Hamalau zortzimilakoen historia ezbaian?

Erberhard Jurgalski dokumentalistak eginiko ikerketa eta neurketa zehatzen arabera, orain arte hamalau zortzimilakoak igo dituzten mendizale gehienak ez ziren Manaslu, Annapurna eta Dhaulagiri mendien punturik altuenera igo. Hori dela eta, Reinhold Messner eta Edurne Pasaban kendu egin dituzte Guinness errekorren liburutik. Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Gerlinde Kaltenbrunner, Juanito Oiarzabal eta Alberto Iñurrategi ere ez leudeke hamalauen zerrendan.

Manasluren gailurraldea,  Jackson Groves australiarrak 2021eko udazkenean drone bidez ateratako argazkian. Orain arte gailurra zela uste zen horretatik ez da gailur nagusia ikusten, eta, horregatik, orain arte ezkerreko hori hartu da gailurtzat. Gaur egun, argazkian ikus daitekeenez, puntu horretatik zeharkaldi bat egiten dute, gailur nagusiaren azpiraino, eta hortik igotzen dira tontorrera. JACKSON GROVES.
ramon olasagasti
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Guinness errekorren liburutik kendu dituzte Reinhold Messner eta Edurne Pasaban. Ez omen dira hamalau zortzimilakoak igo zituzten lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa. Erberhard Jurgalski dokumentalista alemaniarrak eta hark gidatzen duen 8000ers webguneko lantaldeak eginiko ikerketa batean oinarritu dira horretarako. Gaur egungo tresna teknologiko zehatzekin eginiko neurketen arabera, Jurgalskik dio hainbat mendizale ez zirela Manaslu, Dhaulagiri eta Annapurna zortzimilakoen egiazko gailurretara igo. Tartean leudeke Himalaiaren historian izan diren izen handiak, Reinhold Messner, Jerzy Kukuczka, Erhard Loretan, Krzysztof Wielicki, Gerlinde Kaltenbrunner edo Nives Meroi, besteak beste, eta tartean leudeke hamalau zortzimilakoak igo dituzten hiru euskal mendizaleak ere: Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi eta Edurne Pasaban.

Kontua ez da berria: Jurgalski eta Rodolphe Popier 8000ers webguneko dokumentalistek urteak zeramatzaten neurketak egiten eta igotzaileen milaka argazki alderatzen. Azkenik, iazko uztailean argitaratu zituzten ikerlan horren emaitzak, eta ondorioztatu zuten alpinista asko ez zirela aipatutako hiru gailurren punturik altuenera iritsi. Ez fede txarrez, baizik eta uste zutelako gailurra edo punturik gorena beste bat zela. Manasluren kasua da argiena: ikerketa horien arabera, duela gutxira arte gailurtzat hartzen zena baino 35 metro aurrerago dago punturik altuena, 10 metro inguru gorago desnibelean. Orain arteko gailurretik, ordea, ertzak beherantz egiten du, eta ez da ikusten goragoko puntu hori. Hortik askoren akatsa.

Iñurrategi ez du gehiegi kezkatzen gaiak: «23 urte dira guk Manaslu igo genuela. Orduan ez zegoen gaur egun dagoen teknologiarik, eta gu geure aurrekoen erreferentzien arabera mugitzen ginen. Teknologia berriak erabilita ziurtatzen bada gu iritsi ginen Manasluko gailurra ez dela punturik altuena, horrela izango da, ez daukat zalantzarik, baina ni lasai nago, gehien-gehienok tontor horretara igo ginelako, eta kasu ia guztietan ez delako asmo txarrik egon. Jakin izan bagenu gailurra beste bat zela, seguru nago ahaleginduko ginela, denboraz ere oso garaiz iritsi ginelako Manaslu tontorrera. Baina orduan gure erreferentziak beste batzuk ziren».

Kontua oraingoa ez izan arren, burrunba handia sortu da Messner eta Pasaban Guinness errekorren liburutik kendu izanarekin. Irudi luke lehena izatea garrantzitsuagoa dela Messnerrek egin duen ibilbidea baino. Errekorren liburuan egotea meritu handiagokoa dela alpinismoaren historiako liburuan orrialderik distiratsuenetakoak idaztea baino. Messnerri ez diote onartzen Annapurnako gailurra. Antza denez, Jurgalskiren ikerketaren arabera, punturik altuenetik 65 metrora eta desnibeleko 5 metro beherago geratu ziren Hans Kammerlander eta biak 1985ean. Annapurna gailurreko ertz luzean hainbat elur perretxiko sortzen dira, eta ez da erraza perretxiko horietan altuena zein den bereiztea. Jurgaslkiren ikerketak 5 metro ziztrin horietan jarri du begia, eta ez beheragoko 4.000 metroetan; izan ere, Messner eta Kamerlander ipar-ekialdeko aurpegian bide berri bat zabalduta igo ziren Annapurnara, himalaismoaren historian jarduera gogoangarria osatuta. «Gailurra ez, bidea da helburua. Nire alpinismoak ez du errekorrei buruz ulertzen», adierazi du Messnerrek bere sare sozialetan, eta mezuarekin batera ez du Annapurna tontorreko argazkia jarri, igoera hartako argazki ikusgarri bat baizik, izotz distiratsuko horma ikusgarri bat eskalatzen. Ezin argiago esan zerk duen garrantzia.

Reinhold Messner Annapurnaren ipar-ekialdeko aurpegian. @reinholdmessner_official

Jurgalski duela urte batzuk jarri zen Pasabanekin harremanetan, gailurretako batzuen argazkiak eskatzeko. «Duela urtebete pasatxo, berriz, bere ikerketaren emaitzak eman zituen argitara, eta esan zuen zenbait mendizale ez ginela Manasluren, Dhaulagirreni eta Annapurnaren gailur-gailurrera igo. Nire kasuan, Dhaulagiri eta Manaslu jartzen ditu auzitan. Gerlinde Kaltenbrunnerren kasuan ere bai. Gaur egungo neurketen arabera benetako gailurra pixka bat aurrerago edo atzerago dagoela, bada, zer nahi duzu esatea. Garai hartan, gailurrak horiek ziren. Ez dakit zer helburu duen Jurgaslkik historia aldatzeko. Zer helburu duen Mesnnerri ukatzeko bera dela hamalau zortzimilakoak igo zituen lehena, edo esateko orain Hong-Juan Dong txinatarra dela hamalau zortzimilakoak igo dituen lehen emakumea... Begiratu du nola egin dituen zortzimilako horiek guztiak?».

Izan ere, Jurgalskiren kalkulu berrien arabera, hamar mendizale hauek lirateke hamalau zortzimilakoak igo dituztenak: Ed Viesturs, Veikka Gustafsson, Nirmal Purja, Sanu, Hong-Juan Dong, Kristin Harila, Sophie Lavaud, Tenjen Lama, Chris Warner eta Viridiana Alvarez. Azken aldiko espedizio komertzialetan igo direnak, gehienak. Balizko zerrenda horretako lehenak, Ed Viesturs estatubatuarrak, ordea, komunikatu bat argitaratu du, eta garbi utzi du Messner izan zela lehena: «Messnerrek urratu zuen bidea, hark apurtu zituen muga fisiko eta psikologiko guztiak. Hark egindako urratsetan jarraitu ahal izan dugu ondorengook. Niretzat, hamalau zortzimilakoen orain arteko zerrenda da balio duena».

Elisabeth Hawley Himalaiako notario ezagunak sortutako Himalaian Database webguneak ere jakinarazpen bat argitaratu zuen, eta ontzat eman zituen 1956tik 2021era Manaslun orain arte gailurtzat hartu izan den horretara eginiko igoera guztiak, baina hori bai, ohartarazi zuen 2022tik aurrera benetako gailurrera eginikoak baino ez dituela aintzat hartuko. «Ezin dugu historia aldatu», dio komunikatuak. Jurgalskik, ordea, zehaztasunaren mesedetan, historia berridatzi egin beharko litzatekeela adierazi du.

Errekorren gizartea da hau, eta bidea baino gehiago gailurra saritzen da, ordea: Nirmal Purja xerpa, Kristin Harila norvegiarra eta hari lagundu dion Tenjen Lama xerpa... horiek dira komunikabideetan eta sare sozialetan orrialdeak betetzen dituztenak. Batek urtebetean hamalau, besteak hiru hilabetean... Berdin dio, alpinismoaren balioak aintzat hartuta, errekor erabat hutsalak badira ere: berdin dio aurrez xerpa talde indartsu batek zortzimilako bakoitza behetik goraino sokaz josi ondoren igo badira ere, eta mendi gehienetan oxigenoa erabili badute ere. Berdin dio nolakoak, berdin dio bideak. Eta Juanito Oiarzabal horrekin dago haserre: «Nor da Jurgalski hau himalaismoaren historia aldatzeko? Zer axola dio Messner igo zen puntua benetako gailurretik metro gutxira baldin badago? Lachenal eta Herzog ere esan izan da ez zirela Annapurnaren tontor-tontorrera igo. Iritsi ziren benetan gailurrera? Agian ez, baina berdin dio, punturik gorenera iritsi ez baziren ere, gailurra zen hura, eta esentzia, espiritua, hori zen garrantzitsuena. Egin zutena. Eta ondoren beste batzuek egin dutena, egin duguna. Eta orain ergel honek auzitan jarri behar du historia hori guztia, noiz eta himalaismoa erabat ustelduta, masifikatuta eta komertzializatuta dagoenean?».

Minduta dago Oiarzabal himalaismoaren inguruan gaur egun gertatzen ari denarekin: «Jurlgaskik egin beharko lukeena da Himalaian gertatzen ari dena salatu, etika falta hori. Gaur egungoa zirku bat da. Reality bat. Niri izugarrizko pena ematen dit, adibidez, K-2n gertatzen ari denak. Zailtasuna, estetika, mendiaren beraren historia kontuan izanda, uste nuen K-2k eutsiko ziola bere berezko izaerari, baina Nepaleko agentzia handiek dena izorratu dute, dena komertzializatu dute, eta sekulako irabaziak lortzen ari dira, xerpei eta baltiarrei huskeria bat ordainduta. Hori da benetan nire onetik ateratzen nauena. Beste guztiak, bost axola. Alemaniar honek esatea ez ditudala hamalau zortzimilakoak igo? Zer demonio jakingo du hark ni nora igo naizen? Edo Alberto nora igo den? Edo Edurne... Arrastorik ez dauka».

Pasabanek ere tristuraz bizi du gaur egun Himalaian gertatzen ari den guztia, komertzializazio basatia: «Eta Jurgalskik edo dena delakoak beste zerrenda bat sortzen badu, eta auzitan jartzen badu aurreko historia guztia, lortzen duena da gaur egungo himalaismo zentzugabe honi bultzada ematea, eta balioa kentzen dio Messnerrek edo Kukuczkak edo beste hainbatek 1970eko eta 1980ko hamarkadatan egin zuten guztiari».

Noren alboan, argi

Horri lotuta, Iñurrategik kontzientzia oso lasai dauka, eta Manaslu gailurra ontzat emanda edo ez, badaki bi zerrenda horietatik zeinetan egon nahi duen: «Messner, Kukuczka, Loretan, Carsolio eta horien alboan egonik, harro sentitzen naiz, nahiz eta kontziente izan gu ez garela horien mailara iristen. Messner da Everest bakarka igo zuen lehena, eta bakarra; izan ere, geroztik ez da balentria hori errepikatu. Everest oxigenorik gabe igotzen ere hura izan zen lehena, 1978an, Peter Habelerrekin. Muga pila bat gainditu zituen. Hortaz, orain Guinness bezalako enpresa batek Messnerren ibilbide horri ospea kendu nahi izatea erabat zentzugabea da».

Oiarzabal ere ez du kezkatzen zerrendatik kanpo geratzeak. «Nire adinarekin, Himalaiara 45 espedizio eginda, sufritu dudan guztiarekin, mendian galdu ditudan lagunekin, uste duzu ergel honek esandakoarekin kezkatu egingo naizela? Niri bost axola Guinness errekorren edo hamalau zortzimilakoen zerrenda horretan egon ala ez. Baina auzitan jartzea historia bera, Messner, Kukckzka, Loretan, Carsolio, Wielicki eta izen handi horiek guztiak, hori onartezina da».

Nolanahi ere, 8000erseko lantaldeak eginiko lanari balioa eman nahi izan dio Iñurrategik. Ez du zalantzarik Jurgalskik eta Popierrek behin eta berriro egiaztatu dutela punturik altuenak horiek direla, eta, aurrera begira, onerako izango dela gailurrak zein diren finkatzea. «Ni zehaztasunaren aldekoa naiz. Uste dut Jurgalski eta hauen lana zaila eta esker txarrekoa dela. Beraiek bazekiten, gailurren kontu horrekin halako zehaztasunez jokatuta, kritikak ere jasoko zituztela, eta haientzat ere ez da erosoa izango liskar hau». Iñurrategiren, Pasabanen eta Oiarzabalen iritziz, auzia zera da, orain arteko igoerekin eta historiarekin zer egin. «Kontsiderazio kontu bat da. Badakigu zer dagoen, neurketak eta datuak zein diren. Orain, kontua da historiaren zer irakurketa egiten dugun. Hor dago koxka», Iñurrategiren esanetan.

Pasabanek ere uste du ezin dela metro ezdeus horiengatik historia berridatzi. «Semeak 6 urte ditu gaur egun. Zer jasoko du, Messnerrek, Albertok, Juanitok edo bere amak egindakoak ez duela inolako baliorik?». Kontua da mendian, Himalaian, ez dagoela, futbolean edo beste kirol askotan bezala, FIFA bezalako erakunderik, Iñurrategik aipatutako irizpen bateratu hori emango duenik. Horregatik, Pasabanek ondorengoa uste du: «Ondo legoke, Messnerrengandik berarengandik hasita, mendizaletasunaren komunitateak gauzak bere lekuan jartzea, guk egindakoari duen balioa aitortzea». Historia, behintzat, ez dezan inork ezbaian jarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.