Ez dute dudarik: musikak arindu ditzake gudak utzitako minak, eta kantu eta doinuek lagundu dezakete gatazkaren bortizkeria lausotzen. Horiek erdiets daitezkeela sinetsirik, Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak elkarteak kanpaina bat jarri zuen martxan 2017an. Euskal Herriko hainbat lagunen musika tresnak bildu zituzten Siriara bidaltzeko. Hiru urteren ondotik, elkarteak egitasmoa bigarren aldiz antolatu du, asmo berari eutsita: jadanik erabiltzen ez dituzten musika tresnak ematera deitu dituzte herritarrak, Siriako kanpalekuetako errefuxiatuek aukera izan dezaten musika jotzeko.
Bilketa kanpainan jasotzen den materiala musika erakustera bideratuko da, elkarteak Siriako musika eskolekin duen lankidetzaren bitartez. Egitasmoaren arduradunek argitu dute musika tresnak ez ezik instrumentuen zatiak ere eman daitezkeela: hala nola hariak, arkuak eta ahokoak. Urtarrilaren 29ra arte hartu daiteke parte, eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko kide diren zentroetan utz daiteke materiala.
Instrumentuak ukendu gisa
Gani Mirzo siriarrak izan zuen egitasmoa martxan jartzeko ideia, herrialdean dagoen premia ikusirik. Musikaria da Mirzo, Qamishlokoa (Siria) da sortzez, baina 25 urte baino gehiago dira ez dela jaioterrian bizi. Fran Lausen biolinjole eibartarrarekin jarri zen harremanetan, eta, haren bidez, Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak elkarteari ailegatu zitzaion musika tresna banku bat abiatzeko proposamena. Jesus Maria Alegria elkarteko zuzendariak gogoan ditu egitasmoaren hastapenak: «Ganik ideia zein zen azaldu, eta ezin izan genion ezetzik esan; inola ere ez». Zehazki, Gasteizko Luis Aranburu musika eskolan abiatu zuten bilketa, eta, hartan, Hegoaldeko beste hiriburuetara ere zabaldu zuten egitasmoa. Guztira 300 instrumentu baino gehiago jaso zituzten, eta Rojava izan zuten helmuga, Siriako Kurdistanen.
Antolatzaileek oroitzapen goxoak dituzte egitasmoaren aurreneko alditik, eta horrek bultzatuta ekin diote orain bigarrenari. Hala ere, zailtasunak izan zituzten bidean. Alegriak azaldu duenez, Rojava ez zen, berez, 2017an aurreikusitako helmuga hiria. Hasieran, asmoa zen tresnak beste toki batzuetara bidaltzea; Alepora, besteak beste. Ordea, turkiarrek eremu hori bonbardatu zuten, eta musika tresnak zeramatzatenak ezin izan ziren bertara ailegatu. Hango egoera gatazkatsua dela eta, uste baino gehiago konplikatu zitzaien bidaia, baita luzatu ere. «Bidaiak hamabost egun iraungo zuela aurreikusi genuen, eta, azkenean, ia hiru hilabete pasatu ziren instrumentuak helmugara ailegatu ziren arte». Baina iritsi ziren. Aurten, otsailaren 20aren bueltan abiatuko dira egitasmoko kideak.
Gerraren ondorioak latzak dira Sirian, eta askotarikoa da bertako herritarrek behar duten laguntza.Ezinbestekoak dira elikagaiak, arropak eta medikamentuak, baina beste hainbeste gauza ere izan daitezke oinazeak sendatzeko bide, elkarteko kideen ustez. «Sekulakoak sufritu dituzte, eta asko lagundu dezakete horrelako egitasmoek», azaldu du Alegriak. Susmo hori izan zuten betidanik, baina Sirian gauzatutako ekintzetan lortutako emaitzek agerian utzi dute, haren esanetan. Dioenez, esaterako, «ikusgarria» da kanpalekuetan daudenek beren musika tresnei dieten maitasuna. «Bonbardaketa bat gertatzen denean, jendeak berekin eramaten ditu instrumentuak, lur azpian ezkutatzen dituzte suntsitu ez ditzaten, eta haurrek haiekin egiten dute lo», kontatu du hunkiturik.
Gainera, egitasmoa abian jarri zutenetik, elkarteak bereziki erreparatu dio Siriako kanpalekuetako emakumezkoek bizi duten egoerari, haiek izan baitira, oro har, gudaren indarkeriaren biktima nagusiak. «Emakume asko eta asko bortizki bahituak izan dira, horietako hainbat akabatu egin dituzte, edo gogor bortxatu», azaldu du Alegriak. Uste du bankuan bildutako musika tresnak izan daitezkeela, nolabait, sufrimenduaren ihesbide. «Ikas dezaten musika tresna bat jotzen, jo dezaten elkarrekin. Azken batean, beste pertsona batzuekin aritzea oso gauza potentea da, harmonia sortzen du. Ziur nago munduaren irtenbideak korala behar duela izan».
Alegriaren iritzi berekoak dira egitasmoan ari diren beste arduradun asko. Esaterako, antzeko iritzia du Maria Arratibel Iruñeko Joaquin Maya Udal Musika Eskolako zuzendariak. «Musikak edonor goratu dezake, eta errealitatetik urrundu. Gainera, praktika musikalak kontzentrazio handia eskatzen du, eta horrek laguntzen du arreta arazoetatik desbideratzen, kasik ezin duzulako jotzen ari zaren hori ez den beste deusetan pentsatu».
