Mendiko eskia

Bete-beteko ikuskizuna

Nahia Quincoces eta Jon Ander Aranburu izan dira mendiko eskiko Bandres-Karolo oroimenezkoaren txapeldun. Eguraldia eta elur baldintzak lagun, partaideek berebiziko asteburuaz gozatu ahal izan dute Erronkarin

Asteburuan jokatu da Bandres-Karolo oroimenezkoa, Erronkari inguruko mendietan. EÑAUT IZAGIRRE / B-K 2023.
ramon olasagasti
Erronkari
2023ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Antxon Bandres eta Carlos Imirizaldu Karolo harro leudeke, larunbat eta igande honetan Erronkariko mendietan izan den ikuskizuna eta giroa ikusita. Mendiko eskiari eta lehiari bultzada handia eman zion Bandresek, Euskal Mendizale Federazioaren presidente izan zen garaian, eta Karolok ere gorputz-arima eman zion kirol honi. Euskal Herriko Pirinioetan mendiko eskiko erreferentziazko proba bat sortzeko ahalegin handia egin zuten biek ala biek, eta lortu zuten helburua. Bien oroimenez egiten da geroztik Bandres-Karolo Memoriala. Iragan asteburuan jokatu zen zortzigarren aldia, eta erabatekoa izan da festa.

Aurten, Nahia Quincoces mendexarra eta Jon Ander Aranburu zumarragarra izan dira txapeldunak. Haien izena gehitu zaie probaren ikur diren eski ohol zaharrei.

Pandemia eta elur falta tarteko, azken hiru urteetan ezin izan da egin proba, eta mendiko eskiatzaileak gogoz ziren berriro Izaban elkartzeko. Eta asteburua bete-betekoa izan da: eguraldia, elur baldintzak, ibilbideak... Aitor Sarriegi bertsolariak Izabako zinemako ekitaldian nabarmendu zuen moduan, «hiru urteko etenaldiak merezi zuen hainbeste».

Ikusi gehiago:Nahia Quincoces: «Oso berezia izan da Bandres-Karoloren itzulera»

Larunbatean, irteera eta helmuga Belaguako Angel Oloron aterpean izanik, ibilbide gogorra bezain ikusgarria osatu zuten eskiatzaileek. Besteak beste, Lakhura ondoko Kortaplana eta Binbalet gailurrak igo zituzten. Kartxela eta Binbalet tontorren iparrera, Zuberoako mendi hegal ederretan ere barneratu ziren partaideak, berriro ere Belagua aldera itzuli baino lehen. Azken igoera, Heriotzaren zeharkaldia izenez bataiatua, luzea eta gogorra egin zitzaion askori. Guztira, bost igoera eta beste horrenbeste jaitsiera izan ziren, 2.000 metro desnibel eta 20 kilometro. Ibilbide laburrak, bestalde, 11 kilometro zituen, eta 1.100 metroko desnibela.

Probaren hasiera-hasieratik, Nahia Quincocesek erakutsi zuen oso indartsu dagoela, eta eutsi egin zion Igone Campos euskal selekzioko kideari ateratako aldeari. Montserrat Bacardit kataluniarrak osatu zuen podiuma. Mutiletan, Noel Burgos madrildar gazteak ere hasieratik hartu zuen aurrea, eta nagusitasun handiz eutsi zion lehen postu horri. Atzetik, tarte batera, Jon Ander Aranburu eta Asier Alonso euskal selekzioko kideak helmugaratu ziren, eta atzeraxeago, Wilfrid Jumere frantziarra eta Alberto Miron espainiarra, biak denbora berean.

Ikusi gehiago:Jon Ander Aranburu: «Begiz jota neukan igoera bertikaleko txapelketa»

Larunbatekoa Nafarroako mendiko eskiko txapelketa ere izan zen. Seniorretan, Ander de Miguel izan zen txapeldun, Raul Bergara bigarren eta Josema Urrestarazu hirugarren. Senior-promesetan, Xabier Tous gailendu zen, Jokin Azkona eta Ruben Salinasen aurretik. Eta senior beterenotan, azkenik, Josema Urrestarazu izan zen txapeldun, Patxi Rubio bigarren eta Ibai Goñi hirugarren.

Arratsaldean, Izabako zineman jarraitu zuen mendian hasitako festak. Antolakuntzako kideek eskerrak eman zizkieten urtea joan eta urtea etorri Izaban biltzen diren mendiko eskiatzaile guztiei. Gogoan izan zituzten, nola ez, antolatzaile taldean arima izan diren bi kide ere: Oskar Lizarraga eta Joxe Mari Arbelaitz Baxerri. Hiru urteotako hutsunean joan dira biak, eta guzti-guztien gogoan izan ziren bata eta bestea. Proiekzioaren aurretik, mendiko eskiaren alde egindako lanagatik ematen den Karolo saria Jumere aita-seme frantziarrei eman zitzaien. Esker ona adierazi zuten aitortza jasotzeagatik.

Zineman bertan, Eñaut Izagirre glaziologoak Darwin mendigunera eraman zituen bertaratuak, Into the Ice film ederrak lagunduta. Eta zinemako ekitaldiaren ondoren, festarekin segitzeko, Aitor Sarriegi eta Imanol Uria bertsolari eta eskiatzaileek algara eta irribarre ugari harrotu zituzten tabernatik tabernarako segizioan.

Igandean, kronoigoera

Igandean, oroimenezkoaren bigarren egunean, kronoigoera izan zen Izabako herritik bertatik abiatu eta Ardibidepikua gailurrera. 700 metroko desnibela eta 5 kilometroko distantzia zituen ibilbideak. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Euskadiko txapelketa ere izan zen proba, modalitate horretan. Nesketan, larunbateko ordena berean helmugaratu ziren hiru aurrenekoak: Nahia Quincoces lehenik, Igone Campos bigarren eta Montserrat Bacardit kataluniarra hirugarren. Euskadiko Txapelketari begira, podiumeko hirugarren postua Mayi Mujikarentzat izan zen.

Mutiletan, Jon Ander Aranburu izan zen txapeldun kronoigoeran. Igoera guztian Ander de Miguel iruindarra joan zen buruan, baina, azken metroetan, aurre hartu zion Aranburuk. Hirugarren, esprintean eta denbora berean, Wilfrid Jumere frantziarra eta Alberto Miron espainiarra helmugaratu ziren. Haien atzetik iritsi zen Asier Alonso oñatiarra. Euskadiko Kronoigoera Txapelketari erreparatuta, beraz, Asier Alonso izan zen bigarren eta Ander Uriarte hirugarren.

Larunbateko lineako proba eta kronoigoera biak kontuan hartuta, beraz, Nahia Quincoces mendexarra eta Jon Ander Aranburu zumarragarra nagusitu dira oroimenezkoan. Nesketan, Igone Campos zumarragarra eta Montserrat Bacardit kataluniarra igo dira podiumera. Mutiletan, berriz, Asier Alonso oñatiarra izan da bigarren, eta Wilfrid Jumere eta Alberto Miron, biak denbora berean, hirugarren.

Euskal Herriko Mendiko Kopako bigarren proba ere bazen Bandres-Karolo oroimenezkoa. Kopako sailkapenari begira, nesketan, Nahia Quincoces, Igone Campos eta Lur Basterretxea izan ziren hiru lehenak. Mutiletan, berriz, Jon Ander Aranburu, Asier Alonso eta Ander de Miguel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.