lindanoa zegoela ohartarazi zen. Izan ere, 2009an proiektua idatzi zuen Txomin Bargosek gomendio hau egin zuen: «Zabortegi hau itxi zen Garbikerrek berea ireki zuenean, eta mugak ez daude argi. Zabortegi berria doan lekuan ez dago informaziorik jarduera potentzialki kutsakorra ote zen, eta, beraz, ez da baimenik behar, baina komenigarria litzateke ikerketa historiko bat egitea mugak zehazteko, ez dadila ezustekorik atera prestaketa lanak egiten diren bitartean. Komenigarria da Mungiako Udalarekin [Lemoizko lur sail horiek Mungiarenak ziren orduan] eta Bizkaiko Diputazioarekin hitz egitea, baita Garbikerren orduan aritu zen norbaitekin ere, zabortegia zigilatu zuten jakiteko».

Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren oniritzia eskuan, Arantzazu Dobaran Agirrek, Calveteren emazteak —haren izenean dago enpresa—, idatzi bat aurkeztu zuen Lemoizko Udalean, jarduerarako baimena eskatuz, «Larrazabale parajeko lurretan ingurumen hobekuntzak egiteko», dio eskaera agiriak. Udalak hiru agiri aurkezteko eskatu zion: Bizkaiko Diputazioaren mozketak egiteko baimena, Ura agentziarena, eta BI-3117 errepidean kamioiak ibiltzeko diputazioaren baimena. Idatzi horretan ohartarazi ziotenez, «eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, uko egingo zaio eskaerari». 2011 zen.

Krisia bete-betean zen, eta, harekin bat, zabortegia eraikitzeko atzerapenak eskatuz joan zen, garai hobeak iristeko zain, baita errepideen baimena jasotzeko esperoan ere, «traba burokratikoak» besterik ez baitzituen izan. Hiru hilabetean behin atzerapenak eskatuz joan zen, «batere arazorik izan gabe»; baina 2016ko uztailaren 21ean, atzera botatzeko txostena abiatuko zutela zioen agiria jaso zuen. Honela zioen Lemoizko Udalak: «2011ko ekainetik gaur arte Cruz Arantzazu Dobaran Agirrek hiru hilabeteko luzapenak eskatu ditu dokumentazioa osatzeko batere justifikaziorik gabe, arazo burokratikoak soilik argudiatuta». Alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea eman zioten, eta, harrezkero, auzi administratiboetan dihardute.

«Arazo burokratikoak» ordea, «bete ezin diren baldintzak» dira, Juan Quel Calveteren abokatuaren iritziz. Quelekin jarri zen harremanetan udalaren agiria jaso zuenean. «Zuhaitzen mozketa baimena aurkeztu genuen, Ura agentziaren baimena ere berritu genuen, eta berriz eskatu nuen errepideen baimena, bete ezin diren baldintzak jarri zizkiotelako». Errepidea zabaltzeko eskatu zioten, eta seinaleak jartzeko. «Hori ezinezkoa da, partikularrak direlako, eta BI-3117 errepideaz hitz egiten ari garelako, foru aldundiaren gain den errepide batez, ez etxera garamatzan bidezidor batez. Hori diputazioaren eskumena da».

Udalaren jakinarazpena jaso ondoren, diputazioari eskatu zion lizentzia emateko Garbiker SA Jata zabortegirako errepidea erabiltzen ari zen baldintza beretan. «Garbikerrek ez du inolako baimenik behar izan, ez du inolako eskakizunik jaso 400 kamioi baino gehiago egunero handik pasatzeko. Diputaziokoekin bilerak egin genituen esateko baldintza berak nahi genituela, eta guk, gainera, ez genituela hamabost kamioi baino gehiago erabiliko. Bizkaiko errepideen arauak dioenez, ez da beharrezkoa proiekturik aurkeztea, edukiera ez delako handitzen». Abokatuak eskatuta, Garbikerren txosten bat ere jaso zuten, non baieztatzen den ez dutela inoiz baimenik behar izan.


Jatako zabortegian ere lindanoa dagoela diote lekukoek. L. Jauregialtzo / FOKU

Diputazioarekin izandako bilera gogoan du Quelek: «Erantzuna izan zen diputazioak ez duela kontrolatzen zenbat ibilgailu igarotzen diren egunean. Nola erantzun diezaguke, beraz, ibilgailu gehiegi igaroko direla, kontrolik ez badu. Hau izan zen erantzuna: «Garbikerrek baimenik gabe igarotzen baditu kamioiak, horrek ez du esan nahi zuk gauza bera egin dezakezunik».

«Prebarikazioa» ikusten du abokatuak: «Tratu baztertzailea egon da. Batzuei ez zaie eskatzen, eta beste batzuei, bai». Garbikerren Jata Zabortegiaren jarduerari eta errepidea erabiltzeari buruzko informazioa eskatzeko idatzi bat ere bidali zuten, Diputazioko Herrilanetako Sailera, 2017ko otsailean, eta baita errepidea erabiltzeko bete beharreko baldintzei buruzkoa ere. Erantzunik ez dute jaso.

Ordea, errepidea erabiltzeko baimenari uko eginez agiria iritsi zitzaien 2017ko ekainaren 12an. «Emandako epea gaindituta, eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez denez, eta espedientearen tramitazioarekin jarraitzeko beharrezko tramiteak egin ez direnez, ondorioz, uko egiten zaio egindako eskaerari, eta artxibatu egingo da tramiterik gabe».

Hori ikusirik, Bizkaiko Diputazioan 2017ko irailaren 5ean aukerako berraztertze errekurtsoa jarri du Quelek. Bere arrazoia: «Ez zaigu daturik erraztu, eta, gainera, trabak jarri dituzte administrazioak eskatutakoa betetzeko; beraz, ezinezkoa da leporatzea dokumentuen berandutzea».

Bizkaiko Diputazioan aukerako berraztertze prozesuan, besteak beste, eskatu du Jata zabortegiak kamioien joan-etorrirako izan beharko lukeen baimenaren kopia, hala nola kamioi kopuruarena. Zehaztu duenez, «konparaziozko bidegabekeria gertatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiak alde honi emandako tratuaren eta Garbiker SAri emandakoaren artean, zeinaren akzionista bakarra Foru Aldundia bera den». Horrez gainera, salatu du zabortegia handitzeko errepide horretan 1998an egindako lanak Foru Aldundiak egin zituela, Garbiker SAk egin beharrean.

Gasteizko eta Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegietan ere ezarri ditu auzi eskeak, Bizkaiko Diputazioari emandako argudio berak erabiliz, bai eta administrazioak iraungitzeko hartutako erabakiaren kontra ere.

Zabortegitik Lemoizera

Zabortegia eraiki aurretik prestakuntza lanak egiten hasi zen guneraino gidatu du Calvetek. «Zati honetan ez dago lindanorik. Lurrez betetzen hasi nintzen, lurzoru hau guztia berdintzeko lehen urratsa egiten, baina Lemoizko Udalak, Ertzaintza bidali, eta gerarazi egin ziguten obra, hasi eta bi hilabetera». 2017ko ekainaren 11 zen, Ekologistak Martxan-ek bere lurretan lindanoa aurkitu zutela salatu baino lau egun lehenago.

Eremuarentzat proiektu «aproposa» da oraindik ere, ordea, Quelentzat: «Eremu kutsatzaile honentzat proiektu bat eginda dago. Ihobe ingurumen departamentuak ez du oztoporik jarri. Exekuzioa zuzena da, Jaurlaritzaren ingurumen teknikarientzat egokia da, eta lindanoaren arazoari irtenbidea ematen dio».

Calvete maldan behera begira jarri da. «Hemendik 500 metro eskasera dago Lemoizko zentral nuklearra. Hemendik ez da ikusten, baina malda sasiz garbituz gero, zuzen-zuzen iristen zara hara». Autoa hartu du berriz, Jatako zabortegiraino igo, eta BI-3117 errepidetik —aldaketak egiteko eskatzen dioten lekutik— Lemoizerainoko bidea egin du, Urbieta urtegitik igaro ostean. «Pentsa nola dauden urok, hegaztirik ere ez dago. Honaino heltzen dira zabortegietatik igarotzen diren bi errekak. Hor jarri nahi dute arrain haztegia», esan du barrez.

Lemoizko argazkia izugarria da: itsasartean txertatutako masa gris herdoilduen mihise erraldoi bat dirudi. «Hortxe egon gara lehen», dio abokatuak, Lemoiztik gora begira, zuzen-zuzen gorantz daukan besoak sasiz betetako gunea erakusten duela. «Arantxa Tapiak [Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua] 2017ko azaroan iragarri zuen Lemoizko zentrala eraitsi eta arrain haztegia egiteko proiektua. Sasiak-eta garbituta, gertu-gertu lukete zabortegia zentraleko hormigoi, burdina eta hondakin kutsagarriak botatzeko. Material kutsatua lur kutsatuaren gainera. Gure egitasmoa atzera botatzeko arrazoia zein izan zitekeen konturatu nintzen orduan».

Jaurlaritzak ukatu egin du zentralerako plan zehatz bat dagoela. «Ez dago ezer oraingoz», erantzun dute Arantxa Tapiaren Sailekoek; alegia, lurrak Jaurlaritzaren esku geratzeko exekuzioan daudela oraindik. «Ez dago ez proiekturik, ez plangintzarik, ezta hondakinak nora botako diren zehazturik ere. Jaurlaritzak eskumena lortu arte ez dago ezer». Erantzun horrek ez du konbentzitzen Quel, baina, «hala balitz ere», uste du bere bezeroak ingurumena hobetzeko eta eremu hori lehengoratzeko proiektu «egokia» dela, beste alternatibarik egon ezean.

Administrazioaren jarrera salatu du, «administrazioak daukan utzikeria, batetik, eta ezkutukeria, bestetik», baina zaila dela us auzibideetatik onurarik ateratzea: «Juridikoki, oso zaila da zerbait lortzea; lor daitekeen bakarra da txostenaren iraungitzea ez deklaratzea, eta jarraitzea. Baina betetzea ezinezkoak diren eskakizunak badauzkagu, hasierako tokian geundeke. Bien bitartean, asmoa dut egoera politikoki eta komunikabideetan salatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.