Administrazioan sargori dago giroa, eta langileen haserrea gero eta handiagoa da. Udazken honetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan greba eta protesta ugari egiten ari dira, sektorean gutxitan ikusitako kopuruetan. Alderdi politikoek eta bereziki erakundeetan agintean daudenek adi begiratzen diote egoerari. Datorren asteazkenean eta abenduaren 19an grebara deituta daude hiru lurraldeetako langile publiko guztiak, 150.000 inguru, eta udazken osoan zehar arlo jakin batzuetan lanuzte gehiago antolatu dituzte.
Asteazkenean, beharginen lan baldintzek eta zerbitzu publikoek okerrera egin dutela salatuko dute, eta erakunde guztiak jarriko dituzte jopuntuan: Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, Eudel eta Espainiako Gobernua. Baina fokua, bereziki, Jaurlaritzara begira egongo da.
Dimentsio politikoa hartu du mobilizazioak. Iñigo Urkullu lehendakariak EH Bilduri egotzi dio udazken beroa bultzatzea, «hauteskundeei begirako estrategia gisa», ELAren eta LABen babesarekin. Haren esanetan, egungo egoera ekonomikoa ez dator bat haiek marrazten ari diren irudi «katastrofikoarekin», eta protestek «errealitate faltsu bat hauspotzeko helburua» dutela dio. Antzeko mezuak eman dituzte gainerako sailburuek. Alderdi sozialistakoak, halere, ez dira eztabaidan oso modu agerikoan sartu. Idoia Mendia Lan eta Enplegukoak sindikatuei esan die aldarrikapenak negoziazio mahaietara eramateko.
Hain justu, urriaren 10ean bildu zen EAEko Mahai Orokorra, baina ez zen akordiorik egon. Eta sindikatuek erakundeei Lan Harremanen Kontseiluan asteon deitutako bilerara soilik Madrilgo gobernuko ordezkaria azaldu zen. «Lotsagarria izan da. Gu beraiek deitutako bilerara azaldu ginen; haiek guk deitutakora, aldiz, ez. Gainera, Mahai Orokorrean planteatu genizkien kontu guztiei Jaurlaritzak betiko aitzakiarekin erantzun zigun: 'Madrilek ez digu uzten'. Ezer aldatzeko borondaterik ez dute, eta hori da larriena», azpimarratu du LABeko negoziazio kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendiak.
Momentu «egokia»
Kezkak eta kexak aspalditik datoz, gutxienez 2009ko krisitik. ELAko zerbitzu publikoetako federazioko idazkari Igor Eizagirrek gogorarazi duenez, Mahai Orokorrean ez da lan hitzarmen bat bera ere sinatu ordutik, hezkuntzako azkena, berriz, 2010ekoa da, Osakidetzakoa 2007-2009koa, eta udaletakoa 2008-2010ekoa. «Guk erakunde guztiak interpelatzen ditugu: Jaurlaritza, aldundiak eta udalak», azpimarratu du ELAko kideak.
Sindikatuek uste dute horretarako «garai egokia» dela. «Orain, aurrekontuak eztabaidatuko dituzte erakunde guztietan. Gainera, inbestidura negoziatzen ari dira Madrilen. Hemengo alderdiei eskatzen diegu enplegu publikoari buruzko eztabaida lehen mailan jartzeko. Hori da autogobernua defendatzea». Azaldu du Eizagirrek. Horri ñabardura bat gehitu dio Ugartemendiak. «Grebara deitu dugunok hauteskundeei buruz ez dugu ezer aipatu; Urkulluk egin du hori».
LABeko ordezkariak gogoratu duenez, sektore publikoan gatazka asko izan dira azken urteotan, eta Osakidetzan eta hezkuntzan izandakoak azpimarratu ditu. Gaineratu duenez, orain borroka horiei «jarraipena eta aterki orokor bat» ematea da haien helburua. «Gure erakundeei nahikoa dela esateko ordua da. Negoziatzeko garaia dela esateko; gure lan baldintzak berton ezarri nahi ditugula esateko. Zerbitzu publikoak indartzeko».
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, CCOO, ESK eta sindikatu sektorial batzuek —hezkuntzako Steilas eta osasun arloko SATSE bat datoz diagnostiko horrekin, eta haiek ere bat egin dute deialdiarekin. «Gure aldetik, ez dago higadura estrategiarik, ez kanpaina antolaturik, ez ekintza batasunik. Gu ez gara susmagarriak inoren estrategia babesteaz. Baina agerikoa da administrazio publikoan, oro har, egoerak okerrera egin duela, eta horren defentsan aterako gara kalera», azpimarratu du CCOOk.
Pribatizaziorako joera
Sindikatuen eskaera nagusietako bat da sektore publikoko pribatizazioak amaitzea. Izagirreren arabera, 100.000 langile inguru daude azpikontratatuta, «eta zainketen sektorearen %90 pribatizatuta dago jada». «Zerbitzuak azpikontratatzeko joera gero eta zabalduago dago administrazio osoan».
Horrekin batera, sindikatuek pribatizazio gehiago ez gauzatzeko konpromisoa eskatu diete erakundeei, eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko planak adosteko, lantaldeen subrogazioa bermatuz.
Sindikatuen kritikei erantzunez, Jaurlaritzak esan du gizarte politiketara gero eta diru gehiago bideratzen duela. Hala berretsi du Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak aste honetan, baina, Eizagirreren arabera, hori ez da egia. Barne Produktu Gordina erreferentzia moduan hartuz gero, osasunean azken urtean %5,73tik %5,19ra murriztu da gastua, eta %3,98tik % 3,82ra hezkuntzan. Azpimarratu du Europan batezbestekoa %8 eta %5 dela hurrenez hurren, eta Espainian %7,6 eta %4,6.
Halaber, ELAko kideak gogoratu du EAEn enplegu publikoak direla Gizarte Segurantzako afiliatu guztien %15, eta Europan %20tik gora dela eta Espainian %17.
Beste eskaera batzuk ere badituzte sindikatuek: lan kargak arintzea eta asteko 32 ordura hurbiltzeko lanaldi murrizketak negoziatzea, eta langile publikoen osasuna bermatzeko neurri zehatzak. Horrekin batera, «berdintasun plan eraginkorrak» eskatu dituzte eta administrazioaren «benetako euskalduntzea» bermatuko dituzten neurriak.
Dirua badago
Baina eskaera nagusia langileen poltsikoarekin dauka zerikusia. Sindikatuek onartzen dute soldatak eta beste lan baldintza batzuk —eszedentziak, kontziliazio neurriak...— hobeak direla publikoan pribatuan baino, baina ohartarazi dute erosteko ahalmenaren galera handiagoa izaten ari dela.
2010etik soldatak %10 igo dizkiete langile publikoei, baina, sindikatuen arabera, %20ko galera metatua izan dute. Aurten, %3koa izango da igoera, %3,5era iristeko aukerarekin, baina orain arte batez besteko inflazioa %3,9koa izaten ari da. Igoera hori, gainera, sektore pribatuko lan hitzarmen gehienetan adosten ari dena baino txikiagoa da.
Sindikatuek %10ekoa eskatu dute aurten eta hurrengo urtean aplikatzeko. Gainerako «zorrari» dagokionez, hori aitortzea nahi dute, eta berreskuratzeko plan bat eta epe batzuk adostea. Uste dute egingarria dela. Egungo egoeran halako igoera bat eskatzea «errealitatek kanpo» dagoela dioten kritikei erantzunez, honako hau erantzun du Ugartemendiak. «Hemen erreala zera da: %20ko galera egon dela. Eta ogasunen diru bilketa inoiz baino handiagoa izaten ari dela. Dirua badago ertzainei soldatak igotzeko, adibidez, baina besteontzat beti daude arazoak eta trabak. Gainera, Jaurlaritzak ez digu esan ezinezkoa denik. Esan digu Madrilek ez diola uzten».
Hain zuzen ere, urriaren 10eko Mahai Orokorrean, Jaurlaritzak berretsi zuen ez duela «maniobrarako tarterik», 2009tik indarrean dagoen oinarrizko araudiagatik, baina sindikatuek diote «aitzakia» bat baino ez dela hori. Eizagirrek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia gogoratu du: horren arabera, «salbuespena» litzateke Madrilen esku hartzea, soilik krisi garaietan egin ahal izango luke. «Egoera normalizatu batean guk daukagu eskumena, eta hala esaten du [autonomia] estatutuak ere. Gure enplegu publikoa eta gure soldatak Madrilek erabakitzea erabaki politiko bat da, beraz. Eta Madrilek erabaki horiek hartzea onartzen ari dira hemengo alderdiak. EAJk eta EH Bilduk Madrilgo aritmetika politikoa erabil dezakete gure enpleguaren beharrak guk erabakitzeko. Eta aukera dute orain, inbestidurarekin eta aurrekontuen negoziazioekin».
Dena den, Jaurlaritzak bereari eusten dio, eta nabarmendu du EAEn langile publikoen soldatak hobeak direla Espainian baino. Sindikatuek gogoratu dutenez, iraganean egindako akordioen emaitza da hori. «Lehen bazuten horretarako borondatea; orain, ez. Jaurlaritzak enpresei eskatzen die soldatak hemengo errealitatera egokitzeko, baina berak bere langileekin ez du halakorik egin nahi», azaldu du Ugartemendiak.
Madrilen aitzakia
Azken hamarkadan, sektore publikoan pribatuan baino gehiago handitu da langileen kopurua —%26 publikoan eta %13 pribatuan—, eta gaur egun 152.000 inguru daude. Dena den, gehienak aldi baterako kontratazioak dira. Sindikatuen arabera, %49, «sektore pribatukoa halako hiru».
Azken urtean lanpostuak egonkortzeko lan eskaintza publikoak egin dira, baina, haien iritzian, ez dira aski arazoari aurre egiteko. Prozesu horien helburua da %8ra murriztea behin-behinekotasuna, Espainiako Gobernuak Iceta legean ezarri bezala. Irailean, Urkulluk esan zuen 10.700 lanpostu egonkortuko direla prozesu horien bidez, baina sindikatuei ez zaizkie kontuak ateratzen.
Eizagirrek gogorarazi duenez, 47.570 behin-behineko daude, ia 20.000 zortzi urte baino gehiago. Urkulluren kopuruak kontuan hartuz gero, Osakidetzako lantaldearen %85 egonkortze prozesutik kanpo geratuko litzateke, hezkuntzan %69, administrazio orokorrean %20 eta justizian %80. Guztira, batez beste, %72. «Osakidetzan bakarrik 18.000 behin-behineko daude. Behin-behinekotasuna ez da %25-30etik jaitsiko», zehaztu du Ugartemendiak.
Badago, halaber, sindikatuak aspaldi honetan mahai gainean jartzen ari diren beste eskaera bat: erretiroagatik hutsik geratzen diren lanpostuen ordezkapenak. Kasu horietan ere, 2010az geroztik, Espainiako Gobernuak esaten du zein postu ordezkatu behar diren eta, gehiago behar izanez gero, zenbat. Ordezkapenik ez dela egiten salatu dute sindikatuek. «Zergatik erabaki behar du Madrilek zenbat irakasle edo mediku izan behar ditugun hemen?», galdetu du Eizagirrek. Eta soldaten auziarekin bezala, «Euskal Herriko alderdiei» eskatu die gai ere hori mahai gainean jartzeko aurrekontuen eta Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan. Horrekin bat dator Ugartemendia: «Borondate kontua da. Egongo balitz, Madrilek ezartzen dituen debeku edo murrizketak gainditzeko aukera legoke».