Zientzia

Afrikarik gabeko DNA

3MAG proiektua abiatu dute Afrikan, hiru milioi afrikarren genomak sekuentziatzeko. Kontinentearen aniztasun eta aberastasun genetikoa jaso nahi dute, eta nazioarteko ikerketa genetikoek Afrikarekin izan duten arreta faltak eragindako hutsunea osatu.

jakes goikoetxea
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Erronka erraldoia da. Hiru milioi afrikarren genomak sekuentziatzea. Ez edozein afrikar: Afrikaren eta afrikarren aniztasun genetikoaren erakusle izango diren hiru milioi pertsona. Kontinentearen talde etnolinguistikoetako eta eskualdeetako aberastasun genetikoa ordezkatuko dutenak.

Afrikak arlo guztietan jasaten duen bazterketa eta ahanztura zientzian ere gertatzen baita. Genetikari buruzko ikerketan, esaterako: aztertu diren giza genomen %2 baino gutxiago dira afrikarrenak. Europarrenak edo jatorri europarra dutenenak dira gehienak, %80tik gora.

Afrikarrak, ordea, munduko populazioaren %16 inguru dira. Eta, hori baino garrantzitsuagoa, afrikarren genoma gainerako kontinenteetako herritarrena baino askotarikoagoa da genetikoki. Hala erakutsi dute azken urteetan argitaratutako bi ikerketak: batak, 2019an, ondorioztatu zuen afrikarren genomak %10 DNA gehiago duela munduan erreferentzia gisa erabiltzen denak baino; besteak, Afrikako 50 talde etnolinguistikotako 426 lagunen genoma ikertu zuen, eta hiru milioi aldaera genetiko berri aurkitu zituen.

Ezagutza eta aplikazio genetikoen abantailak nekez iristen dira Afrikara eta munduaren hegoaldeko herrialdeetara. Gainera, kasu batzuetan, iristen direnean, europarren edo estatubatuarren genometan oinarrituta iristen dira, eta afrikarretan ez dira eraginkorrak, haien berezitasun genetikoak ez dituztelako aintzat hartzen. Gertatzen da gaixotasun bat izateko arrisku genetikoa neurtzen duten tresnak Europan eraginkorrak izatea, eta Afrikan, aldiz, ez; edota batean eraginkorrak diren botikak bestean ez izatea.

Afrikan egin izan diren ikerketa genetiko asko Europako eta AEBetako ikerketa taldeek egin dituzte, haien interesetan oinarrituta, jakina. «Kolonialismo akademikoa» esan izan zaio.Ikertzaileak ez dira afrikarrak; ikerketen funtsa ikertzaileen interesa da, ez herritarrei, afrikarrei, mesede egitea; eta lortutako laginak eta informazioa Afrikako herrialdeetatik kanpo geratzen dira. Segun Fatumo genetikalari konputazionalak oso modu argigarrian azaldu zuen otsaileko Science aldizkarian: «Dumping etikoa, helikoptero bidezko zientzia eta esplotazioa ziren Afrikako ikerketa genomikoaren ezaugarriak». Afrikara joan, laginak bildu —nola-halako baimenekin edo baimenik gabe—, kontinentetik eraman eta goi mailako teknologia duten laborategietan aztertu.

Bi hamarkadako hutsunea

Hori guztia, giza genoma osoa dekodetu zenetik ia hogei urtera: 1990ean abiatu zuten Giza Genoma Proiektua, eta 2003an argitaratu zuten giza genoma osoa. Geroztik, egin dira munduko aniztasun genetikoa biltzeko egitasmo batzuk, 1000 Genomen Proiektua esaterako, baina ez dira nahikoak, eta Afrikak beharko lukeen baino garrantzi eta proportzio txikiagoa izan ohi du.

«Giza Genoma Proiektutik eraiki diren erreferentziazko genomen sekuentziek Afrikako jatorrizko genomen aldaerak falta dituzte». Ambroise Wonkam da afrikarren genomaren ikerketa aldarrikatzen duten ahots nagusietako bat. Lurmutur Hiriko Unibertsitateko (Hegoafrika) irakaslea da, Afrikar Populazioen Medikuntza Genetikoko zuzendaria, eta Giza Genetikaren Afrikako Elkarteko (AfSHG) burua. Urteak daramatza Afrikako genomak sekuentziatzeko eskatzen, baina oihartzun handiagoa lortu du orain, gaiari buruzko artikulu bat argitaratu baitzuen otsailean, Nature aldizkarian.

Hiru milioi afrikarren genomak sekuentziatzea lan erraldoia da. Erraldoia kopuruagatik, baina are erraldoiagoa Afrikan egin nahi delako, baliabidez urria den kontinente batean. Wonkamek berak pentsatu zuen «handiegia, eroegia eta garestiegia» izango zela.

Nature aldizkarian artikulua argitaratu eta gero, ordea, jasotako erantzunak poztu egin du, eta erronkak ez dirudi handiegia, eroegia eta garestiegia. Proiektua abiatu dute: Hiru Milioi Genoma Afrikar (3MAG).

«Ausartegia dela uste dutenei ahaztu egiten zaie zer-nolako anbizioa behar izan zen Giza Genoma Proiektua abiatzeko», idatzi zuen Wonkamek Nature-n. Hamahiru urte eta 2.700 milioi dolar (2.270 milioi euro inguru). «Gaur egun, genoma bat sekuentziatzeak mila dolar baino gutxiago balio du [840 euro inguru]», alderatu du Wonkamek.

Hamar bat urte beharko dituztela uste du. 450 milioi dolar urtero (380 milioi euro), 1.500 dolar parte hartzaile bakoitzeko (1.260 euro inguru). Afrikako hainbat gobernuren, ikerketa zentroren—publikoak eta pribatuak—, elkarte profesionalen, zientzialariren eta osasun langileren inplikazioa beharko dute, bai dirua emateko, bai azpiegiturak eta baliabideak jartzeko, bai ezagutza eta denbora eskaintzeko; Afrikakoak eta Afrikatik kanpokoak, Osasunaren Mundu Erakundea barne.

Ez dira hutsetik hasiko. Gaur egun eskura dauden datuetatik abiatuko dira. Giza Ondarea eta Osasuna Afrikan (H3Africa) partzuergoak azken hamar urteetan egindako lana izango da proiektu berriaren oinarria. Partzuergoak ikerketa genetikorako gutxieneko azpiegitura batzuk sortu ditu: «Afrikako zientzialarien prestakuntza indartu du, eta genetikari buruzko komunitate bat eraiki du kontinentean».

Ez hori bakarrik: milaka afrikarren genomak sekuentziatu ditu hamar urteotan, ikertzeko ea faktore genetikoek eta ingurumenari lotutakoek zer-nolako eragina duten gaixotasun batzuk izateko aukeretan edo botika batzuei emandako erantzunetan.

H3Africa, 2022 arte

Giza Genetikaren Afrikako Elkarteak (AfSHG), AEBetako Osasun Institutu publikoek (NHI) eta Wellcome Trust erakundeek bultzatutako proiektua da H3Africa. Ikerketa biomedikoa bultzatzeko ongintzako erakundea da Wellcome Trust, Erresuma Batukoa. Berez, 2022an bukatuko da H3Africa.

Partzuergoak egindako lana baino gehiago beharko dute hiru milioi lagunen genomak sekuentziatzeko: langile prestatuak, laginak bildu eta gero azterketa genetikoak egiteko eta informazio guztia kudeatzeko, bioinformatikariak bereziki.

H3Africaren lanaz gain, bi datu base publikotako informazioa ere aintzat hartu behar dela uste du Wonkamek: Erresuma Batuko Biobank —beltz edo afrikar gisa sailkatutako 8.000 genoma ditu— eta AEBetako TOPMed.

3MAG proiektua sortzez eta izaeraz afrikarra da; urteetako hutsune genetikoa osatzeko egitasmoa. Baina eragingo lituzkeen onurak ez dira Afrikarentzat, afrikarrentzat eta jatorri afrikarra dutenentzat bakarrik.

Wonkamek behin eta berriro nabarmentzen du mundu guztiari egingo diola mesede, besteak beste, gizaki modernoa, Homo sapiens-a, Afrikan sortu zelako: «Izatez, guztiok gara afrikarrak, eta, beraz, guztioi egingo digu mesede erreferentziazko genoma osoago batek. Baina nire moduko jatorrizko afrikarrok, kontinentean denbora luzez egon garenok, gizakiaren historia genetikoaren 300.000 urte dauzkagu odolean».

Wonkamek uste du afrikarren genoma ondo ikertzeak modua emango duela Europan edo Ameriketako Estatu Batuetako ikerketetan aurkitu ez diren geneak eta aldaerak aurkitzea, osasunaren eta gaixotasunaren giltza berriak.

«Afrikako antzinako populazioak aldaera genetiko gehiago ditu, eta nahasketa gutxiago besteekin, afrikarrak ez direnekin», nabarmendu zuen Wonkamek. Horrek erraztu egingo luke gaixotasun jakin batzuei lotutako aldaerak aurkitzea.

«Ez da karitatea; kontua ez da afrikarrak ondo sentitzea», argitu du Wonkamek. «Garrantzitsua da giza genoma ondo ulertzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.