Hilabete igaro da musika kanpaina abiatu zenetik. Oraindik ere beste bat falta da epea bukatzeko, baina jadanik hainbat musika tresna daude bildurik Iruñeko Udal Musika Eskolaren areto nagusian: akordeoiak, baxu elektriko bat, teklatu bat, biolinak, gitarrak, baketak... hamarka dira, eta eskolako ikasleek eta ikasle ohiek utziak dira gehienak, Arratibelek adierazi duenez. Hala eta guztiz ere, eskolarekin zerikusirik ez duten hainbatek ere hartu dute parte.
Aurreko egitasmoan ere eman zuen izena Iruñeko Musika Eskolak, eta, zuzendariren esanetan, «sekulako arrakasta» izan zen orduko kanpaina. Hartan, horma piano bat eman zuten dohaintzan, esate baterako. Halere, zuzendariak irudipena du aurreko aldian baino are instrumentu gehiago ari direla jasotzen, eta pozik dago hori ikusirik: «Jende askok idazten digu, toki askotatik, eta gogotsu daude egitasmoarekin bat egiteko», azaldu du. Pandemiaren ondorioz, ugariak dira eskolak hartu dituen prebentzio neurriak, eta, beraz, herritarrak ezin dira edozer ordutan joan musika tresnak eramatera. Horregatik, interesdunek posta elektronikoaren bidez zehaztu behar dute hitzordua eskolako arduradunekin.
Maria Arratibelek nabarmendu du musika tresnen bilketak baduela, Siriakoei ematen zaien laguntzaz gainera, beste gauza oso aberasgarri bat: sinetsia dago hango kanpalekuetan bizi duten egoeraren berri izateak asko lagundu dezakeela eguneroko gauzak baloratzen. Hori dela eta, maite du kanpainak erdietsitakoak ikus-entzunezko produktuetan ikusi ahal izatea. Desenterrar el sonido (Soinua lurpetik atera) dokumentala ekoitzi zuten horretarako. Gani Mirzoren azalpenak dira gidari, eta ikus daiteke zer egiten duten Siriako kanpalekuetako errefuxiatuek jasotako musika tresnekin. «Bonben eta tankeen burrunba isiltzen laguntzen du, gerra isiltzen», dio Mirzok dokumentalaren hasierako minutuetan. Antolatzaileek adierazi dute aurten ere konpromisoa dutela kanpainaren kontakizuna egiteko.
Beste norbaitek goza dezan
Zenbait kasutan, biziki estua izaten da musikariaren eta haren instrumentuaren arteko harremana. Hala eta guztiz ere, hari agur esateak ez du zertan minik eman; poztasuna ere ekar dezake musika tresna beste baten eskuetan ikusteak. Iñaki Bizkaik kontatu duenez, ez zuen zalantzarik izan bere instrumentua Siriara bidal zezakeela azaldu ziotenean. «Ez nuen bitan pentsatu. Zertarako zela ikusirik, segituan eman nuen akordeoia». Akordeoilari profesionala da Bizkai, Antsoaingoa (Nafarroa) jaiotzez eta, urteetan, Euskal Herriko herrietan barna aritu da kontzertuak egiten, festetan jotzen eta otorduak girotzen. Izatez, diskoak ere kaleratu ditu bere lanekin. Ibilbidean aurreneko pausoak ematen lagundu zion akordeoi hura eman zuen Mugarik Gabeko Musikarien kanpainan, 2017an. «Izan nuen lehenbizikoetakoa zen, nire gurasoek erosi zidaten txikia nintzelarik, eta asko maite nuen, gauza asko bizi izan ditudalako harekin». Nota eta doinu mordoa zituen haizatuak Bizkairen akordeoiaren hauspoak, baina musikariak ez zuen nahi musika tresna hura armairuan gorderik gelditu zedin. «Ilusioa egiten dit pentsatzeak naizenaren zati bat hor nonbait dabilela, musika egiten, hau da, ongia egiten, hori baita munduak behar duena», adierazi du. Antsoaindarrak argi du zertan nahi duen lagundu; bere esanetan, ez zaio inporta Sirian berea zuen akordeoia joko duena munduko musikaririk hoberena izanen den edo «inoizko kaxkarrena»; aski zaio jotzaileak disfrutatzearekin.
Bizkaik aurreko egitasmoan emandako pauso bera eman du aurtengoan Ollokiko (Nafarroa) Irati Floresek. 8 urte bete ditu 2020an, nabarmen hazi da,eta txiki gelditu zaio biolina. Aitak lagunduta, bilketa kanpainarako utzi du tresna. Floresek biolinez aldatu beharko zuela jakin bezain pronto, etxekoak harekin zer egin pentsatzen hasi ziren, eta egunkariko albiste baten bidez izan zuten kanpainaren berri. «Bitxia iruditu zitzaigun. Askotan, elkartasun kanpainetan pentsatu, eta ez zaizu okurritzen musika tresnak ere behar dituztela herrialde horietan», azaldu du Unax Flores aitak. Alabari azaldu dio haren musika tresna nora joanen den, zertara, eta, hala, pozik utzi du biolin txikia. Udaberriarekin ailegatuko da beste esku batzuetara.
Musika, gerraren burrunba isiltzeko
Musika tresnen banku berri bat ari da osatzen Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak elkartea. Bigarrenez, Siriara bidaliko dituzte instrumentuak, hango kanpalekuetako errefuxiatuentzat. Euskal Herriko hainbat zentrotan egin daiteke dohaintza; urtarrilaren bukaerara arte da epea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu