Gaurtik, bizi eta prest. Hamabost eguneko ariketaz harago doan egitasmoa da Euskaraldia. Euskararen herria kalean ikusarazteko, komunitateko kideen arteko loturak sendotzeko, eta hizkuntza ohituretan eragiteko engaiamendu kolektibo itzela. Gaurtik eta abenduaren 2ra arte, euskaraz edonorekin, edonon eta edonoiz solastatzeko gonbita egin dute Euskaraldiaren antolatzaileek. Nor bere mailaren eta gaitasunaren arabera, ahobizi edo belarriprest, baina ahal den guztietan. Hasi da hitzez ekiteko garaia.
Atzo iluntzean egin zituzten Euskaraldiaren hasierako ekitaldi nagusiak Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Horiez gain, ordea, jarduera propioak antolatu zituzten herri eta eskualde askotan ere, hamabost eguneko ariketa sozialari ongietorria egiteko.
Euskaraldia «zutabe anitzeko egitasmoa» dela nabarmendu zuten Euskaltzaleen Topaguneko antolatzaileek atzo. «Erakunde eta norbanakoen elkarlanaren erakusle». Elkarlan horren isla izan ziren hiriburuetako ekitaldiak, bertan izan baitziren Euskaraldiko Koordinazio Mahaiko kide diren ordezkari politikoak ere.
Hala, Bilboko ekitaldian izan zen Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearekin batera. Nafarroako Gobernuaren izenean, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok egin zuen aurkezpena Iruñean. Eta Antton Kurutxarrik, EEPko presidente eta Euskal Hirigune Elkargoko Hizkuntza Politika lehendakariordeak, Baionako ekitaldian parte hartu zuen, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentearekin batera.
Iruñeko Zentral aretoa lepo bete zen, Euskaraldiaren hasiera ospatzeko. Ana Olloz gain, beste hainbat ordezkari politiko, sozial eta sindikal ere batu ziren festara. EH Bilduren izenean, han izan ziren Laura Aznal legebiltzarkidea, eta Joseba Asiron eta Maider Beloki zinegotziak. Geroa Baiko Maria Solana eta Mikel Asiain parlamentariek ere parte hartu zuten ekitaldian, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualderekin batera. Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizio sortu berriak ere ordezkaritza joria bidali zuen, Zentral aretoan izan baitziren Begoña Alfaro lehendakarigaia, Txema Mauleon Iruñeko alkatetzarako hautagaia eta Carlos Guzman Nafarroako Ezker Batuko koordinatzailea.
Hauspoa, herriz herri
Iñaki Sagardoi Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaileak hartu zuen hitza agertoki gainean, herriz herri eta eskualdez eskualde ariketa soziala antolatzeko lanetan aritu direnei eskerrak emateko: «Euskaraldia elkarlanean egiten den egitasmo erraldoia da, baina zuek zarete herrietan, bailaretan, eskualdeetan eta auzoetan euskarari hauspoa ematen diozuenak».
Goizean, Laba aretoan egin zuten aurkezpena Ana Ollo kontseilariak eta Oskar Zapatak, Topaguneko Nafarroako zuzendariak. «Euskaraldiak abagune ederra eskaintzen digu gure hizkuntza ohituren inguruan hausnartu eta urrats berriak irudikatzeko», azaldu zuen Ollok: «Norekin, noiz eta non saiatuko gara elkarrizketak euskarara ekartzen? Bi aste ditugu hitzez ekinda lorpen berriak izateko. Lorpen txiki, ertain eta handiak. Denak behar ditugu inertziak aldatzeko».
Horretarako, txapa erabiltzeko galdegin zuen Zapatak, «aurreko bi aldietan eginiko ikerketek erakutsi baitute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu zuela hizkuntza ohituren aldaketetan». Hain zuzen, txapa jantzita eman zioten hasiera Euskaraldiari atzo: 19:30ean, «txapa janzte» kolektiboa egin zuten hiriburu guztietan aldi berean.
Horren ondotik, musikak presentzia nabarmena izan zuen: Gasteizen, Dj Malandrok giroa goxatu zuen Jimmy Jazz aretoko ekitaldian, eta Lenoir & Micek kontzertu bat eman zuten Hala Bedi tabernan. Donostiako Bulebarrean, musika eta dantza herrikoien emanaldiaz gozatu ahal izan zuten parte hartzaileek. Bilboko Alondegian, berriz, Inun eta Yogurinha Borovak jarri zituzten lehen doinuak. Iruñean, berriz, Olaia Intziarte, Broken Brothers eta Dj Reimy aritu ziren.