Baiona bestaren beha

Gaurtik igandera arte xuri eta gorriz jantziko da Baiona festetarako. Aurten ere segurtasun neurri zorrotzak hartuko dituzte, eta bozgorailuen soinua ere neurtuko dute. Erasoen kontra prebentzioa eginen dute, salaketa politikorik gabe.

Jende andana bildu da azken egunetako azokan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Kontzertuak, txarangak, musika bizia... Hori da festetan maite duguna». Ahoan bilorik gabe mintzatu zen Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza aurtengo festen aurkezpenean: zenbait eremutan musikak hartzen duen bolumenarekin «gogaituak» daudela erran zuen, eta iragarri zuen soinu bolumena neurtzeko azterketak eginen dituztela aurten. «Bolumen ozenegia dutenak zigortzeko eskatu diogu polizia munizipalari». Ostatuko barrak kanpora atera ohi dituzte uztail bukaerako ospakizunetan, bozgorailuak ezin ozenago. Karriketan egiten da festa goizeko ordu biak arte; ondoren, peña edo elkarteetan bukatzeko. Gaur-gaurkoz, herriko etxeak ez du antolaketa hori zalantzan jarri nahi, baina kanpoko animazioak indartzeko nahi bat erakutsi du. «Toki eta momentu bakoitzak bere identitate musikala izanen du», Henri Lauque Baionako besta batzordearen presidentearen hitzetan. Mila musikarik parte hartuko dute gaurtik igandera arte. Besteak beste, Willis Drummond taldeak joko du igande gauean Paul Bert plazan.

Ikusi gehiago: Bestelako bestak Patxan

Gaur hasi eta igandera arte izanen dira Lapurdiko hiriburuko bestak. 22:00etan izanen da hasiera ofiziala herriko etxeko plazan. Leon erregea erridauen atzetik aterako da festazaleak agurtzera, eta hiriko giltzak botako dituzte publiko artera. Euskal Herriko eta Frantziako pertsona ezagunak gonbidatu ohi dituzte herriko etxeko balkoira; azken ordura arte ez da jakiten nor izango den bertan.

Baionako auzapezak errana da: inoiz baino jende gehiago espero dute. Udaberrian ospatu ohi den Xingar Feria dute neurgailu: apirilean, 470.000 pertsona bildu ziren lau egunetan. Jende horri guziari harrera egiteko azpiegiturak osatzen du gastu handiena udalarentzat: festen aurrekontuaren bi herenak segurtasuna, prebentzioa, higienea eta sokorri zerbitzuetara bideratuak dira. «Zerbitzu anitzen prezioa emendatu da azkenaldian», esplikatu dute; iaz baino bi milioi euro gehiago jarri dituzte 2015etik etengabe emendatu den segurtasun aurrekontuan. Izan ere, 2016ko uztailaren 14an Nizan (Okzitania) izan ziren atentatuen ondotik, ekitaldi jendetsuen segurtasuna indartzera behartu du Frantziako administrazioak. Erdigunera iristeko sarrera bakoitzean ibilgailuak blokeatzeko zutoinak eta barrerak ezartzen dituzte. Ohikoa bilakatu da Frantziako Polizia eta militarrak jendeen artetik armak eskuetan patruilatzen ikustea.

Horrekin lotua da ere, hein batean, bestetara sartzeko ordaindu beharra. Ostiral goizetik igande gauera ordainpeko sarrera jartzen dute Baionakoak ez diren festazaleentzat. 2019an hartu zuen neurria herriko etxeak lehen aldiz. Orduan, zortzi euro ordaindu behar zen hiru egunetarako balio zuen eskumuturrekoa, hamar eurotara igo zuten iaz, eta hamabi euro ordaindu beharko dira aurten. «Eskumuturrekoak egiten digun ekarpena gabe ez genuke festarik antolatzen ahal. Ezinezkoa da gurea bezalako herri batentzat», esplikatu zuen Etxegaraik. Eskuratutako diruarekin, aurrekontua emendatu, eta animazioak indartu dituztela ere baieztatu zuen Yves Ugalde kultura axuantak.

«Prebentzio, segurtasun eta garbitasun» kanpaina berri bat ere aurkeztu dute aurtengo bestetarako. Bortxaketa krimen bat dela zioten orain arteko afixak «larrigarriak» zirela esplikatu zuen Laurence Hardouin trantsizio ekologiko, solidario eta herritarrerako axuantak. Hiru afixa berri atera dituzte: Alkohol eta droga gehiegikeria geldi; Bestazale bakartua = arriskua; Elkarrekin goaz, elkarrekin sartzen gara; Eraso sexistak, ezetz denean, ezetz da!. Horrez gain, Maina harrera lekua ezarriko dute aurten ere Baionako fakultatearen aitzinean. Eraso sexisten eta sexu erasoen kontra diharduten profesional eta militanteak egongo dira bertan. 16:00etatik 21:00etara harrera eta entzute leku bat eskaintzen dute, eta prebentzio lana ere egiten dute.

Haatik, herriko etxeak ez du besten garaian izan litezkeen erasoen salaketa politikoan sartzeko asmorik. Erasoen berri izatea izan ohi da arazo nagusietako bat: urteetan zehar, ospitaleko zerbitzuen filtrazioen bidez jakin izan dira halakoak; azken urteetan fiskaltzak ere komunikatu izan du salaketak jarriak izan direnean. Hardouinek ez zuen zehaztu Baionako prokuradoreari informazioa errazteko eskatuko ote dioten. Gaiaz ari zirela, azken urteetan salaketak «apaldu» direla baieztatu zuen Etxegarai auzapezak; Christian Millet-Barbet segurtasun publikoaren ardura duen axuantak «salaketa faltsuak ere» badirela azpimarratu zuen.

Trenak eta autobusak

Bestetara iristeko garraio publikoa erabiltzera bultzatu nahi dute erakunde publikoek aurten ere. Iaz izandako gabeziak kontuan hartuta, zerbitzua azkarki indartzeko erabakia hartu dute. Orduero izanen dira trenak Baionatik Hendaiara (Lapurdi) eta Akizera (Okzitania) joateko, eta gaueko trenen maiztasuna hirukoiztu dute.

Txik Txak sareko autobus zerbitzua ere emendatuko dute: 23 linea izanen dira, 120 autobus, kasik eguneko 24 orduan ibiliko direnak. Eguneko zortzi euro ordainduta bidaia mugagabeak egiteko aukera izanen da; bost egunak hogei euroan. Txik Txak sareko harpidedun direnek ez dute gehiago ordaintzeko beharrik izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.