Txakolina eta komikiak, bat

Txakolinguneak bultzatuta, Txakomic egitasmoa sortu dute. Komikiak eta txakolina elkartu, eta balioa eman nahi diete, ustez elkarrengandik urrun dauden bi diziplina izanagatik.

Istorioak txakolinarekin laneko komiki bat. BIZKAIKO TXAKOLINA.
ane insausti barandiaran
Bilbo
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Errotuladore beltza hartu, eta irudiak paper zuri bateansortu ditu Kike Infamek, zuzenean. Marraz marra hostoak, mahatsak, kopa bat eta txakolin botila marraztu ditu Txakomic proiektuaren komisarioetako bat den ilustratzaileak, eta, erdian, egitasmoaren izena idatzi du aurkezpen ekitaldian. Atzo egin zuten prentsaurrekoa, Bilboko Euskal Museoan.

Ekaineko lehen bi asteetan, hainbat jarduera egingo dituzte Leioako (Bizkaia) Mendibile jauregian eta Bakioko (Bizkaia) Txakolinaren Museoan. Horrez gain, zenbait argitalpen ere sortuko dituzte: bi hilean behin, komiki bat argitaratuko dute, Istorioak txakolinarekin tirada osatzeko. Guztira zazpi komiki sortuko dituzte, denak argitaratutakoan liburu bat osatzeko.

Bestalde, hurrengo urte amaierarako Txakolinaren historia izeneko liburua onduko dute, Bizkaiko txakolinak bere sorreratik gaur egun arte egindako ibilbidea jasotzeko.

Bakioko Txakolingunean, Txakolinaren museoan jarritako Komikia komiki bidezko erakusketa ibiltaria izan da egitasmoaren hazia. 1975etik gaur egun arteko Euskal Herriko komikigintzaren historia biltzen zuen erakusketa jarri zuten han, diziplina horrek Bizkaian eta Euskal Herrian izan duen garrantzia islatzeko.

Gaur egun, komikia lehen mailako arte gisa aintzat hartzen da —bederatzigarren artetzat—, baina ez da beti horrela izan. «Komikiak oso komunikazio mota herrikoiak ziren, baina ez ziren kulturatzat jotzen. Txakolinarekin antzera gertatzen da: hasieran, ez zeukan halako baliorik, baina, pixkanaka-pixkanaka, dagokion tokia hartzen ari da», esan du Infamek.

Mikel Begoña, Infameren kideak, «bi mundu desberdinen arteko elkarrizketa bat» egin dutela adierazi du, bai txakolingintzari eta bai komikigintzari balioa emateko.Izan ere, «denbora-pasa huts gisa» ulertzen zela dio, eta «gutxietsia» zegoela komikigintza.

Talde lanaren fruitua

Proiektua Txakolingunearen, Mendibile jauregiaren, Bizkaiko Txakolinaren Jatorri Izenaren Kontseilu Arautzailearen eta Uribe Jata Ondoko Landa Garapeneko Elkartearen arteko lankidetzaren fruitua izan da.

Maider Zalduondok, Bizkaiko Txakolinaren jatorri izenaren ordezkariak, nabarmendu du «kalitatezko jarduera kultural eta gastronomiko dibertigarriz betetako proiektu bat» dela, eta «tokiko produktuen kalitatean eta talde lanean» sinesten dutela erakusten duela.

Turismorako ere baliagarria izango da Txakomic, Gorka Elgezabal Jata Ondo Landa Garapenerako Elkarteko presidentearen aburuz: «Gure eskualdean turismoa sustatzeko oso baliagarria izango da».

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, berriz, txakolina eta komikiak erdigunera eramatea txalotu du, kulturaren parte direla argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.