Sindikatuen arabera, hezkuntzako greban %60ko parte hartzea izan da

Jaurlaritzak, berriz, esan du irakasleen %35,2k egin dutela greba. Langileek hezkuntza legearen aurreproiektuaren kontra egin dute, eta «hezkuntza publiko, propio eta euskalduna» aldarrikatu

Gasteizen, arratsaldean egin zuten manifestazioa. RAUL BOGAJO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete - Gotzon Hermosilla
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, greba egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitaterainoko eskola publikoetako langileek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila lantzen ari den lege aurreproiektuarekin ados ez daudela adierazi eta «hezkuntza publiko, propio eta euskalduna» aldarrikatzeko. Sindikatuek emandako datuen arabera, langileen %60k bat egin dute grebarekin. Sare publikoko langile oro deituta zegoen grebarekin bat egitera: irakasleak, Haurreskolak partzuergoko langileak, hezitzaileak eta sukaldeetako langileak eta garbitzaileak.

Jaurlaritzak, berriz, oso bestelako datuak eman ditu. Esan duenez, ikastetxeen %92ren datuak bildu ditu, eta horietan irakasleen %35,2k bat egin dute grebarekin.

Hezkuntza munduko zenbait eragilek bat egin dute deialdiekin; esaterako, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak eta EHIGEk. Ernaik ikasleak deitu ditu manifestazioetan parte hartzera; izan ere, haien irudiko, aurreproiektuak oraingoz ez ditu eskaintzen «sistema hobe baterako oinarriak». Besteak beste, eskatu dute berma ditzala euskalduntzea eta euskal kulturaren transmisioa, eta hezkuntzaren doakotasuna. Elkarrekin Podemos-IUk, Alternatibak, CNT, CGT eta ESK sindikatuek, Ikasle Sindikatuak eta beste zenbait eragilek ere babestu dute deialdia.

Manifestazioa Bilbon

Eguerdian, manifestazioa egin dute Bilbon, grebara deitu duten hiru sindikatuek antolatuta. Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzatik abiatu da mobilizazioa, Publikoa, euskalduna eta propioa. Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez. Legea langileokin eraiki leloak zituen pankarta baten atzetik, eta, Kale Nagusi osoa zeharkatu ostean, Arriaga plazaren aurrean amaitu da. Han egin dute bukaerako ekitaldia.

Mobilizazioa jendetsua izan da, eta, irakaskuntza arloko langileek ez ezik, zenbait gurasok ere parte hartu dute, seme-alabekin batera. Eskola publikoa defenda dezagun, Lan baldintzak bermatu, Ez, ez, ez, lege honi ez, Publikoa, propioa eta euskalduna, Haur eskolak doakoak, Segregaziorik ez eta antzeko oihuak egin dituzte manifestazioak iraun duen bitartean.

Mobilizazioa hasi aurretik, sindikatuetako bozeramaileek adierazpenak egin dituzte. LABeko Irati Tobarrek esan du grebak «jarraipen zabala» izan duela,eta erantsi du langileek bat egin dutela sindikatuen aldarrikapenekin, alegia, «egungo sistema duala ez betikotzea, gainditze bidean jartzea eta sare publiko, euskaldun, bakar eta propioa lortzea».

Steilas sindikatuko Nagore Iturriotzek, berriz, lege aurreproiektua kritikatu du: «Zirriborroak ez du oraingo sistema gainditzen, eta, beraz, gaur egun hezkuntzan dugun arazorik larriena, segregazioa, ez du konpontzeko bidean jartzen». «Langileen ahotsa entzuteko» eskatu dio Hezkuntza Sailari: «Euskal eskola publikoak ardatz izan behar du, eta hezkuntza sistema propio, publiko eta euskaldunak izan behar du helburu».

ELAko Miren Zubizarretak gogorarazi du prozesua hasi zenetik sindikatuek hainbat ekarpen egin dituztela lege proposamenaren inguruan, eta salatu du ekarpen horiek ez dituztela aintzat hartu: «Aurreproiektuak ez du jasotzen zer norabide eman nahi zaion hezkuntzari, ez du egungo sare banaketa gainditzeko urratsik zehazten, murgiltze eredua alboratzen du, lan baldintzak aipatu ere ez ditu egiten, eta euskal curriculuma eta Euskal Herria erreferentzia izateko pausorik ez du zehazten».

Zubizarretak esan duenez, Hezkuntza Saila hainbat neurri hartzen ari da «sindikatuekin adostu eta negoziatu gabe», eta iragarri du ELAk ez duela inolako akordiorik babestuko baldin eta itun horrek ez baditu aintzat hartzen hezkuntza sistemaren eraldaketa eta langileen lan baldintzak.

Hamar aldarrikapen

Bukaerako ekitaldian, hiru sindikatuetako ordezkariek langileak zoriondu dituzte «Bilboko kaleak hartu eta haur eskola eta eskola publiko asko ixtea lortzeagatik». Haien ustez, hezkuntza lege berriak jaso beharko lituzkeen aldarrikapen nagusiak ere zerrendatu dituzte ekitaldian.

Hamar punturen bueltan osatu dute aldarria sindikatuek: Hezkuntza Legeak publikoa izatea «ardatz»; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio esparru eta araudi orokorra eta adostutakoa ezartzea; legea «propioa» izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa jasotzea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak ezartzea; hezkuntza sistemako langile guztien lana eta «lan baldintza egokiak» bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta lege parte hartzailea izatea, langileak aintzat hartuko dituena.

Amaieran, sindikatuek gogorarazi dute abenduaren 14an ere beste greba deialdi bat egingo dutela. Arratsaldean ere manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Eusko Jaurlaritzak ezarria zuengutxieneko zerbitzuek zenbatekoak izan behar zuten. Ikastetxeetarako sarbidea bermatzeko, grebak eragindako ikastetxeko eta eraikineko zuzendaritzako kide batek egon behar zuen, baita goizerako mendekoen kidegoko langile batek eta arratsalderako beste batek ere; Haurreskolak partzuergoan, zentrora sartzeko kontrola bermatzeko, ikastetxe bakoitzeko koordinatzaile batek edo haren ordezkoak egon behar zuen.

Gainera, «babesa eta osasuna bermatzeko», hezkuntza etapa bakoitzeko irakasle batek egon behar zuela ezarria zuen Hezkuntza Sailak, eta Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, matrikulatutako ehun ikasleko beste irakasle batek; eta hezkuntza bereziko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, ikasgeletako langileen erdiek lanera joan behar zuten.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hizpide izan du greba deialdia. Haren ustez, greba eguna hezkuntzarako «egun tristea» izan da, «mugatu» egin dutelako ikasleek hezkuntza garatu ahal izateko eskubidea.

Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, galdetu du deialdiak nori egiten dion «mesede»: «Hezkuntza sistemari, ez dut uste, eta ikasleei are gutxiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.