Munduko bazter ia denak hankaz gora jarri ditu COVID-19 gaitzak. Martxoaren 12az geroztik pandemia da ofizialki, hala izendatu baitzuen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Jarduera ekonomikoa etenda dago hainbat herrialdetan; eskolak, itxita; eta herritar asko, etxean konfinatuta. Mundu osoan ia milioi bat pertsona kutsatu ditu gaitzak, eta azken urteetako osasun krisirik handiena da. Historian, ordea, asko izan dira mundua geldiarazi duten gaixotasun eta pandemiak.
Justinianoren izurria da ezagutzen den lehenengoa, 541 eta 543 bitartean Bizantziar Inperioari eragin ziona; orduz geroztik, Erdi Aroan sarraski handiak eragin zituzten hainbat gaixotasunek. «Pandemien larritasuna eta hedapena biztanleen kopuruaren araberakoa da, eta, logikoa den legez, zenbat eta biztanle gehiago izan, orduan eta errazago hedatzen dira pandemiak», azaldu du Anton Erkorekak, EHUko Medikuntza Historiaren Euskal Museoko zuzendari eta gaixotasunen historian espezializatuak. Hala,izurri beltza, baztanga, tuberkulosia eta kolera hedatu ziren munduan biztanle kopurua handituz joan zen heinean. XIX. mendearen amaieratik orain arteko historia ere birusek eragindako pandemiek markatu dute: 1918ko gripea, hiesa eta koronabirusa.
JUSTINIANOREN IZURRIA
Dokumentatutako lehena
Historian dokumentatutako lehen pandemia da Justinianoren izurria. VI. mendearen erdialdean zabaldu zen, Bizantziar Inperioan. Ikertzaileen arabera, Etiopiatik sartu zen izurri bubonikoa, eta, Egipton sarraskia eragin ondoren, Alexandriara iritsi zen. Handik, Mediterraneo osora zabaldu zen, eta milaka pertsona hil zituen. Garai hartako historialari Joan Efesokoak erregistratu zuenez, aberatsei eta behartsuei berdin eragin zien izurriak, eta herrixka asko biztanlerik gabe geratu ziren. Konstantinopla zen inperioko hiriburua, eta han ere eragin handia izan zuen: pandemiak 300.000 lagun hil zituela kalkulatzen dute ikertzaileek, hau da, hiriburuko biztanleen %40 eta %50 artean hil zituen.
IZURRI BELTZA
Pandemiarik hilgarriena
Gizateriari eragin dion pandemiarik hilgarriena izan da izurri beltza. Gaitza Asian garatu zen, XIV. mendean, eta Itsaso Beltzeraino iritsi zen. Veneziako merkataritza ontziek Mediterraneoan barrena hedatu zuten gaixotasuna, eta handik Europa osora iritsi zen. Bi kontinente horietan izan zuen eraginik handiena, baina Afrika iparraldean ere hedatu zen. Izurri beltzaren urterik ilunenak 1348tik 1353ra artekoak izan ziren, eta garai hartako Europako biztanleen herenak hil zituela kalkulatzen dute egungo ikertzaileek. Erkorekak azaldu duenez, Europan bakarrik, 25 eta 33 milioi pertsona hil ziren izurrite hartan, eta orduan 75 milioi bizi ziren kontinentean. Zenbaki horiek argi erakusten dute gaitzak zenbaterainoko eragina izan zuen. Nafarroako Erresuman ere antzera gertatu zen: garai hartako biztanleen erdiak hil zituen gaitzak, baita Joana II.a erregina bera ere.
Izurri beltzaren urterik latzenek sekulako ondorioak ekarri zituzten. Europak, esate baterako, bi mende behar izan zituenorduanjasandako ondorio demografikoei aurre egiteko. XVIII. mendera arte, ordea, izurriaren agerraldi gehiago sortu ziren etengabe, denak ere heriotza tasa handikoak. Horregatik diote adituek izurria izan zela luzaroan osasun arazo nagusietako bat. «Baina XVIII. mendearen hasieran desagertu egin zen, ez dakigu ondo zergatik», esan du Erkorekak.
BAZTANGA
Ameriketara hedatutako gaitz bat
Izurria desagertu, eta, haren ordez, Europan baztanga hasi zen hedatzen. Gaixotasuna ezaguna zen kontinentean, milaka urtez presente egona, baina ordura arte baino oldarkorrago zabaldu zen XVIII. mendean. Zazpi eta zortzi urteko epean, baztanga agerraldiak izaten ziren, eta, tarte horretan jaiotzen ziren haurrak immunizatu gabe jaiotzen zirenez, heriotza tasa handia zeukaten populazio horretan. Euskal Herrian, 1.000 biztanletik 150 ere hiltzen ziren garai hartan.
Baina baztangak inon sarraskirik eragin baldin bazuen, Ameriketan eragin zuen. Kolonizatzaileek baztanga eraman zuten Ozeano Atlantikoa gurutzatu zutenean: ordura arte ezagutu gabeko gaitza zen Ameriketako biztanleentzat. Halakoa izan zen eragin zuen kaltea: Karibeko herrialdeetako indigenarik ez zen bizirik geratu, gaixotasunaren ondorioz. Hego eta Erdialdeko Ameriketan ere paretsu. 1520an, azteken artean agertu zen baztanga, eta inken artean sekulako sarraskia eragin zuen: espainiarrak iritsi aurretik, hamalau milioi indigena zituen lurralde hartan, milioi ingururaino jaitsi zen XVIII. mendean.
XIX. mendean, baztangaren aurkako txertoa topatu zuen Edward Jenner mediku eta ikertzaileak, eta 1979az geroztik desagertuta dago.
KOLERA
XIX. mendeko gaixotasuna
Kolera Indian garatu zen, XIX. mende hasieran, eta handik mundu osora hedatu zen, zazpi pandemia eragiteraino. Horregatik esan ohi da mende horretako gaixotasuna izan zela. Lehen pandemiak Asiari bakarrik eragin zion, baina 1827an Europara iritsi zen. Orduz geroztik, hainbat agerraldi piztu ziren kontinente osoan zehar, eta handik Ameriketan ere hedatu zen. Mende horretako gaixotasun zabalduena izan zen, eta milaka pertsonaren heriotza eragin zuen. Errusian bertan, esaterako, milioi bat hildako eragin zituen 1847 eta 1851 bitartean. Euskal Herrian, XIX. mendea amaitu arte egon zen presente, eta, eremuaren arabera, 1.000 biztanleko 25 eta 62 hildako eragin zituen.
Gaixotasunak, gainera, hirien egituraketa aldatu zuen. Izan ere, John Snow medikua jabetu zen gorotzekin kutsatutako ura edateagatik kutsatu zirela gaixo asko, eta estolderia sareak egiten hasi ziren hiri askotan. Koleraren aurkako borrokaren ondorioz, medikuntzaren atal berri bat sortu zen: osasun publikoa.
GRIPE ESPAINIARRA
XX. mendeko gaitza
Aurreko mendeko pandemiarik larrienari deitzen zaio gripe espainiarra. 1918ko udaberrian I. Mundu Gerran borrokan zebiltzan soldadu ugari gaixotu zituen, eta zibilengana ere iritsi zen. Urte hartako ekainean Madrilen izan zuen agerraldirik larriena, 25 egunean 600.000 herritarren heriotza eragin baitzuen, eta horregatik deitu ohi zaio gripe espainiarra. Udan, ordea, birusa mutatu egin zen, eta udazkenean askoz ere oldarkorrago jo zuen mundu osoan. «Aldi berean hedatu zen, gainera, eta hori da, nire ustez, pandemia horren misteriorik handiena, garai hartako itsasontziek asteak behar baitzituzten Atlantikoa edo Pazifikoa gurutzatzeko», azaldu du Erkorekak.
Urte hartako irailetik azarora arte, 40 milioi hildako inguru eragin zituen gripeak mundu osoan, hau da, munduko biztanleen %2,5i eragin zien. Euskal Herrian, 1.000 biztanleko 12 hil zituen, hau da, 15.000 pertsona inguru.
HIESA
Sendagairik gabeko pandemia
1980ko hamarkadaren hasieran, gaixotasun ezezagun bat jende askoren heriotza eragiten hasi zen AEBetan. Hiesa zela jakin zuten handik denbora batera, immunitate sistemari erasotzen dion gaitz bat. Beste gaixotasun batzuk izateko arriskua areagotzen du, eta gaixoak pisu asko galtzen du. Sexu harremanen edo odol transfusio bidez transmititzen da hiesa, eta oraindik ez dago gaixotasunari aurre egingo dion sendagairik. OMEren arabera, gaur arte 35 milioi pertsonaren heriotza eragin du, eta, denetara, 80 milioi lagun inguru kutsatu dira.
Gaur-gaurkoz sendagairik ez dago, baina ama zelulekin egindako bi transplanteri esker hiesa zuten bi gaixo sendatu egin direla ziurtatu dute aurtengo martxoan. Horrek itxaropenerako tartea zabaldu du osasunaren arloan.
KORONABIRUSA
Mundua eta ekonomia gelditu dituen birusa
Azken hilabeteetan mundu osoa hankaz gora jarri du COVID-19 gaitzak. Baina azken bi hamarkadetan beste bi koronabirusek alarmak piztu dituzte, eta, Erkorekaren ustez, «ez dira behar bezala kontuan hartu»; are gutxiago, kontuan hartzen bada nolakoa den hirugarren hori mundu osoan izaten ari den eragina. 2002 eta 2003ko SARS-CoV koronabirusak, 8.000 gaixotu, eta haietatik 800 hil zituen; 2015eko MERS gaitzak, berriz, 2.500 kutsatu eta 450 heriotza eragin zuen Ekialde Hurbilean.
Erkorekaren arabera, kontuan hartu beharrekoak dira munduan dauden birus guztiak, zaila baita haien bilakaera aurreikustea. «Iazko urte amaieran inork ez zuen pentsatu ere egingo koronabirus batek mundu osoa airean jarriko zuenik». Areago: gizakiak planetan izan duen eraginak zerikusia duela uste du. «Mundua suntsitzen ari gara; ingurumenaren ikuspegitik desorekak sortu ditugu, eta orain Lurra gure aurka bihurtzen ari da».
Pandemiek markatutako historia
Koronabirusak azken mendean inoiz ez bezalako osasun krisia eragin du munduan, baina aurretik ere izan dira beste pandemia batzuk historian. Eta ondorio demografiko kaltegarriagoak ere ekarri dituzte haietako batzuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu