Ezohiko egoerara egokitutako ezohiko jaialdia egin zuten igandean Sopelan (Bizkaia). Eguraldi ona bidelagun, jende andana bildu zen Ibilaldia Bizkaiko ikastolen aldeko jaira. Aurten, Sopelako Ander Deuna eta Leioako (Bizkaia) Betiko ikastolen txanda izan da, eta, Kalakalata lelopean, 1.800 lagun inguruk parte hartu dute festan. Hori bai, bi txandatan eta segurtasun neurri guztiak betez.
Goizeko lehen eguzki izpiekin batera hasi ziren antolatzaileak prestaketa lanak egiten, eta, lau gunetan banatuta, aurrez izena eman zuen jendea baino ezin izan zen bertaratu. Iratxe Aresti Ibilaldiko antolatzailearen arabera, «espero baino jende gehiago» bildu zen, parte hartzeko gogoz: «Eguraldi ona ikusita, jende asko etorri da aurretiaz izena eman gabe, baina zerrendetan agertzen ez zirenez, ezin izan dira sartu». Hala ere, bertan zeudela aprobetxatuz, horietako asko Ibilaldiko gunetik kanpo zegoen azokara joan ziren: «Era horretara, beste modu batez, baina Ibilaldian parte hartzeko aukera izan dute».
Pandemiak baldintzatuta, ibilbiderik gabeko Ibilaldia izan da aurtengoa. Hala ere, aldez aurretik izena eman zuten herritarrek aukera izan zuten askotariko tailerrez eta ikuskizunez gozatzeko. Besteak beste, dantza ikastaroez, atzerriko kulturak ezagutzeko tailerrez eta musika ikuskizunez.
Horiek horrela, aurreikuspen guztiak gainditu direla azpimarratu du Arestik: «Parte hartzea sekulakoa izan da, helburuak bete ditugu, eta oso pozik gaude jendearen erantzunarekin». Orain arteko Ibilaldiekin alderatuta «erabat» moldatu behar izan dute jai eredua, baina, egungo segurtasun neurrietara egokituz, jaialdia aurrera ateratzeko gai izan dira: «Gune guztiak euskaltzalez bete ditugu».
Antolatzaileen hitzetan, «oso esperientzia aberasgarria» izan da bi ikastolak elkarlanean aritu izana. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete bi ikastoletako komunitateei: «Bi komunitateen arteko elkarlan, gogo eta ilusiorik gabe ezinezkoa izango zen Ibilaldia aurrera ateratzea».
Aurrera begira, antolatzaileek hainbat erronka eta helbururi heldu nahi diete. Besteak beste, ikastolen eredua indartu, herriko elkarte eta erakundeekiko harremanak sakondu eta bi ikastetxe horien eraikinak berritu eta egokitu nahi dituzte. «Baina garrantzitsuena: euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitu nahi dugu, herriari parte hartzeko aukera emanez eta euskal komunitatea indartuz», nabarmendu du Arestik. Izan ere, euskal komunitatea oso handia izan ez arren, «ahalegin handia» egiten ari dira euskararen erabilera indartzeko: «Jendea oso inplikatuta dago, eta lanerako gogoz gaude».
Lekukoa, Abusu ikastolari
Igandekoa «egun handia» izan bazen ere, aurtengo Ibilaldia ez da egun bateko ospakizuna bakarrik izan. Aurretik beste ekimen batzuk antolatu dituzte, eta azkena larunbatean izango da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek Burdin Hesia ezagutzeko aukera izango dute. «Hainbat ikastolatan egin diren lanketei esker, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako topaketa bat izango da», azaldu du Arestik. Era horretara, aldez aurretik landutako 36ko gerra izango dute hizpide, besteak beste.
Datorren urtean Bilboren txanda izango da. Abusu ikastolak dagoeneko hartu die lekukoa Ander Deuna eta Betiko ikastolari, eta lanean hasi dira datorren urteko Ibilaldia ere arrakastatsua izan dadin.