Gizakia, jaiotzen den gisara, hil ere egiten da. Baina lehenengo momentu horri bigarrenari baino askoz garrantzi handiagoa eman ohi zaio gizartean. XXI. mendean gai tabua ida oraindik ere heriotza, eta oro har, jendeak erreparoa izaten du heriotza hitza ezpainetan dantzatzeko. Mundua pandemia betean bizi den hilabete hauetan gaia mahai gainean jarri da nolabait, baina, hala ere, aurreiritzi, kezka eta beldurrak nagusi dira. Inork nahi ez badu ere, jaiotzen den oro hiltzen baita.
Heriotza nolabait laztandu eta samurtzeko asmoz, heriotzari buruz jarduten dute Death Cafe egitasmoetan. Kafe tertuliak izaten dira, kafea eta bizkotxoa lagun, bertan parte hartzen dutenek lasaitasunean heriotza izaten dute hizketa gai. «Giro goxo eta intimoan» parte hartzaileen kopuru mugatua egoten da, eta, bakoitzak nahi duen ikuspegitik, nork bere esperientzia, hausnarketa eta ideiak kontatzen ditu. Ez da derrigorrezkoa hitz egitea, hain zuzen ere, entzutean dago gakoa Death Cafe espazioetan. Bernard Crettaz soziologo suitzarrak asmatu zuen Cafe Mortel kontzeptua, 1989an, eta hark antolatu zuen lehen saioa ere, 2004an. Geroago, Jon Underwoodek garatu zuen ideia, eta hark sortu zuen Death Cafe mugimendua. Dagoeneko 65 herrialdetan baino gehiagotan antolatu dituzte heriotzaz hitz egiteko tertuliak, eta Euskal Herrian 50 taldetik gora daude.
Patxi Izagirre psikologo eta doluko adituarentzat halako egitasmoetan sortzen den elementu baikorra heriotzaren inguruan sortzen den sentsibilitatea da. «Tabua den gai baten inguruan solas egitea eta sentsibilitatea sortzeko guneak egokiak dira». Hala ere, halako tokietan nolabaiteko arriskua gon daitekeela ohartarazi du: «Heriotzaz hitz egiteko behar horren azpialdean egon daitekeen krisia halako ekimenetara bideratzea arriskutsua da norbere osasunerako».
Iñaki Arregi Irizar da Death Cafe horietako dinamizatzaileetako bat. 2018.urte bukaeran Azpeitian (Gipuzkoa) abiatu zuen ekinbidea, eta, bi urte geroago, saioek arrakasta dute oraindik ere. Heriotza lantzeko beharra dago, Arregiren ustetan, arrakasta horren atzean. Izagirre ere bat dator horretan: «Motibazio bat izaten du jendeak halako ekimenetan parte hartzeko, eta motibazioen atzealdean behar emozional bat egoten da gehienetan». Arregik azaldu duenez, Death Cafeetara jendea beldur askorekin azaltzen da. Baina zenbait saioren ostean, era batera «zentzua berreskuratzen da».
Batez ere, entzun
Arregik dioenez, biziaren eta heriotzaren pedagogia egitea beharrezkoa da, eta horretan laguntzen dute Death Cafeek. «Jaiotzetan izaten den laguntza heriotzetako laguntza bezain garrantzitsua da». Death Cafeetan, baina, ez da dolua lantzen. Arregik, adibidez, dinamizatzaile den heinean, entzute-hitz egite harremanaren zaintza egiten du. «Hitz egitea ez da beharrezkoa;norbaitek hitz egiten ez badu, ez baitu esan nahi adierazten ez duenik». Parte hartu izan dutenen iritziz, halako talde baten parte izatea bera onuragarria da.
Duela bi urte, Azpeitian hasi zirenean, 50 urtetik gorako emakumeak batzen ziren Death Cafeetan, nagusiki. Denborarekin, baina, nolabaiteko bilakaera bat izan da talde lanketari esker, eta jendeak errepikatu ere egiten du. Oiane Valenciano gazteak, adibidez, jada hiruzpalau aldiz parte hartu du Azpeitiko Death Cafean. «Kalean iragarkia ikusi nuenean atentzioa eman zidan saio horietan ez dela konklusiorik ateratzen jakiteak, ez dagoela juiziorik». Hasieran erreparoa izan zuela onartu du Valencianok, baina, dioenez, denborarekin, jendea hain garrantzi handikoa izan daitekeen gaian irekitzen zela ikustean, ohartu zen ezagutzen ez zuen jendearen aurrean lasaitasun osoz aritu zitekeela, hainbeste denboran buruan zebilkion gaiaren inguruan. «Ulertuta sentitzen zara». Lasaitasuna da, hain zuzen, Death Cafeetako gakoetako bat. «Norbere zalantza, kezkak edota galdera berberak jende askok dituela ohartzeak lasaitu eta animatu egiten zaitu barrua askatzera», azaldu du Valencianok.
Valenciano kuriositateak mugituta hasi zen Death Cafeetan parte hartzen, Maite Urbieta herrikideak, aldiz, bizitzan garai zailak igarotzen zegoen momentu batean probatzea pentsatu zuen. «Hiltzea ez dut inoiz zerbait natural moduan hartu, zerbait beltza izan da niretzat. Baina lagun bat hil zitzaidalako, batetik, eta bestetik barruan nituen beldur guztiengatik, Death Cafera joatea erabaki nuen», azaldu du. Eta bertara joatean ohartu zen Urbieta hiltzearen inguruan hitz egiteak lasaitasun handia ematen duela. «Norberak hitz egitea baino gehiago, besteei entzuteak». Han ikusi zuen Urbietak bazuela nolabaiteko beharra gaiazhitz egiteko, eta aitortu duenez, alde ikaragarria nabaritu du saioen eraginez.
Bat datoz Valenciano eta Urbieta Death Cafeak oso toki errespetugarriak direla. Lotsak albo batera utzi, eta jendea lasaitasun osoz joatera animatzen dute. «Ez da gomendiorik ematen, bakoitzak bere ondorioak askatasun osoz ateratzen ditu». Hala, Azpeitian talde askotarikoa sortzea lortu dute. «Denetariko jendeak parte hartzen du: gizon, emakume, berdin du adinak, jatorriak zein klaseak», gaineratu du Valencianok.
Arregik zehaztu duenez, parte hartu nahi duen orok, lehenbizi bere burua errespetatu behar du. «Prozesu pertsonala izanik, oso garrantzitsua da bakoitzak bere burua entzutea, eta mugimendu hori, halaber, oso naturala izan behar da». Bakoitzak bere prozesua bilatu behar du, bere dolua egiteko bidea. Arregik dioenez, baldintzapenez beteriko mezuak daude norberaren inkontzientean. «Batetik, ikaskuntza prozesu bat dago, baina, bestetik, desikasi ere egin behar da». Hori horrela, heriotza txarra dela barneratuz gero, prozesuetan itxi egiten da jendea, eta, gertu tokatzen zaionean, joera nagusia ukazioa izaten da. Izagirre psikologoak esan du ukazioari izkin eginda lortzen dela heriotzaren inguruan modu natural batean hitz egitea. «Egunerokotasunean, milaka adibide sortzen dira. Egoera honetan, bereziki, gehiago».
Heriorekin, biziago
Death Cafeetan parte hartzeak armairutik irteten lagundu diola aitortu du Valencianok. «Konturatu naiz norberak normaltasunez hitz egitean, jendeak normaltasunez erantzuten duela». Bestalde, orain etxean, lagunartean edota lanean askozaz errazago eta lasaiago hitz egiten du heriotzaren inguruko kontuez. «Death Cafeetan erabilitako adibideak hartzen ditut, horiek barneratu, eta ikasarazi egin didate».
Hain zuzen, Arregik azaldu duenez, heriotza berbalizatzean gaia normalizatu egiten da, eta heriotzaz modu naturalean hitz egitea batik bat ulertuz lortzen da. «Barneratuz denok ere igaroko garela bertatik, baina bitartean bizi egin behar gara», zehaztu du.
Death Cafeak egun hainbeste entzuten diren txertoekin alderatu ditu Valencianok, baina, kasu honetan, heriotza iritsi baino lehen, aurretik gertatuko denaz hitz egitean oinarrituko litzateke. «Bizitza osoa igarotzen dugu saihesten. Eskolara bizitza nola bizi ikastera joaten gara; heriotzaren aurrean, aldiz, ez daukagu ikasketarik», nabarmendu du Valencianok. Horregatik, Death Cafe bezalako egitasmoak beharrezkoak direla iruditzen zaio; «bestela, badirudi heriotzara bakarrik zoazela, inork ez baitzaitu prestatzen».
Urbietari Death Cafeak balio izan diote, adibidez, ohartzeko heriotza presente edukita askoz biziago dagoela, eta presente edukitze horrek indar ikaragarria ematen diola. «Lehen nituen antsietateak nolabait joan dira. Death Cafeetan natural hitz egiteak biziago sentiarazten zaitu». Dioenez, hiltzera zoazela barneratzen ez baduzu, askotan justu-justuan irauten duzu bizirik. «Bizitzaren bukaera horretaz jabetzeak eguneroko bizia biziagoa egiten du». Hala dio Arregi dinamizatzaileak ere: «Neurri batean, Death Cafeak heriotza biziaren parte egitera laguntzen du».
Izagirre psikologoarentzat, azken urteetan heriotzarekiko sentsibilitatea nabarmen handitu da,Death Cafe zein bestelako egitasmo batzuen bitartez. «Onuragarriak dira kontzientzia hartu ahal izateko, baina argi izanik norbere beharrak zein diren». Dioenez, positiboa da pentsatzea sozialki, eta komunitatean, gaiari dagokionez bestelako kontzientzia bat dugula. «Betiere ondo bereiziz zein den testuinguru osasuntsua, eta egon daitezkeen behar bereziekin nahasi gabe». Hain zuzen, azpimarratu du osasun arloaren ardura dela osasun mentalean pendiente dauden entzuteko gune horiek gizartearen halako egitasmo positiboetan ez uztea. «Bestela, arrisku kasuak behar bezala diagnostikatu eta artatu gabe geldituko lirateke, eta, zoritxarrez, halako lekuetara joan behar izaten dira, ez diegulako behar duten kasua egiten eta entzuteko beharrezko kobertura ematen».
Heriotza biziaren pare
Heriotzak inoiz baino presentzia handiagoa du gizartean; hala ere, oraindik gai tabua da. Death Cafe saioetan, heriotzaz modu naturalean eta inolako juzgurik gabe aritzen dira. Ugarituz doaz halako guneak Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu