Sormen praktikarako argindarra

Dinamoa sormen guneak 1.400 metro koadro baliatzen ditu Azpeitiko Soreasu antzokiaren ondoan. Lehen jardunaldiak 2016an egin ziren, 2019an bukatu zituzten obrak, eta bihar egingo dute irekiera ofiziala. Udalak eta Kulturaz kooperatibak lau urterako lankidetza hitzarmena sinatu berri dute.

Horman Poster antzerki kolektiboak Souvenir obra estreinatzeko asmoa du urrian. Dinamoan sormen lanean aritu dira, eta lehen prestaketak jendaurrean erakutsi zituzten Azpeitian. KULTURAZ KOOPERATIBA.
Gorka Arrese.
Azpeitia
2021eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Dinamoa sormen gunearen irekiera ofiziala egingo dute bihar Azpeitian (Gipuzkoa), Soreasu eraikinean, antzokiaren aldamenean. Sorkuntza eta transmisio prozesuak lantzeko espazioa, tailerra eta laborategia da aldi berean Dinamoa. Bi solairu dauzka: behealdean, harrera eta topagune aretoak; eta lehen estaian, lau leku zabal: Hitzaren, Irudiaren, Gorputzaren eta Soinuaren eremuak. Denera, 1.400 metro koadro inguru ditu, gutxi-asko honela banatuta: 180 metro koadro behealdeak, 200 Hitzaren Eremuak, 300 Irudiarenak, 320 Gorputzarenak, 400 Soinuarenak; barnean dira atseden lekuak, gelak, komunak, eskailerak, igogailua eta abar.

Azpeitiko kultur taldeen artean Kultur Mahaia izeneko organo bat sortu zen 2006an, eta hartan parte hartu zuen udalak ere. «Diagnosi bat egin zen orduan», azaldu dio BERRIAri Kulturaz kooperatibako Xabier Aranbarrik (Azpeitia, 1970). «Kultur espazioen premia larria zegoela herrian, hori izan zen lehendabiziko ondorioa, begien bistakoa. Eta bigarrena izan zen herriko taldeek elkarrekin lan egiteko batu egin behar genuela».

Horrenbestez, kooperatiba bat sortu zen, herriko plazan bertan Sanagustin kulturgunea zabaldu zen 2011ko uztailean, eta 2014an bere gain hartu zuen Soreasu antzokiaren kudeaketa ere.

Gaur egun, Kulturaz kooperatiba 23 taldek, 169 norbanakok eta 24 langilek osatzen dute, eta, beraz, batez beste, 825 laguneko elkartea da. Mugimendu artikulatu horrek kultur arloan jarduteko moduak zeharo aldatu ditu Azpeitian.

«Zertara iritsi ginen aztertzeko elkartu ginen berriro 2015ean», gogora ekarri du Aranbarrik. «Denbora gutxian kultur egitarau zabala eta ikusgarritasuna lortu genituela konturatuta geunden, baina sorkuntza eta transmisio prozesuetarako tresnaren baten premia geneukala iruditu zitzaigun». Horri ekiteko enkargua egin zien udalak Kultur Mahaiari eta Kulturaz kooperatibari. Eta handik dator Dinamoa sormen gunearen proiektuaren abiatzea.

Soreasu eraikinean serigrafia eta koadernaketa tailerrak egiten hasi ziren 2016tik aurrera. Jardunaldi batzuetan solastatu ziren Azalako Idoia Zabaleta, Uharte zentroko Oskia Ugarte, Tabakalerako Ana Agirre, Borderline Fabrikako Ixabel Millet eta Koldo Izagirre idazlea. Hitzaldiak egin zituzten Hedoi Etxarte idazleak eta Mursego eta Maite Larburu musikariek. Bego Vicariok Beti bezperako koplak animazio filma erakutsi zuen. Laboaldia egin zen herrian. Hiru lore beltz ikuskizuna prestatu zen. Eta, Kultur Mahaiak eskatuta, sormen gune baterako espazioa egokitzen hasi zen udala.

DINAMOA OSATZEKO OBRAK

Antzokiaren ondoan, Soreasuko eraikinean obrak egiten hasi ziren 2018an, eta 2019ko irailean Dinamoa sormen guneak hiru eremu ireki zituen, Xabier Gantzarainek eta Aitor Bengoetxeak gidaturik, lan egitarau propioarekin: Hitzaren Eremua, Gorputzaren Eremua eta Irudiaren Eremua.

Mugimendua indar eta indarra argi bihurtzeko tresna da dinamo bat. Sormen diziplina eta adierazpen guztiei bide emateko laborategia izaten ari da Azpeitiko Dinamoa. Sortzaileek lan egiteko lekua da, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko tailer bat, babesa eta giro aproposa eskaintzen dituena.

Laster ekingo diete Soinuaren Eremua atontzeko obrei. Laugarren eremu hori oraindik ez dago egokiturik, nahiz eta alor horretan lan esperientziak izan diren dagoeneko: Testura eta Desgaraian taldeak, edo Ander Fernandezen eta David Aguilarren Tximista beti hor proiektua. Eta oraintxe martxan da Oihartzunak / Ressonances egitasmoa, Kataluniako Verga herriko Konvent sormen gunearekin batera lanean hasita baitaude Amorante musikaria eta Los Sara Fontan.

HITZAREN EREMUA

Sormen lanaren ardatzean hitza duten jardunentzat pentsatuta dago Hitzaren Eremua. Aurten, irailean, Hitzaren Eskola izeneko egitarauaren hirugarren aldiari ekingo diote. Irakasle lanetan ariko dira Koldo Almandoz, Miren Artetxe, Amets Arzallus, Mari Luz Esteban, Oier Guillan eta Ula Iruretagoiena. Aurreko ikasturtean izan ziren Iñigo Aranbarri, Maddi Barber, Haizea Barcenilla, Andoni Egaña, Xabi Erkizia eta Arantxa Iturbe. Eta estreinako aldian, 2019an: Lorea Agirre, Irene Arrarats, Harkaitz Cano, Igor Elortza eta Miren Gaztañaga.

Eskola hauetako ekitaldi irekietan jendaurrean parte hartu dute, besteak beste, Iñigo Astizek, Antton Olariagak, Maider Oleagak, Anjel Lertxundik, Josu Zabalak, Idurre Eskisabelek, Oskar Alegriak, Peru Galbetek eta Mursegok.

Bien bitartean, Gure mintzak proiektua lantzen dihardu Dinamoak. Eskualdean hitz egiten diren hamabi hizkuntzen aniztasuna eta jatorri ezberdineko herritarren kultur aberastasuna saretzeko egitasmo bat da.

GORPUTZAREN EREMUA

Gorputza da arte bizien muina eta arrazoia. Dantza, antzerkia, zirkua, clowna eta bestelako adierazpide eta proposamen eszenikoentzat leku handia dute hasieratik Dinamoan, eta aldamenean dago Soreasu antzokia, gainera.

Amancay Gaztañagarekin antzerki-sormen laborategia egin izan da; eta Xanti Agirrezabalarekin eta Alaitz Olaizolarekin, gaztetxoentzako teatro tailerrak.

Egonaldiak eta prestakuntzak egin dituzte antzerki talde askok: Horman Poster kolektiboa, Atx Teatroa, Formol Laborategia, Bonbonbeltz konpainia, Kamikaz kolektiboa, Ze Onda.

IRUDIAREN EREMUA

Arte garaikidearen Artium museoak Dinamoko serigrafia tailerra aukeratu du, Antonio Ballester artistak maiatzean 30 metro luze eta lau metro garai den mural erraldoia ekoizteko. Hilabete honen amaieran paratuko dute Gasteizko erakusketan.

Alaitz Alberdirekin eta Joseba Agirrezabalagarekin Labana eta orbana arte grafikoen esperimentazio tailerra izan da. Eta Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabarrek eta Mariñe Arbeok Badirudi tailerra eskaini dute, Maite Mutuberria gonbidatu gisa ekarrita.

Dapa euskarazko ikus-entzunezkoak ekoizten ere ari dira, sormen esperientzia batzuen kontakizuna egite aldera. Dinamoaren webgunean ikusten ahal dira bideo horiek, eta baita BERRIAren kultura atarian ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.