Zientzia

Burruntziak, leku egokiaren bila

Tommaso Cancellario Nafarroako Unibertsitateko ikerlariak ebatzi du odonatuak klima aldaketaren indikatzaile egokiak direla ur gezako ekosistemetan. Espezie kopuruak eta horiek eskaintzen dituzten ekosistemen zerbitzuek behera eginen dute etorkizunean Mediterraneo inguruan.

Habe ibiltaria. Aeshna mixta (Latreille, 1805). Irudian, bi burruntzi ugaltzen, Usurbilen (Gipuzkoa), Aginaga urmaelean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

Anitz dira ur gezan ibiltzen diren odonatu espezieak: burruntziak eta sorgin orratzak. Bizitza anfibiotikoa dute: larbak uretan bizi dira, eta heldu egiten direnean airera egiten dute salto. Horiek ikertzen aritu da Tommaso Cancellario italiarra, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia fakultatean. Zientzia eta ingurumen teknologian aditua da. Haren ikerketaren emaitzen arabera, odonatuek garrantzi handia dute ur gezako ekosistemetako klima aldaketaren indikatzaile gisa. Izan ere, intsektu horiek oso sentiberak dira tenperatura aldaketetarako. Rafael Miranda eta Enrique Baquero doktoreek zuzendu dute haren lana.

Cancellarioren ikerketak bi parte izan ditu. Alde batetik, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoko odonatu bilduma ikertu du; batik bat, larbak. Beste aldetik, klima aldaketak Europako odonatu espezie helduen populazioetan duen eragina aztertu du. Ikusi duenez, Mediterraneoko inguruetan espezie kopurua progresiboki jaitsiko da, tenperatura aldaketen ondorioz.

Tomasso Cancellario ikerlaria. MANUEL CASTELLS / NAFARROAKO UNIBERTSITATEA

Ebroren arroan dauden odonatuak aztertzen hasi zen ikerlari italiarra. Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoak lagin asko ditu, 2005. eta 2015. urteetan jasotakoak. «Nire lana zen odonatuak ateratzea eta espezieak ezagutzea, non zeuden ikustea eta abar. Lan taxonomiko bat izan da». Lehenbiziko lan horretarako, larbak ikertzea pentsatu zuen, alor horretan ia ez baita ikerketa lanik egin.

Ibaian aritu da, laginak hartzen, eta onartu du ez dela lan erraza izan: «Odonatuak erraz antzematen dira helduak direnean, ikerketa anitz daude, baina larbak ez». Larba horien berri izateaz gainera, non zeuden jakin nahi zuten. Lan horrek balio izan du Ebroren arroan bizi diren odonatuen larba espezieen kokapenari buruzko informazioa jasotzeko eta zabaltzeko. Jakintza hori GBIF biodibertsitateari buruzko informazioa biltzen duen mundu mailako sareari eman dio.

Baina lan luzea zela ikusi zuen ikerlariak: «Luparen aurrean paratu eta ikusi behar duzu larbak zenbat ile dituen ahoan, zenbat arantza sabelaldean... oso lan luzea da, hasieran batez ere, ez baituzu ezagutzen». Zientzian askotan gertatzen den moduan, gauza batekin hasi eta beste batekin bukatu zuen Cancellariok. Ebroren arroan odonatuen populazioak nola aldatzen diren ikusi nahi zuten, baina lagin asko eta asko zeuden, eta lana ezin bukatuz ibili ziren. «Beste bide bat hartzea erabaki genuen: klima aldaketak Europako odonatuetan zer eragin zuen ikertzea, datu horiek bagenituelako».

Odonatuen ingurua

Lan hori egiteko, biodibertsitate datuen eta ingurumen aldagaien analisi masiboa egin ditu ikerlariak, espezieen banaketaren ereduak aplikatuz. Jakinda espezie bat non kokatzen den eta toki horren aldagai batzuen berri izanda, espezie hori non bizi daitekeen aurreikus daiteke. Horixe egin zuen Cancellariok: «Odonatu espezieak non dauden badakigu, baita egungo tenperatura eta prezipitazio baldintzak zein diren ere, besteak beste. Beraz, ikertu dugu nola aldatuko den espezieen banaketa. Baina badira etorkizuneko baldintzak aurreikusten dituzten ereduak, eta tenperatura eta prezipitazioak aldatzen badira, espezieak baldintzarik egokienen atzetik joanen dira».

Mendebaldeko mariorratza. Calopteryx xanthostoma (Charpentier, 1825). ENRIQUE BAQUERO

Hori dela eta, Mediterraneo inguruan tenperatura igo eta prezipitazioak gutxituko direla aurreikusita, ikerlariak azaldu du odonatuak han bizitzeko baldintzak desagertuko direla. «Horregatik ari dira latitude altuagoetara mugitzen». Adibidez, Espainia hegoaldean Afrikako odonatu espezie batzuk bizi dira dagoeneko, modu egonkorrean, klima aldaketak bultzatuta, Cancilleriren arabera. «Ez gara ohartzen espezie asko mugitzen ari direla, eta ez gizakiak toki batetik bestera eramaten dituelako; migratzen ari dira beren inguruko baldintzak aldatzen ari direlako. Ikerlari batzuek espezie neonatiboak esaten diete».

Migrazio mugimendu horiengatik dira odonatuak klima aldaketaren indikatzaile garrantzitsuak. «Odonatu helduak asko mugitzen dira; urtean kilometro asko egin ditzakete. Beraz, inguruko baldintzak egokiak ez direla ohartzen direnean, mugitzen hasten dira, beste ornogabe batzuk baino askoz gehiago». Hori dute haien alde, aldaketa horien aurrean erantzuteko baliabide gehiago dituztelako beste ornogabe batzuekin alderatuta.

Iluntzeko burruntzia. Boyeria irene (Fonscolombe, 1838). ANDRE ARCADIO FUSTER

Banaketari buruzko ikerketak nabarmendu ditu Cancellariok: «Espezieek hartzen duten eremuaren garapena zein den jakinda, arrisku gehien duten espezieak identifika ditzakegu, eta babes neurriak ezarri, desagertu ez daitezen». Ikerlari italiarrak ur gezako ekosistemen garrantzia azpimarratu du: «Ezagutzen ditugun izaki bizidunen %10 mantentzen dituzte ur gezako ekosistemek, eta gizakientzat ezinbesteko diren baliabide eta ekosistemen zerbitzuak ematen dizkigute».

Ekosistemen zerbitzuak

Cancellariok ikusi du arazoa ez dela soilik odonatuen espezie kopuruaren gainbehera: «Espezie kopurua jaisten den modu berean jaisten dira odonatuek eskaintzen dituzten ekosistemen zerbitzuak. Beraz, inguruaren kalitatea txikitzen da, oro har». Odonatuak haragijaleak dira, eta horrek onura dakar ekosisteman. Esaterako, malaria dagoen Afrikako lurraldeetan, gaixotasuna barreiatzen duten eltxoen larbak jaten dituzte.

Beste alor batzuetan pentsatu behar dela gaineratu du Cancellariok: «Burruntzi bat ikusteko plazera ere bada ekosistemen zerbitzu bat». Aipatu du Asian eta Europan duela mende anitz margotzen direla burruntziak, eta gaur egun ere egiten direla intsektu horiek ikusteko ibilaldiak.

Burruntzi gorria. Crocothemis erythraea (Brulle, 1832). TOMMASO CANCELLARIO

Ekosistema horietako bioaniztasunaren gainbehera «nabarmena» dela azaldu du ikerlariak, eta zenbait faktore aipatu ditu egoera horren erantzule: espezie exotikoak sartzea, habitataren degradazioa, gainesplotazioa, eutrofizazioa, emariak aldatzea, uretan mikroplastikoak egotea eta Lurreko tenperaturen igoera. «Presakoa da zientzialariak, gobernuak, tokian tokiko komunitateak eta enpresak biltzea ur gezaren zaintza hobetzeko».

Odonatuak babesteko zer egin litekeen galdetuta, Cancellariok nahiago du arreta atzerago jarri: «Galdetu beharko genuke ea zer egin genezakeen ur gezatako ekosistemak babesteko». Ez du begi txarrez ikusi espezie batzuk babesteko egiten diren programak eta hartzen diren neurriak, baina hark nahiago du ikuspegi zabalago bat: «Biodibertsitate pila bat galtzen ari gara, eta arreta espezie bakan batzuetan jartzen dugu. Ikuspegia gehiago ardaztu behar dugu ekosistemetan, eta ez hain modu zehatzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.