Beste 125 'jzioquitar' sarera

Etzidamu hasiko da Euskarabenturaren laugarren espedizioa. Aurten, diasporako bi gazte izango dituzte: Valentziako lagun bat eta Buenos Airesko bat. 400 kilometro egingo dituzte oinez, eta, guztira, Euskal Herriko 32 herritatik igaroko dira.

Beste 125 'jzioquitar' sarera.
ane insausti barandiaran
2023ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Pausoak helburu asko lortzeko eman litezke, eta indartsuagoak dira elkarrekin emanez gero: izan litezke Euskal Herria ezagutzeko, hizkuntza ohiturak aldatzeko, edo ekologiaren edo parekidetasunaren gisako balioak sustatzeko. Larunbatetik aurrera, bide horri ekingo diote Euskarabenturaren laugarren espedizioan parte hartuko duten 125 jzioquitarrek. Euskal Herriko 32 herritatik igaroko dira, eta 400 kilometro egingo dituzte oinez; beste 125 gazte batuko dira Euskarabenturaren sarera.

 

Askotariko errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak bizi dituzten 150 gazterengan utziko du aurten ere espedizioak lorratza. Zehazki, Bizkaiko 46 lagun, Gipuzkoako 30, Nafarroa Garaiko 26, Arabako hamabi, Lapurdiko bost, Nafarroa Behereko hiru eta Zuberoako bi pertsonarengan. Gainera, lau urteren ostean, euskal diasporako bi kide izango dira: bata, Valentziakoa (Herrialde Katalanak), eta bestea, Buenos Aireskoa (Argentina). «2019an izan genituen azkenekoz diasporako gazteak espedizioan, eta gogoz gaude biekin hilabetea pasatzeko», azaldu dute Euskarabenturako ordezkariek.

Urtero bezala, Maulen (Zuberoa) hasi eta Getxon (Bizkaia) amaituko da espedizioa, eta Donejakue ibilbideko hainbat bideri jarraituko diete. Zeharkatuko dituzten 32 herrietatik, zazpi lehen aldiz bisitatuko dituzte: Larzabale (Nafarroa Beherea); Irunberri, Urdazubi eta Urrotz (Nafarroa); Ataun (Gipuzkoa); eta Lekeitio eta Nabarniz (Bizkaia).

Bide horretan, euskal kultura eta osasuna, ekologia eta parekidetasuna bultzatzeko, hainbat geldialdi egingo dituzte: Ekaingo kobazuloan eta euskal kostaldeko geoparkean, adibidez. Euskal kulturako pertsona ezagunen bisita ere jasoko dute, haiek ezagutzeko.

Ikerlariak espedizioan

Aurten, EHUko ikerlari batek eta Iker eta CNRSko batek parte hartuko dute espedizioan: Azler Garciak eta Iñigo Urrestarazuk. Haien egitekoa gazteen ahoskeraren eboluzioa aztertzea izango da: «Ikusi gura dugu euskal gazteak —eta beste edozein hiztun komunitate— kontaktuan daudenean, zelan sortzen den berba egiteko modu komun bat. Ikertu gura dugu zer-nolako dinamikak sortzen diren berbetan, jendeak topo egiten duenean», azaldu du Garciak. Bestalde, Irati Fernandez euskara teknikaria ere espedizioan izango da, Euskarabenturak gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko jarreretan izandako eragina neurtzen.

Proiektua «egonkortuta» dago, Irune de la Maza koordinatzailearen arabera. Izan ere, 2020an ezin izan zuten espedizioa gauzatu, pandemiagatik, eta, 2021. urtean, ez zuten ohiko ibilbidea egin, leku finko batean egon baitziren. Iaztik, baina, jatorrizko erara itzuli da espedizioa: «Aurten, benetan normaltasunera helduko gara. Askatasuna izango dugu benetan nahi duguna egiteko, oztoporik gabe».

30 lagunek osatuko dute aurten lantaldea: xerpak, koordinatzaileak, medikuak, erizainak, gidariak, euskara teknikariak, argazkilari eta kamerariak, eta komunikazio arduradun bat izango dira kamiseta urdinarekin. Gainera, jzioquitar izandako asko lantaldeko kide bihurtu dira, eta horrek dituen onurak nabarmendu ditu de la Mazak: «Lantaldean aurretik espedizioan parte hartu duten hainbat gazte daude, eta horrek asko aberasten du, bai lantaldea, eta bai espedizioa».

Finean, jzioquitarren harreman sarea handitzen eta aberasten jarraitu nahi du Euskarabenturak, ahalik eta lotura gehien sortzeko. Helburu horixe izango dute aurten ere, koordinatzaileak adierazi duenez: «Gazteek ondo pasatzea eta Euskarabenturak bultzatutako harreman sarea josten eta indartzen jarraitzea da asmoa, beste 125 gazte batuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.