Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra. Horixe izango da gaur Euskal Herriko Mugimendu Feministakkarrikara aterako duen leloa. Deitzaileek argudiatu dutenez, «kriminala eta jasanezina» den «sistema «heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitista kiskali» nahi du mugimendu feministak, eta, hori aldarrikatzeko, nonahiko herri, hiri eta auzoetako karrikak hartzera deitu du.
Baionan, elkarretaratzea eginen dute 18:00etan Merkatu plazan. Gainerako hiriburuetan, berriz, herritarrak manifestatzera deitu dituzte. Bilbon, 19:30ean hasiko da Jesusen Bihotzean; Donostian, Antiguako tunelean elkartuko dira, 18:30ean; Gasteizen, 19:00etan abiatuko da San Anton plazatik, eta, Iruñean, 20:00etan aterako da Antoniuttitik. Horrez gain, bertze hainbat herritan ere manifestazioak zein bertzelako ekintzak antolatu dituzte. Berriz ere morez jantziko dira Euskal Herri luze zabaleko karrikak.
Gaurkoak izango dira aldarri eta mobilizaziorik handienak, baina, ez bakarrak. Asteburua aprobetxatuta dozenaka herritan antolatu baitituzte Martxoaren 8aren bueltako hitzaldiak, ekitaldiak eta bestak. Horien artean nagusia Antsoainen (Nafarroa) egin dute Femininistok Fest jaia. Aldarrikapen feministak eta jaia uztartu dituzte bertan.
Gaurkoak zein asteburuan iragandakoak aldarri bera dute: «Bizitzea» merezi duen mundu bat eraikitzea. Hain zuzen, horixe aldarrikatu nahi du mugimendu feministak, eta horretarako ezinbertzeko tresna feminismoa dela aldarrikatuko dute: « Ezinbestekoa da antola gaitezen. Jendarteak indibidualismorantz bultzatzen bagaitu ere, guk lan kolektiboaren aldeko apustua egiten dugu, gutasunetik lan egitekoa, herrietako asanbladetan, kolektiboetan, lagun zein auzolagunekin...».
Azken urteetan feminismoaren aldarri nagusietako bat izan da «bizitzak erdigunean» paratzekoa. Orain, horren beste azterketabat egin asmo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Halaxe aurkeztu zuen Ane Zaldua Larraza mugimendu feministako kideak otsailaren 24an egindako aurkezpenean: «Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugu, baina, erdigune hori okupatzeko, botere egitura eta harremanak eraldatu behar ditugu. Iraultza feministak bizitza politizatzea eskatzen du, egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea, gure gorputzak arautzen dituzten botereez kontziente izan eta horiek errotik eraldatzeko prest egotea. Gatazka saihetsezina da itotzen gaituen sistema hau bukatzeko».
Bide horretan, bizitzak duintzeko bete beharreko hainbat puntu nabarmendu ditu mugimenduak bereziki aurtengoan. Bertzeak bertze, egun indarrean dagoen zaintza eredua berrikusi behar dela nabarmendu zuen Zaldua Larrazak,egitasmoen aurkezpenean: «Egungo eredua emakumeon gainesplotazioan oinarritzen da, eta, bereziki, emakume migratuenean: aliantza heteropatriarkal, kapitalista eta kolonialista da». Bizitzan zehar zainduak izatea pertsona ororen «eskubidea» izan behar dela aldarrikatu zuen: «Bizitzaren sostengurako ardura kolektiboa eskatzen dugu, zaintzen antolaketa soziala politika publikoen zehar lerroa izan dadin eta ez daitezen emakumeon gain* erori, merkantilizatu edo norberaren aukera ekonomikoen arabera utzi». Bertzelako aldarrikapen batzuk ere egin zituen: soldata arrakalarekin bukatzea, aldi baterakotasuna bukatzea eta kalitatezko pentsioak izatea, bertzeak bertze.
Horrekin batera, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren bertze aldarrikapenetako bat da bazterkeria bukatzekoa. Kapazitismoari egin zion erreferentzia Zaldua Larrazak: «Desgaitasunen bat dugun pertsonok, bereziki emakumeok eta heteronormaren disidenteok, indarkeria espezifikoa pairatzen dugu lan merkatuan, instituzio publikoetan, baliabideen sarreran...». Horregatik «emakume* guztientzat gizarte irisgarria» eskatu zuen.
Eta bereziki azkenaldian ugaritu diren gorroto diskurtsoetatik babesteko feminismo indartsua behar dela aldarrikatu zuten Iruñean: «Elkarrekin, indartsu eta batuta egon behar gara, azkenaldian gora egiten ari diren diskurtso faxistei, misoginoei, homofoboei eta sexistei su eman eta argi eta ozen adierazteko aurrean izango gaituztela eta ez direla pasatuko».
Aldarri horiek guztiek hartuko dute karrika. Gaurkoaz harago, ordea, Mugimendu Feministak argi du: urte guztikoa da borroka. Bihartik aitzinera ere aldarrikapenekin segitzera deitu dute.
Emakumeen Nazioarteko Eguna
Karrikara, «sistema erretzeko»
'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra' lelopean aterako da gaur karrikara Euskal Herriko Mugimendu Feminista. hiriburuetan zein hainbat herritan manifestazioak izango dira iluntzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu