Aitor Frantzesena. Surflaria

«Hain gaizki pasatu eta gero, bizitzeko gogo handiagoa duzu»

Koronabirusak jota, gorriak ikusi ditu Frantzesenak. Egunez egun indarberrituz doa, eta Munduko Txapelketan bigarrenez lortutako garaipenaz gozatzen ere hasi da dagoeneko. 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoak ditu begiz joak.

BASQUE TEAM.
Mikel O. Iribar.
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Garai oso laburrean txanponaren bi aldeak bizitzea suertatu zaio Aitor Frantzesena Gallo surflariari (Zarautz, Gipuzkoa, 1970). Martxoaren 14an Munduko Surf Egokituko Txapelketa irabazi zuen bigarrenez, itsuen kategorian, La Jolla hondartzan (Kalifornia,AEBak). Pozak, ordea, nahi baino gutxiago iraun zion, etxera bueltan koronabirusa izan baitzuen. Momentu «gogorrak eta latzak» izan dituen arren, adorerik eta kemenik ez zaio falta izan egoera gainditzeko.

Zer moduz zaude?

Zezena bezain indartsu nago. Kamioi bat nire aurrean egongo balitz, irauli egingo nuke [barrez]. Oso ondo sentitzen naiz, eta horrek izugarrizko poza ematen dit. Hain gaizki pasatu eta gero, bizitzeko gogo handiagoa izaten duzu.

Kaliforniatik etxerako bidean hasi zen amets gaiztoa. Nola oroitzen duzu?

Susmoa daukat Kaliforniara joan aurretik Madrilgo aireportuan kutsatu nintzela. Itzulerako hegazkina Kanadatik hartu behar genuen, eta, aireportuan geundela, bat-batean hezurretaraino izugarrizko hotzikara sartu zitzaidan. Sukarra ere altua nuen. Ibuprofeno bat hartu, eta horrela itzuli nintzen etxera.

Etxera iritsi, eta neurriak berehala hartu al zenituen?

Uxue alabari esan nion badaezpada ez etortzeko etxera, gaixo nengoelako. Unerik okerrenak 04:00etatik 08:00ak arte izaten ziren, sukarra orduan izaten bainuen altuen. Horrez gain, beherakoa eta gorputzeko mina nituen. Zazpi egun eman nituen horrela, lorik egin gabe. Egoera horretan, Zarauzko anbulatoriora hainbatetan deitu nuen.

Eta zer esaten zizuten?

Bakarrik telefono bidezko arreta eman zezaketela. Anbulatorioaren aldamenean bizi, itsua izan eta gorputzeko tenperatura hartzeko gai ez izan arren, ez zen inor etorri. Amorrua eragin zidan horrek.

Zure arrebaren bitartez, beste bide bat hartu zenuen ondoren, ezta?

Sukarrarekin hamabi egun neramatzala, Gipuzkoako Poliklinikara deitu, eta ospitaleratu egin ninduten. Analisietan positibo eman nuen. Han nengoela, medikuari galdetu nion: «Hemendik aterako al naiz?», eta hark baiezkoa esan zidan, bularrean bi kolpetxo emanez: «Ez zara inora joango, lasai». Bost egun pasatu nituen ospitaleratuta. Oso ondo artatu ninduten.

Une hartan edozer igaroko zitzaizun burutik, ezta?

Hain gaizki nengoen, ez bainekien handik aterako nintzen. Ezjakintasun eta ziurgabetasun horrek beldurra ematen zidan. Alabaz gogoratzen nintzen, lagunez, lanaz... Tristea izango zen nire bizitza horrela amaitzea. Bizitzako unerik okerrena izan zen.

Osatu ostean, alabarekin eta senideekin egoteko aukera izan al duzu?

AEBetara martxoaren 5ean joan nintzen, eta ordutik ez naiz haiekin elkartu; telefonoz bakarrik. Denbora igaro da, baina neurriak hartu behar dira. Nire arrebek eta koinatuek etxeko atarian uzten didate janaria. Asko eskertzen diet, benetan. Ea hilabete honen amaieran haiekin egoteko aukera dudan.

Halere, egin duzun balentria inork ez dizu kenduko. Bigarrenez munduko txapeldun izatea lortu duzu. Bada zerbait, ezta?

Zoriontsu eta harro sentitzen naiz lortutakoaz. Azken batean, babesleak ditut, eta asko laguntzen naute. Horregatik, urte osoan jasotakoa nolabait haiei itzuli nahi nien, zerekin eta munduko urrezko dominarekin. Garaipen honekin, esker ona adierazi nahi diet Bat Basque Team-i, Kirolgiri, Pukasi... eta beste hainbat babesleri.

Lehiaketako une gogoangarririk baduzu?

Finalaren amaieraren klaxona entzun nuenekoa. Gorputzean nuen indar guztia hustu nuen, pozaren pozez.

Txapelketa irabazteko presiorik sentitu zenuen?

Beti daukazu presioa. Lau urte ziren ez nuela Munduko Txapelketa irabazten. 2017an eta 2018an hirugarren eta laugarren postuan amaitu nuen, hurrenez hurren. Munduko lehena izatea, ordea, bat eta bakarra da. Gainera, lorpen horrek balio erantsia du desgaitasunen bat dugun kirolariontzat: erronka lortzeko egunero prestatzeak bizipoz izugarria ematen dit.

Azken urteetan, Nazioarteko Surf Elkarteari behin baino gehiagotan eskatu zenion Munduko Txapelketan kategoriak ongi bereizteko. Azkenean entzun zaituzte.

Aurreko urteetan, erabat itsuak garenak eta zerbait ikusten dutenak batera lehiatzen ginen. Ez zen bidezkoa hori. Nazioarteko Surf Elkarteari eskaera egin nion kategoriak behar bezala mugatzeko. Garbi esan nien: «Surfean aritzeko kalitatea hobetu dezaket; ikusmena ez, ordea». Zorionez, eskaera onartu zuten, eta egoera horretan ikusi da olatuetan nor ibiltzen den ondoen.

Caddie gisa jarduten direnak une oro lehiakideen ondoan egoten dira. Zer-nolako eginkizuna izaten dute?

Guretzat pertsona oso garrantzitsuak dira. Nire kasuan, Lucas Garcia asturiarra dut alboan, surflari oso ona izandakoa [2009an Europako txapeldun izan zen]. Esperientzia handia du, eta begirada zorrotza, laser baten antzekoa. Egoera ezberdinei aurrea hartzen die, eta azalpenak hitz gutxitan ematen ditu. Olatu bakoitzak dituen xehetasun guztiak oso ondo irakurtzen ditu. Zergatik? Olatu ezberdin askotan aritu delako surfean.

Garaipen zerrenda oparoa duzu. Aurtengo urrezko dominaz gain, 2016an munduko txapeldun izan zinen, 2017an hirugarren, 2018an laugarren, eta iaz Europako eta Espainiako irabazle. Jabetzen zara lortutakoaz?

Ez nuen pentsatzen inondik inora bizitza osoan horrelako lorpenak eskuratuko nituenik. Bat-batean itsu geratu nintzen, eta uste nuen ezingo nuela surfean aritu. Baina argi ikusi da egin dezakedala; munduko txapeldun izan berri naiz, bigarrenez.

Garaipen horiek nondik etorri dira?

Lana ahalik eta ondoen egitetik etortzen dira lorpenak. Horrekin geratzen naiz. Bidaiaren amaieran ez dut pentsatzen, baizik eta unean uneko gauzetan lanean dihardut. Ikusiko dugu ea noraino irits naitekeen.

50 urte dituzun arren, atzetik datozenei gauzak zail uzten dizkiezu. Sasoiko zauden seinale da hori?

Ahaleginak egiten ditut sasoi puntuari eusteko. Posible badut, datozen hamar urteetan gerra ematen ahaleginduko naiz. Gogorra izango den arren, horrelako erronkek motibatu egiten naute.

Surf egokitua lehen aldiz izango da 2024an Parisko Paralinpiar Jokoetan. Begiz joa duzu?

Nire ibilbide profesionala amaitzeko eta biribiltzeko, izugarria izango litzateke Jokoetan urrezko domina lortzea. Ikusiko dugu hemendik lau urtera gorputzak nola erantzuten didan, baina, kosta ahala kosta, Jokoetan egon nahi dut.

Eta ametsik baduzu etorkizunerako?

Nire alabak bere bi begiekin aita hirugarrenez munduko txapeldun dela ikustea gustatuko litzaidake. Munduan gehien maite dudan pertsona da, eta izugarria izango litzateke.

Argi dago ikusmen faltak ez dizula inolaz ere apaldu surfari diozun pasioa. Zer eman dizu surfak?

Asko eman dit; surfa nire bizitza da, odolean daramat aspalditik. Kresalaren dosirik ez badut, ez naiz ondo sentitzen. Itsasoko drogazaleak bezalakoak gara. Benetan bizi duenak ezin du surfik gabe bizi.

Alderantziz ere, zuk surfari asko eman diozu, ezta?

Surfa zaletasun moduan hartzen duenak ez du surfa guk adina biziko. Alderdi askotan aitzindariak izan gara. Kirol honengatik dena eman dugu; fanatiko hutsak gara. Zarauzko malekoian surf eskola bat ireki behar genuela eta, jendeak harriduraz hartu zuen. Barre ere egiten ziguten, esanez ezingo ginela hari esker bizi. Hasieran, ikasle oso gutxirekin hasi ginen, baina gero 150 ikasle izaten genituen egunero. Unean-unean, kirol honetan beti egon da jendea ahal duen guztia emateko prest. Guztion lanari esker, surfa orain dagoen tokian dago. Inor ez da bestea baino gehiago.

Zarautz eta surfa eskutik doaz. Zein da gakoa?

Zarautzen faktore asko une egokian batu dira: enpresak, dendak, turismoa... eta herria bera, hori da garrantzitsuena. Herritarrei esker lortu da Zarautz dagoen tokian egotea, eta ni bat gehiago izan naiz, besterik ez.

Top44ra surflari bat [Aritz Aranburu] igo duen entrenatzaile gipuzkoar bakarra zara. Zer sentiarazten dizu horrek?

Entrenatzailearen lizentzia atera nuen, eta gaztetxo batzuk hartu nituen. Aurrera eraman nuena Aritz Aranburu izan zen, esfortzu handiena egin zuen bakarra hura izan baitzen. Munduko onenen artean lehiatzen ikustea eta entrenatzaile gisa aritzea handia eta polita izan da. Ni irakasteko nengoen, eta bera, berriz, egiteko.

Telebistan ere behin baino gehiagotan ikusi zaitugu. Aspaldian Gure Kasa saioan ari zara. Zer moduz?

Jada hiru urte daramatzat kolaboratzaile lanetan, eta oso gustura nabil. Lan giro itzela dugu. Halere, behin baino gehiagotan gaizki pasatu dut, euskaraz ez bainaiz oso ongi moldatzen. Ahaleginak egiten ditut nire lana ahal dudan ondoen egiteko.

Pertsona alaitzat zauzkate denek. Animorik ez zaizu falta?

Alabari hiru aholku ematen dizkiot: batetik, bizitzako lehen gauza zoriontsu izatea dela; bestetik, beti ezin dela norberak nahi duena lortu; eta, azkenik, pertsona ona izan behar dela, jendeari lagunduz. Balio horiek irakatsi nahi dizkiot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.