Duela urtebete Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adituen lantalde independente bat sortu zuen ebidentzia zientifikoan oinarritutako etorkizuneko pandemiei erantzunak emateko. Aldi berean, oraingo eta iraganeko pandemiekin ikasitakoa, munduko herrialde eta erakundeek, OME barne, osasunerako mehatxuak modu eraginkorrez aztertzea izan dute helburu. Hilabete hauetan guztietan aztertutako datu guztiak bilduta, lerro batean laburtu dute dena: pandemia saihestu zitekeen. Orain ondorio hori irakurtzeak benetan harritzen du eta galdera da zer egin zen gaizki eta nola izan den posible urtebete ondoren gauden moduan egotea.
Akatsak hainbat esparrutan egin dira. Alde batetik, nahiz eta gaixotasun zoonotikoen portzentajea igotzen joan den azken urteetan eta arnasbideko patogenoen arriskua altua izan, eta beraz, urteetan hainbat txosten egin diren horren arriskua azpimarratzen, herrialde askok prestakuntza falta handia izan dute eta txosten horietan zeuden hainbat ohar ez zituzten garaiz hartu.
Erabaki estrategiko txarren, desberdintasunei aurre egiteko borondate faltaren eta koordinaziorik gabeko erantzun-sistemaren bidez, pandemiak krisi sozioekonomiko katastrofikoa eragin du, baita humanitarioa ere. Egia da OMEk osasun larrialdi egoera berandu kaleratu zuela, baina hori gertatu zenean ere munduko gobernuak ez ziren gai izan presazko erantzuna, koordinatua eta mundu mailakoa emateko. Egun ere nazioarteko lankidetza horren gabezia nabarmena ikusten da.
Osasun-sistemak ez zeuden prestatuta, eta osasun-langileek estres handia izateaz gain, arrisku pertsonala ere izan dute. Zoritxarrez hainbat osasun-langile hil egin dira. Honelako osasun-krisi bat gainditzeko, aurrez planifikatu behar dira, babes-ekipo egokiak izanik, etengabeko prestakuntza, osasun mentalean laguntza, inbertsioa eraikinetan, ekipoetan eta langileen arloan. Baina hori guztia krisiak jo baino askoz lehenago burutu behar da.
Pandemiak guztiei eragiten digu, baina erasoa ez da berdina guztiontzat. Gizarte-babeserako sistema hobeak dituztenak erresistenteagoak izan dira eta jendeak gutxiago sufritu du, enplegu prekarioan edo informalean pertsona gutxiago egon direlako.
Argi dago momentuko arazoa egungo pandemia dela eta txostenak oso positibotzat adierazi du txertoen garapen azkarra, baina birusaren aurkako txertoen banaketa motela eta desorekatua premiazko arazoa dela azpimarratu du. Agian birus honen iraunkortasunaren ondorioz bost mila milioi txerto dosi urtero beharrezkoak izango dira, beraz, hitzarmenak egin beharko dira, egungo txertoen dosiak eta etorkizuneko dosiak birbanatzeko.
Mundua etorkizunerako prestatzeko, gaixotasun baten hurrengo agerraldia pandemia bihur ez dadin, lantaldeak erreforma erabakigarri batzuk eskatu ditu. Lehenik, munduan goi-mailako lidergo politikoek ardura izan dezatela pandemiei aurre egiteko eta erantzun azkarrak emateko modu koordinatuan; bestetik, OMEren ikuspegia eta agintea indartzea modu independente batean, eta horretarako globalki inbertitzea. Gero damutzeak ez du balio.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Pandemia saihestu zitekeen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu