Hard-rockaren soinu gogorretik pop-rockaren melodietara, eta new waveren soinu esperimentaletik rockabillyaren erritmo dantzagarrietara. Aurten ere, rockaren askotariko aldaerak entzuteko aukera izango da Azkena Rock jaialdian, ostiralean eta larunbatean. Egitarau zabala ondu dute antolatzaileek, eta izen handiko artistak ez ezik, bestelako taldeak ere igoko dira Mendizabalako agertokietara. Hemezortzigarren urtea du Gasteizko musika festibalak, eta bidea egiten jarraitzen du rock-and-rollari izenean eta izanean eutsita.
Rockaren geografia zabalean askotariko ahaireak daudela erakutsiko du jaialdiak, beste behin. Burua ez ezik, gerria astintzeko aukera ere izango baitute bertaratzen direnek aurten. Horren adibide da lehen eguna. Stray Cats edta The B-52's taldeen erritmo biziek rock-and-rollaren hastapenetara eramango dute publikoa. 1950eko hamarkadan ezagun egin zen rockabillyaren enbaxadorerik ezagunetarikoa da Stray Cats, eta garai hartatik ere edaten du The B-52'sek, nahiz eta new wave mugimenduaren zurrunbiloan sortu zen. Eguneko kartelburuak dira, eta 40.urtemuga ospatzeko birarekin iritsiko dira Gasteizera.
1993an banandu zen Brian Setzerrek, Lee Rockerrek eta Slim Jim Phantomek osatzen zuten Stray Cats hirukotea. 2004an, ordea, berriz elkartu ziren taldearen 25. urteurrenaren harira, baina zuzenekoak emateari utzi zioten 2008an ostera ere. Hamar urteko etenaren ondoren elkartzea erabaki zuten berriz, eta ez nolanahi gainera: disko berri bat kaleratuko baitute aurki. Taldearen lehen arora itzuliko direla ziurtatu dute.
Rock alternatiboaren beste ereduetako bat da B-52's. New waveren eskutik, inspirazio iturri izan da taldea hala musika alternatiboan nola modan eta kulturan. Taldeak 20 milioi disko baino gehiago saldu ditu orotara, bereziki, Rock Lobster, Dance This Mess Around, Love Shack eta halako kantu ezagunei esker. Eguneko bi talde nagusiak bata bestearen ondoren igoko dira God agertoki nagusira.
Trantsiziorako balio dezake The Living End taldeak. Australiako hirukoteak rockabillyaren, punkaren eta rockaren arteko nahasketa egiten baitu: punkabillya. Bateriaren eta kontrabaxuaren erritmo biziak gitarraren eta ahotsen gordintasunarekin uztartzen ditu taldeak. Wunderbar izeneko LP berria aurkeztuko du Mendizabalan.
Jaialdiaren bigarren adarra Respect agertokian izango da, eta rockaren alde gogorragoa erakutsiko dute bertara igoko diren taldeek, punkera eta hard-rockera lerratzen diren taldeak izango baitira. Surfbort taldea izango da aurrena. 80ko hamarkadanAEBetan landu zen punk eszenari lotutako musika eta energiaz beteriko zuzenekoak eskaintzen ditu Brooklyngo laukoteak. Iaz argitaratu zuten estudioko lehen lana: Friendship Music izenpean. Kritika onak jaso zituen lanak, eta taldeak ibilbide luzea izango duela aurreratu dute askok.
Rockaren munduan ibilbide esanguratsua egina duten musikariak igoko dira agertokira jarraian: Deadland Ritual. Black Sabbath taldeko baxu jotzaileak, Geezer Butlerrek,gidatzen du taldea, eta harekin izango dira Franky Perez Apocalyptica taldeko abeslaria izandakoa; Steve Stevens, Billy Idolekin gitarra jotzen duena; eta Matt Sorum, 1990eko hamarkadan Guns N' Roses taldeko bateria izan zena eta larunbateko kartelburuetako bat den The Cult talde ingelesean ere aritu zena. Haien iraganeko taldeei keinu egingo dieten doinuak eskainiko dituzte Gasteizen, datorren urterako espero den disko berriko kantuekin batera. Ezohiko orduan aterako badira ere 20:35ean, badakite zertaz ari diren, eta ziur ikuskizun ederra eskainiko dutela.
Azkena Rock ezagutzen dute, halaber, Blackberry Smoke taldeko kideek ere. Duela hiru urte izan ziren Mendizabalan. Orduko izen handien itzalean geratu baziren ere besteak beste, The Who, The Hellacopters eta Marky Ramone izan ziren, aho zapore onarekin utzi zuten publikoa. Oraingo honetan, bada, bigarren aukera izango dute, eta ez nolanahikoa gainera: gaueko izar nagusien ordutegian igoko baitira agertokira. Rock klasikotik hurbil, southern-rockaren talderik esanguratsuenetakoa da.
Doinu gogorrekin amaituko da eguna: Glassjaw New Yorkeko laukotearen eskutik, alegia. Post-hardcorearen iraultzailetzat jotzen da taldea, baina heavy metaletik eta rock psikodelikotik ere edaten du haren musikak.
Alternatiboaren izarrak
Bigarren egunean ere rock alternatiboaren izar nagusiak izango dira Mendizabalako agertokietan. Iaz, jaialdia amaitu berritan, jakinarazi zuen antolakuntzak Wilcoren parte hartzea. 1990eko hamarkadan Chicagon sortutako taldea rock alternatiboaren iraultzailetzat jotzen da, batez ere etiketetatik ihes egiteko duen erraztasunagatik. Erosotasunetik aldendu eta arriskuak bilatu izan ditu taldeak maiz; haren lan bakoitzak soinu propioa izan du. Adierazgarritzat jotzen dira Yankee Hotel Foxtrot eta A Ghost is Born lanak. Azken horrek bi Grammy sari eskuratu zituen.2016an argitaratu zuen Chicagoko taldeak azken diskoa Schmilco, eta udazkenerako beste bat kaleratuko duela iragarri dute. Bilduma berria ere desberdina izango dela aurreratu du Jeff Tweedyk zuzentzen duen taldeak.
The Cult, aldiz, disko zahar bat omentzera dator Gasteizera, 30 hamar urte bete baitira Sonic Temple diskoa (1989) argitaratu zuenetik. 1980ko hamarkadako hard-rockaren eszenako ikurretako bat da talde ingelesa, eta badakite zer den Azkenan jotzea; duela bi urte izan ziren bertan. Oraingo honetan, baina, munduan sona eman zien diskoaren urteurrenaren aitzakian datoz Ian Astbury, Billy Duffy eta gainerako kideak.
Aitzakia berarekin dator Gang of Four taldea ere. 1979an argitaratu zuen talde ingelesak lehen lana: Entertainment!, askorentzat, post-punkaren inoizko diskorik onenetakoa dena. Mendizabalan izango dira azken orduan, Melvins taldeak bira bertan behera utzi ondoren.
Bigarren eguna ere rockaren arlorik gordin eta ilunena entzuteko aukerarekin amaituko da. Philip Anselmo abeslari ospetsua The Illegals taldearekin igoko baita agertokira, Pantera haren aurreko talde ezagunaren kantuak interpretatzeko.
Nolanahi ere, izango da eguna zerekin goxatu. Neko Case kantautorearen country-folka da horren adibideetako bat. Bestea, berriz, Morgan. Madrilen kokatutako taldeak arrakasta handia lortu du Nina abeslariak gidatutako country-folk goxoarekin. Taldekideen artean izango da Ekain Elorza Cobra, Seiurte Berrizko (Bizkaia) bateria jotzailea ere.
Burua eta gerria astintzekoak
Stray Cats, Wilco, The Cult, The B-52's, Gang of Four, Blackberry Smoke eta Phil Anselmo izango dira Azkena Rock jaialdian. Rockaren aldaera guztiak entzuteko aukera izango da bi egunez Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu