Meliton Manzanas. ETAk berariaz egindako lehen hilketak 50 urte

1968ko abuztu sargori hura

Bihar 50 urte beteko dira ETAk Meliton Manzanas Espainiako Poliziako inspektoreburua hil zuenetik. Garrantzi handia izan zuen gertaera hark, hildakoaren ezaugarriengatik —haren torturatzaile ospea ezaguna zen Gipuzkoa osoan— eta jauzi bat ekarri zuelako ETAren jardueran.

Meliton Manzanas polizia —aldameneko irudian— Donostiako Brigada Politiko Sozialeko burua zen; ezkerrean, haren hiletaren irudia; behean, hilketaren albistea, garai hartako zenbait egunkaritan. BERRIA.
gotzon hermosilla
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun

Beroa izan zen uda Euskal Herrian 1968an, baina abuztuaren 2 hartan euria goian behean ari zuen. Meliton Manzanas Espainiako Poliziako inspektoreburuak 14:00etan utzi zuen lantokia, Donostiako polizia etxean, eta autobusez joan zen Irunen (Gipuzkoa) zuen etxera, Villa Arana izeneko txaletera. Autobusetik jaitsi zenean, lasterka egin zuen geltokitik etxeko atarirainoko tartea, bota ahalean ari baitzuen. Eskaileretan, gazte bat zuen zain; ETAko kide bat, zazpi aldiz tiro egin ziona. Antza denez, beste bi etakide zeuden inguruan, zaintza lanetan. Denek ihes egin zuten, Manzanas eskaileretan zerraldo utzita.

Mende erdia igaro da hura gertatu zenetik, baina haren oihartzunak dozenaka urte iraun du. ETAk berariaz hildako lehenengoa izan zen Manzanas: modu antolatuan eta hiltzeko helburuz prestaturiko lehen atentatua izan zen haren kontrakoa. Propaganda armatuaren eta sabotaje txikien garaitik borroka armatu antolatu eta erasokorraren arora pasatzeko erabakia lehenagotik hartua zuen ETAk, baina abuztuaren 2 hartan gauzatu zuen. Eta urrats kualitatibo garrantzitsua egin zuen horrela, aurrerantzean ekiteko molde horrek definituko baitzuen erakundearen jardunbidea, harik eta 2011ko urrian jarduera armatua behin betiko baztertu zuela iragarri zuen arte.

Manzanas ez zen izan ETAren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazkaren lehen hildakoa. Pare bat hilabete lehenago, 1968ko ekainaren 7an, tiroketa bat izan zen Adunan (Gipuzkoa), Guardia Zibilak jarritako errepide kontrol batean; Jose Pardines guardia zibila tiroz hil zuten. Ordu batzuk geroago, ihes egindako etakideak atzeman zituen Guardia Zibilak, eta Txabi Etxebarrieta hil zuten. Manzanas hiltzeko erabakia Etxebarrietaren hilketari emandako erantzun gisa aurkeztu dute zenbait historialarik, baina jarduera armatuan beste fase batera igarotzeko erabakia lehenagotik hartua zuen erakundeak. Izan ere, Etxebarrietak berak parte hartu zuen ondorio hura ekarri zuen eztabaida prozesuan.

ETAren V. Biltzarra bi zatitan egin zuten. Lehenengoa Gaztelun (Gipuzkoa) izan zen, 1966ko abenduan, eta bigarrena, Getarian (Gipuzkoa), 1967ko martxoan. Ondorio garrantzitsu ugari ekarri zuen biltzar hark —besteak beste, ETAren lehen eszisioa, ETA-Berri izenekoa, geroago Komunistak izena hartuko zuena—, eta erakundea frontetan antolatzea erabakitzea eta borroka armatuaren aldeko hautua egitea ez ziren munta txikienekoak.

Batzarraren bigarren partean onartutako agirian, ETAk «nazio askapenerako euskal mugimendu sozialista» gisa definitu zuen bere burua, «ekintza-errepresio prozesua, goraka datorren kiribil baten antzo» hartu zuen borroka moldetzat, eta lau fronte eratu zituen: politikoa, ekonomikoa, kulturala eta militarra.

Hurrengo hilabeteetan, ETAk asko bizkortu zuen bere jarduera arlo guztietan, militarrean ere bai. Baina garai hartako jarduera militarra sabotaje ekintzak, leherketa txikiak, lapurretak eta antzekoak ziren. 1967ko maiatzean, esaterako, Sollube mendian (Bizkaia) iltzez josi zuten errepidea, Espainiako Itzulian parte hartzen ari ziren txirrindulariak handik igaro aurretik. Zenbait polizia etxeri, sindikatu frankistaren egoitzei, Mola jeneralak Bilbon zuen oroitarriari eta El Correo Español egunkariaren egoitzari eraso egin zieten lehergailuz, eta lapurretak egin zituzten Villabonako eta Aretxabaletako (Gipuzkoa) banku banatan.

Jauzia prestatzen

Baina horrelakoak egiten zituen bitartean, ETA bere burua prestatzen ari zen jauzia egiteko. Lehenengo armak iritsi ziren erakundera; ordura arte, 1936ko gerratik gordetako fusilak, laguntzaileren batek eskuraturiko pistolaren bat eta antzekoak izan ziren ETAren arma bakarrak. Garai hartan, baina, ETAko liberatuak —dozena bat inguru— armak aldean eramaten hasi ziren, defentsa gisa eta haiekin ekintzarik egiteko asmorik gabe.

«Goraka datorren kiribil baten antzo» irudikatzen zuen ETAk Espainiako Estatuaren kontrako borroka. Eta kiribila goraka zetorren: ETAk bere jarduera areagotzeaz batera, areagotu egin zen frankismoaren erantzuna. 1967ko azaroaren 7an tiroketa bat izan zen Derion (Bizkaia) Espainiako polizien eta ETAko kideen artean: Jesus Mari Bilbao atxilotu zuten, eta Txabi Etxebarrietak ozta-ozta lortu zuen ihes egitea. Pare bat egun geroago, Guardia Zibilak Mikel Iturbe 17 urteko gaztea hil zuen Zugarramurdiko mugan (Nafarroa), ETAko kidea zelakoan. 1967ko abenduan Markinan (Bizkaia) eta 1968ko martxoan Gasteizen egindako atxiloketetan, Espainiako poliziek tiro egin zuten, eta gutxik egin zuen hildako edo zauriturik egon ez zenean. «Zaila izango da 1968a hildakorik gabe amaitzea», esan omen zuen Etxebarriak hilik suertatu aurretik.

Kiribilaren zurrunbilo horretan, Espainiako indar armatuen kontra zuzenean jotzea zen ETAren asmoa. Etxebarrieta eta Jokin Gorostidi zortzi bat hilabetez ibili ziren Manzanas zelatatzen, hari buruzko informazioa bildu nahian; antza denez, kosta egin zitzaien Irunen Villa Arana topatzea. BERRIAk jakin duenez, Manzanas hiltzeko erabakia hartuta zegoen Benta Haundiko tiroketa eta Etxebarrietaren hilketa gertatu aurretik ere. Ondoren, ekainaren erdialdera, ETAren zuzendaritzak bilera egin zuen ostera ere, eta egoera berria aztertu ondoren, asmo horri eustea erabaki zuen.

Manzanas jopuntuan

ETAren hasierako asmoa zen aldi berean hiltzea Espainiako Poliziak Donostian eta Bilbon zituen Brigada Politiko Sozialetako bi buruak, Meliton Manzanas eta Jose Maria Junquera, hurrenez hurren. Azkenean, ideia baztertu behar izan zuten: abuztua izaki, Bilbotik kanpo zegoen Junquera, oporretan. Eta Manzanasen aurka egitera deliberatu ziren.

Manzanas aukeratzea ez zen ausazkoa izan. Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko burua oso ezaguna zen frankismoaren kontrako mugimenduetan. Meliton Manzanas Gonzalez Donostian jaio zen, 1909an. 1936ko estatu kolpea izan zenean, atxilotu egin zuten faxistekin harremana zuelakoan, baina Francoren armadak Donostia hartu zuenean askatu zuten, eta segituan matxinoen tropekin bat egin zuen, gerra amaitu arte. 1941ean Espainiako Polizian sartu zen. Ordurako, nazien okupazioa Ipar Euskal Herriraino iritsia zen, eta Manzanas Gestapo Alemaniako Poliziarekin elkar hartuta aritu zen muga zeharkatu nahi zuten iheslarien kontrako errepresioan.

Baina Manzanasen ospe beltza hurrengo urteetan iritsi zen, batez ere. Inspektoreburu gisa, gogor jardun zuen abertzale, komunista, anarkista eta gainerako antifrankisten kontra, eta hark eta haren menpekoek eragindako torturak oso ezagunak egin ziren Gipuzkoa osoan.

1961ean, Maria Mercedes Ancheta gazte venezuelarra atxilotu zuten, esku orriak banatzen ibili zelakoan, eta Manzanasek latz torturatu zuen. Venezuelako Gobernuak esku hartu zuen libre utz zezaten; azkenean, lortu zuen Venezuelara eramatea, baina han, 46 egun geroago, hil egin zen, torturen ondorioz. Jose Maria Quesada ETAko lehenengo kideetako bat ere 1968an hil zen, Manzanasek eta haren menpekoek urte batzuk lehenago egindako torturen ondorioak gainditu ezinik. ETAko kideek ez ezik, PSOEkoek, PCEkoek, langile mugimendukoek, jeltzaleek eta beste askok pairatu zituzten Manzanasen eta haren menpekoen metodoak.

Beraz, ez da harritzekoa Manzanasen hilketak lurrikara moduko bat eragitea 1968ko Euskal Herri hartan. Lurrikara indar antifrankisten artean, hildakoaren garrantziagatik, eta ETAren jarduteko molde berri bat iragartzen zuelako ekintza hark. Eta lurrikara, bereziki, frankismoaren aldeko indarretan.

Izan ere, hiletak zirela eta, erregimenak indar erakustaldia egin nahi izan zuen, eta Mugimendu Nazionalaren Gipuzkoako buruzagitzak —frankismoaren erakunde politikoa zen Mugimendu Nazionala, Falange Española eta JONS uztartzetik sortua— dei berezia egin zien kideei hara joateko. Hiletetan, arduradun politiko eta militarrez gain, falangista ugarik parte hartu zuten.

Ez zen hori izan frankismoaren erreakzio bakarra. Abuztuaren 16an, Espainiako Gobernuak salbuespen egoera ezarri zuen Gipuzkoan. Hainbat eskubide bertan behera gelditu ziren, eta polizia indarrei eskumena eman zieten atxiloketa prebentiboak egiteko eta atxiloaldiak mugarik gabe luzatzeko.

Abuztu sargori hartan, eta salbuespen egoera baliatuta, 600 lagun inguru atxilotu zituzten, eta haietako asko torturatuak eta espetxeratuak izan ziren. Errepresioak segida izango zuen hurrengo hilabeteetan, eta Burgosko auzia ekarri zuen ondoriotzat, 1970eko abenduan.

«Bi gauza gorroto zituen: Eliza eta demokrazia»

«Guk auzitara eraman genuen torturengatik»

«Ezin zuen ibili; bost aldiz galdu zuen konortea»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.