250.000 bat biztanle ditu Lapurdik, eta 22 hilketa matxista 2003 eta 2018 bitartean—hemeretzi emakume eta hiru ume—, BERRIAk azaroan argitaratu hilketa matxisten mapak argira ekarri zuenez. Euskal Herriko hilketen %20 Lapurdin gertatu dira, biztanleen %8 dituelarik. 643.500 biztanle ditu Nafarroak, eta hamazazpi emakumeren hilketa. 719.000biztanle Gipuzkoak —zortzi emakumeren eta hiru umeren hilketa—. Bizkaiak 1.148.500, eta 39 hilketa —37 emakume eta bi ume—. Ideia ez da inkesta soziologiko edo antropologiko bat egitea. Funtsean, indarkeria matxista mundu mailakoa da, bortxaketaren kultura mundu mailakoa den bezala. Ideia da, izatekotan, zer egiten den erasoari aitzina hartzeko, zer prebentzio mota dagoen, kontzientzia hartzea zertan dagoen. Izan ere, kritika nagusietako bat da, oro har, kontzientzia hartzearen ahula izan daitekeela.
Veronique de la Deveze Zutik elkarte feministako kideak berresten duena. Eta antzera mintzo da Andree Diarte ere. Atherbeako langilea eta sexu erasoen aurka lan egiten duten egituren sarearen koordinatzailea da Diarte: «Kontzientzia politikoaren kulturak, militanteak egiten du, adibidez, Iruñean, sexu eraso bat salatu eta, ostalariek oren batez edariak zerbitzatzea ez onartzea. Hori Baionan ez du ostatu bakar batek ere eginen. Mentalitate aldaketa bat behar da hemen. Baionako bestetan ikusten dugu hori. Jendeengana goazelarik [prebentzioa egiteko], ezin sinetsia da bizi duguna. Jarrerak, komentarioak... Hor ohartzen zara gizarte mailako kontzientzia hartze horren beharraz. Gizarte mailako arazoa da».
Feminizidioak gertatu eta antolatu elkarretaratzeetan jende gutxi biltzen da, nahiz eta gero eta gehiago hurbildu. Martxoaren 8ak ere gero eta oihartzun handiagoa du, txikia izanik ere. Gaiaz ezin da lehen bezain errazki paso egin, oro har.
Baliabideak, eskas
Militanteak badira. «Ideiak baditugu baina besoak eta dirua eskas dugu», beti Diartek. Prebentzioan, argi. Frantziako Estatuak aurrekontu bat dauka horretarako, baina beti apaltzen ari da. 6.500 euro urteko. Koordinazio lana, biktimak hobeki lagundu eta prebentzioa segurtatu, hori dena 6.500 eurorekin egin behar du sareak. Orotako medikuentzako sentsibilizazio kanpaina bat eraman dute diru horrekin, besteak beste. Indarkeriak jasaten dituzten emazteak errezibitzen dituztenak baitira medikuak.
Elkarteetako militanteak joan dira atez ate. Baina erasoa jasan duen pertsonari medikuak erasoei buruz galderarik ez badio egiten, «edo galdera pausatzen badio ere, baina ez baldin badaki zer existitzen den egitura gisa, hor huts egiten da». Beste gabezia nagusietako bat polizia etxeetakoa ere bada. Salaketen inguruan izan daitekeen jarrera.
Salaketek jarraipengutxi
Gutxiengo batek du salaketa polizia etxeraino eramaten. Usu hori izaten da leporatzen zaiona biktimari, funtsean. Salaketa ezartzeak arazoa konponduko lukeelakoan. Bada, salaketa ekartzeak ez dio segurtatzen salaketaren jarraipena. Eta gehiago dena: salaketa hartzeko unean poliziarengandik jaso harrera txarrek areagotu traumen lekukoak hor daude.
