Maria Angeles Arbaizagoitia. Buru Osasuna Euskadi, federazioko presidentea

«Buru osasuna trenaren azken bagoian dago, eta bada garaia hori aldatzeko»

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun

Duela 35 urte sortu zen Fedeafes federazioa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan buruko gaitzak zituzten pertsonen eta haien senideen elkarteak biltzeko. Urteurrenarekin batera, izena aldatu diote taldeari, baina ohiko aldarrikapenei eutsi die Maria Angeles Arbaizagoitiak (Urduña, Bizkaia, 1947), Buru Osasuna Euskadi federazioko presidenteak: «Premia asko daude. Baliabide asko behar ditugu, egun daudenak baino askoz gehiago».

Ikusi gehiago: Adingabeen buru osasunaren arretan, hezkuntza arloarekin koordinatzea aldarri

Askotan aipatu da pandemiak kalte handia eragin duela gazteen buru osasunean. Zer ikusi duzue zuek elkarteetan?

Pandemiak azalera atera du elkarteetan aspalditik ikusten ari ginena, eta buruko gaitzak ikusgai egitera edo horien inguruan kontzientzia hartzera begira, positiboa izan da, baina agerian geratu da baliabide gehiago behar direla, inbertsio handiagoa: ez dago arreta zerbitzu nahikorik adingabeentzat. Izan ere, familiek gero eta laguntza gehiago eskatzen dute, eta eskoletan ere ez daukate erreferenterik.

Zer arazo mota atzematen ari zarete?

Gero eta kasu gehiago ditugu arazo psikotikoekin, antsietatearekin, hiperaktibitatearekin... Ikusten ari gara patologia asko azaleratzen direla alkoholaren edo beste substantzien kontsumoari lotutako arazoen bidez, eta horiek ere gero eta gazteago agertzen dira. Gainera, hezkuntza eremua oso garrantzitsua da: gauza asko gertatzen zaizkie hor umeei. Bullying-ak sekulako antsietatea eragiten die, adibidez, eta halakoei aurre egin behar zaie: eskoletan kasu horiek ondo detektatu behar dituzte.

Hain zuzen, koordinazio handiagoa eskatu duzue hezkuntza arloarekin.

Argi ikusten dugu irakasleek eta hezkuntzako langileek formakuntza behar dutela: denek ez dakite nola jardun halakoetan, eta sarri gainezka egiten dute. Baliabideetako bat izan daiteke eskoletan arduradun bat jartzea halako kasuak bideratzeko eta lantzeko.

Adingabeen arretaren arloan, zein dira gabezia nagusiak osasun eremuan?

Badaude protokoloak, baina ez dira nahikoa. Askoz handiagoa da ezkutuan den arazoa, jorratzen ari dena baino. Esate baterako, asko kostatzen da lehen arretatik psikologoaren edo psikiatraren kontsultara bideratzea, eta itxaron zerrendak luzeak dira. Argi dago profesional gehiago behar dela. Eta sare publikoan behar dira; bestela, pertsona batek presaz behar duenean laguntza, familiek eremu pribatura jotzen dute, arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko.

Denbora asko daramazue hutsune horiek salatzen. Aldaketarik izan al da azken urteetan?

Aldaketak egin dituzte, baina oso motel. Esaterako, eguneko ospitaleak sortu dira Araban eta Bizkaian, baina halakorik ez dago Gipuzkoan, eta ez dakigu toki nahikorik duten. Edonola ere, familiek argi dugu arreta baliabideak ez direla nahikoak.

Zer eskatuko zenieke gaur ekitaldira etorri diren erakundeei?

Baliabideak. Bestela, pertsonak galdu egiten zaizkigu; adibidez, patologia duala dutenek batzuetan tratamenduak uzten dituzte kontsumoen ondorioz. Hori guztia garaiz harrapatzea osasunean inbertitzea da. Horregatik behar ditugu askoz baliabide gehiago: buru osasuna trenaren azken bagoian dago, eta bada garaia hori aldatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.