Bi lekukotasun horren adibide. Biak anonimoak. Lehena bere senarrak eraso izana salatzera joan zen Miarritzeko polizia etxera, duela hilabete inguru. Emazteak ezin izan du salaketarik jarri, Poliziaren irudiko salatu gertakariak ez zirelako aski larriak. Gertakari liburuan idatzi zuen, besterik gabe.
Bigarren lekukoa duela bi urte eta erdi joan zen Baionako polizia etxera salatzera gizon batek behin baino gehiagotan bortxatu zuela. Berriki berriz deitu du Poliziak, inkesta abiatu duela erranez. Bi urte eta erdiren ondoren. Garai hartan zortzi orenez galdezkatu zuten. Bere «praktika sexualak» zein ziren galdetu zioten, besteak beste. «Soa aski gaiztoa ez» zukeela ere leporatu zioten. Poliziak, berriz, berak so gaiztoa zuela esan zion, eta ondorioz ez ziotela nehoiz erasotzen.
Bukaeran gomendatu zion ganibeta bat atxikitzea beti bere zakuan. Polizia joan zitzaion etxera argazkiak egitera. Mihiseak eta kulota atxikiak zituela abisatu zuen biktimak. Odola bazeukana. Poliziak erantzun zion ez zituztela behar. Ez zuela ezertarako balio. Odola hilekoaren odola izan zitekeela. Bota zituen.
Orain, inkesta berriz abiatu dutela, frogarik ez duela dio Poliziak. Geroztik jakin du jantziak eta mihiseak paperezko poltsa batean atxiki behar direla, DNA kontserbatzeko. Plastikoak ez duela balio.
Baionako ospitaleko ginekologoak azterketa egin zion ere garai hartan, baina hor ere gaizki tratatu zuten. Gainera, hartu zuen medikuak, min egin zion. «Traumari trauma gehitu dit medikuak. Ez da hain zaila bost minutu gehiago hartzea esplikatzeko zer egiten duen. Erakutsi, esplikatu, denbora hartu, bihotz onekoa izan». Kexatu zitzaion ere pixa ez zuelako egin ontzian: «Baina ezin nuen». Presio gehiegi, ingurumen arranguragarriegia.
Ospelak bazituen gorputzean, baina ginekologoak ez zien kasu egin. Tematu behar izan zuen bizkarrekoei begiratzeko. Begiratu zuen doi-doietarik. Baina zangoan zituenei ez. Froga horiek ere, orain, eskas. Lekukoak galdezkatu dituzte ere orain, baina horien oroitzapenak ere lauso.
Salaketak, argi izpi
Trauma horren guztiaren erdian, argi izpi bat. Ginekologoak jasanarazi tratu txarrak ospitaleko erabiltzaileen batzordean salatu zituen, eta entzun zuten. Kalte-ordainak jasotzeaz gain, ospitalean salaketak «electroshock»bat sortu zuela erran izan diote. Baionako ospitaleak protokolo bat plantan jarria du azkenaldi honetan, eta erreferente bat badu erasoetan berezitua. Biktimen harrera ona egiteko formatua eta formatzen duena.
Horrez gain, larrialdietako medikuntza zerbitzura deitzen delarik, normalki, bortizkeria zantzu bat hauteman bezain laster, deiari kasu berezia ere egiten diote. Nork hartzen duen deia, horren arabera, halere. Baina, normalki, horren aldeko lan bat egina da. Behin baieztatu dela ez dagoela indarkeria matxista baten aztarnarik, horretan bego. Baina hala bada, begirune berezia hor dago. Horrez gain, telefono bat Baionako ministerio publikoak uzten diena lanjerrean diren emazteei. Poliziari segituan deitu ahal izateko eta deia berehala tratatua izateko gisan. Mementoko bi dituzte banatuak.
Hainbat asmo gogoan
Bada nahikeria bat urrunago joateko ere: ospitale barnean zinezko biktimologia sail bat. Biktima guztientzat, baina kasu berezi bat eginez indarkerien biktimei. Ideia bada ere gaia menperatzen eta harrera egokia duen polizia erreserbista bat egotea ospitalean, lotura egiteko gisan polizia etxearekin, eta salaketa egiteko erraztasunak jartzeko. Psikologo bat nahiko lukete ere integratu zerbitzuan, baita idazkari bat ere egun osoan, eta ez ordu gutxi batzuk orain bezala. Biktimei laguntza juridikoa eskaintzen duen ACJPBren iraunkortasuna ere indartzea da xedea. Izan ere, gaur egun hori da arazoa. Laguntza, izan, badago, baina hobe bulego ordutegietan eskatzea. Astirietan, gauaz edo asteburuetan, eskaintza berezituak eskas dira indarkeriaren biktimei erantzuteko. Eta hutsegiteak izan daitezke.
Baina hor ere, baliabideak eskas dira. Diru laguntzen eskaera egin dute ospitalean zerbitzu berezi hori abian jartzeko, baina mementoko errefusa ukana dute. Bada ere beste gertakari hau: lanjerrean diren emazteentzako etxebizitza bat eskuratzeko Frantziako Estatuaren partetik 11.000 euro eskas zituen Baionako ministerio publikoak. Bada estatuak 3.800 euro zituen eman. Eta azkenean Euskal Elkargoak du ordaintzen alokairua. Joan den otsailetik alokatzen hasi dira egoitza, eta segituan agertu da haren beharra. Familia bat bizi da orain. Egoera egonkortu arte.
Beste hainbat egoitza
Etxebizitza horri gehitu behar zaizkio beste hiru egoitza, Atherbea elkarteak kudeatzen dituenak. Epe luzeagorako bati begira, zortzi leku, hiru emazte eta haurrentzat. Baina oraino eskas dira. Adibide bat ematearren: emazte batek 3919 telefono zenbakira deituz bere larrialdi egoera ezagutarazten badu, gizarte laguntzaile batekin harremanetan jarriko dute. Baina hor ere, bulegoko ordutegietan.
Hortik kanpo 115 zenbakira deitu beharra du, ordea. Etxerik gabeko guztientzat zenbaki bera. Jakinez, halere, diru kopuru bat indarkeria jasaten duten emazteentzat atxikia dutela. Diartek segurtatu du ez dagoela eskaerarik erantzun gabe gelditzen denik. Miarritzeko Gillesen etxea dago. Hor bada lan talde bat. Leku seguru bat ere da, nahiz eta mistoa izan eta ez berezitua. Hau da, egoera guztietako jendea da elkartzen han. Eta emazte batzuentzat ez da beti egokiena.
Hotela izan daiteke beste aukera bat. Baina hotel gutxirekin lan egiten dute egiturek eta hotelaren harrera ez da «gogobetegarria», Diarteren ustez. Baina arazoa da bakar batzuk direla onartzen dituenak. «Hain turistikoa da eremu hau». Gertatzen dena da hotelean ez dagoela profesionalik berehalako laguntza ekartzen ahal dionik. Emazteak eta batzuetan haurrak bakarrik dira hotelean, laguntza izpirik gabe. «Non jan dezakeen jakiteko ere. Hiru lau egun iraun dezake hotelean, justu orduan duelarik laguntza behar».
Eta gertatzen da bikotekidearengana berriz joatea. «Bortitza den bikotekide bat uzteko prozesuak denbora eskatzen du. Hasteko, bada arazo bat berehalakotasun horretan. Lehen memento horretatik beharko luke ukan psikologo bat, profesional batzuen laguntza. Eta ez da hala gertatzen». Iaz, 407 pertsona sartu ziren harremanetan indarkeria sexisten aurkako sareko elkarte batekin.
Indarkeria matxista. Lapurdiko egoera
Zenbakien itzalean
Euskal herritarren %8 bizi dira Lapurdin, baina feminizidioen %20 iragan dira bertan, 2003tik 2018ra. Erasoengatik salaketak jartzeko unean jasotako harrera txarra salatu dute bi biktimak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu